Desatada, soken eredua bazter uzteko

Osasun mentaleko diagnostikoa jaso duten hainbat lagunek Desatada elkartea sortu dute Nafarroan, gaur egungo arta eredua iraultzeko eta pertsona erdigunean jartzeko.

Iazko urriko osasun mentalaren eguneko protesta, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iazko urriko osasun mentalaren eguneko protesta, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2026ko apirilaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gauza batzuk aldatu direla, bai, baina bertze anitz ez; Nafarroako ospitaleratze psikiatrikoko unitateetan jendea ohera lotzen segitzen dutela, indarkeria baliatzen buruko osasunarekin lotutako diagnostiko bat dutenen kontra. Horixe nabarmendu du Noemi Sollak, Desatada elkarteko kideak. Sufrimendu psikosozialeko esperientziak izan dituzten hainbat lagunek sortu dute Nafarroan, bertze eredu baten alde lan egiteko, eta diagnostiko bat dutenen eskubideak berma ditzatela exijitzeko. «Krisiak ezin dira indarkeriarekin konpondu».

Sollak ederki daki zertaz ari den, Poliziak bere etxeko atea behera bota baitzuen krisi psikotiko batek jo zuenean. Ohera lotu zuten ospitalean, eta tratamendu gisa eman zioten botikak, berriz, «ia zonbi bat» bilakatu zuen. Orain ongi dagoela nabarmendu du; ikasi duela bere burua zaintzen eta dagozkion eskubideen alde borrokatzen. «Buruko osasunarekin lotutako diagnostiko bat jasotzen duzunean, haur bat bazina bezala tratatzen zaituzte, eta zure hitzak ez du balio. Estigma handia da oraindik ere», erran du.

Mejoranatik Desatadara

Sufrimendua dago diagnostiko bat jaso dutenen bidean, eta estigma elikatzen duten aurreiritziek eta estereotipoek suari egurra eman bertzerik ez dute egiten. Desatada elkarteko kideek garra itzaltzeko egin nahi dute lan. Ez da gisako talde bakarra herrialdean: Mejorana ere diagnostiko bat dutenek sortua da, eta osasun mentaleko eredua iraultzeko urratsak egiten ari da. Desatada sortu dutenak, hain zuzen, Mejoranako kide izan ziren. «Ez ginen elkartearen norabidearekin ados, eta bertze talde bat sortzea erabaki genuen. Aurtengo Harrotasun Eroa, halere, elkarrekin prestatzen ari gara», zehaztu du Sollak.

Burgosko Unibertsitateko (Espainia) Rebeca Zabaleta nafarrak sortutako Lagun nazazu programak sortu zuen Mejorana bitan zatitzea. Zabaletak ordainik jaso gabe utzi du bere programa garatu nahi izan duten erakundeen esku. Nafarroan hainbat aldiz egin dute jada, eta formakuntza horri esker, hain zuzen, berdinen arteko laguntza agenteak trebatu dira. «Burgosko Unibertsitatearekin batera, hainbat erakunde aritu dira programa garatzen, tartean Mejorana. Nafarroan ez, baina bertze hainbat tokitan, industria farmazeutikoa aritu da programa babesten. Guk ezin dugu horrelakorik onartu», esplikatu du Sollak.

Harrotasun Eroaren Eguneko elkarretaratzea, iazko ekainean, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Harrotasun Eroaren Eguneko elkarretaratzea, iazko ekainean, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Farmazeutikek indar handia dutela azpimarra du Desatada elkarteko kideak, eta osasun mentalaren esparruan diagnostiko bat dutenek hartzen dituzten botikek era askotako ondorioak eragin ditzaketela salatu: «Industriaren helburua dirua irabaztea da; farmazeutikek zehazten dituzten dosirik txikienek ere xede hori dute, eta ez dute kontuan hartzen dosi berak batzuengan eta bertzeengan eragin ezberdina izan dezakeela. Ni, dosirik txikienarekin ere, zonbi baten antzera egoten nintzen».

Sollak botikak uzteko bidea hasi zuen duela hainbat urte, eta ongi dagoela nabarmendu du. Bere buruaren jabe dela berriz ere. Zehaztu du, gainera, botikak «tirita bat» direla: «Sufrimenduaren errora jo behar dugu osasun mentalaren auziari heltzeko».

Bertzelako bideak

Izenaren bidez, diagnostiko bat dutenen eskubideen alde lan egin nahi duela garbi utzi du Desatada elkarteak. Indarkeriarik gabeko arta nahi dute osasun mentalaren esparruan. Bertzelako bideak badirela azaldu du Sollak, eta bide horiek sustatzeko eskatu dio administrazioari, bertzeak bertze, Finlandian garatutako elkarrizketa irekiarena.

Elkarrizketa irekiaren bidez, harreman horizontalak bilatzen dituzte profesionalen eta sufritzen ari direnen artean, hain zuzen. Zenbait profesional aritzen dira, elkarrekin; sufritzen ari denaren lagunek eta senideek ere parte hartzen dute. Dena hitz egiten da sufritzen ari denaren aurrean, eta harekin adosten dira egin beharreko urratsak.

«Diagnostiko bat jasotzen duzunean, haur bat bazina bezala tratatzen zaituzte; zure hitzak ez du balio»

NOEMI SOLLA Desatada elkarteko kidea

Berdinen arteko laguntza ere bultzatu behar dela erantsi du Sollak, eta, batez ere, diagnostikoa dutenen ahotsa nabarmendu. «Entzun behar gaituzte; gizarteak entzun behar du diagnostiko bat dugunok zer dugun errateko». Diagnostiko batek etiketa bat ezar dezakeela salatu du, eta osasun mentalaren esparruan lan egiteko arlo soziala kontuan hartzea «ezinbertzekoa» dela azpimarratu.

Desatada eta Mejoranako kideak aurtengo Harrotasun Eroaren Eguna prestatzeko lanetan murgildu dira jada; maiatzean egitea da asmoa. Karrikara atera nahi dute, eta buruko osasunaren auziaren inguruko gogoeta sustatu. Azken boladan garai batean baino gehiago hitz egiten da osasun mentalari buruz, baina horrek ez du bermatzen auziari behar bezala heltzea. Horixe uste du Sollak, behar dela sufrimendu psikosozialeko esperientziak izan dituztenei hitza ematea, eta zer behar duten entzun. Sufrimenduak aurpegi anitz ditu, depresioaz edo antsietateaz harago, eta guztiak ezagutu behar dira auziaren errora ailegatu ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA