Azken asteotako hedabideetan gaurkotasunaren jakinaren gainean egoteko berrien irakurketaren giza ariketa errutinazkoan, albiste zein baino zein etsigarriagoak bata bestearen atzetik, halako batean, Anari eta Belakoren perlatxo honekin egin nuen topo; kasualitatea (edo ez) nola den, ia une berean ari zen gertatzen Loiukoa, alegia, Global Sumud flotillakoei Ertzaintzak egindako ongietorri beroarena. Deus ex machina? Ez da izango?!
Ilobak, txikitan, ikastolan edo han-hemen gertatzen zitzaizkion gauzak, haurra izatearen berdetasunetik, berealdiko zer edo zer balira bezala ia sekretupean kontatzen zizkidanean, ni bere maila berera egokituta, eta harridura plantak eginda, «Ene! ez da izango?» galdetzen nionean berak erantzun: «Izan da». Bada, honetan ere, berdin, «izan da». Deus ex machina (?). Harridura berdaderoa honokoan, inolako plantarik gabekoa.
Bide batez, espresioaren jatorria arakatzeari heldu nion, halako une magikoari nolabait zentzua emate aldera: grekotik heldu da, zehazkiago, Greziako antzerki klasikotik. Guztia egosia dago jada (inork ez dakien nonbaitetik datorren energia antzeman-ezinezko batek eraginda) izan liteke itzulpenaren hurbilpen bat, neure interpretazio propioa ere gehituta. Interesgarria iruditu zait, ohartu naizenean euskaraz deus-ek ezer esan nahi duela, eta, berriz, grekeraz, guztia; atrebentzia gehiegirekin lepoa ipiniko nuke (ez bainaiz aditua) deus, gazteleraz dios eta euskaraz jaungoikoa litzatekeela. Euskarak hizkuntza klasikoetatik jasotako ordainenak ere badauka bere zera: deus hitzaren antzeko gogoeta espirituala sortzen bait dit esaterako sekula ordainak, alegia, inoiz ez vs betirako, eternitate osorako alderatzeak. Itzulpenetan sartuta, Jaungoikoa da guztiaren makina, leporik gabe eta infernuaren garretan kiskalita bukatu dezakedalakoan nago; sarritan daukat irudipena euskaldunon patua horixe bera dela. Eskerrak machina euskaraz ere makina esaten denez, punta-puntako makinak asmatzen eta sortzen, horretan behintzat ospe ezin hobea dugula euskaldunok; gizakiaren bizi kalitatea hobetzean egindako ekarpen horrek salbatuko gaituela sinetsi beharko dugu.
Artean, iloba handitzen doa eta ohartzen txikitan sinetsarazi genion mundu zoragarri horren istorioarena horixe besterik ez zela, ipuin bat
Krispetak hartuta, Euskaldunak, euskara, espiritualitatea eta munduaren egoera izenburu lukeen eta zientzia fikziozkoa izan zitekeen filmari so, otutzen zait Mixel Labeguerieren xoroari, xoriei, errekari, oihaneko zuhaitzei eta zeruko izarrei mintzo zitzaien hari, galdetuko niokeela, ea berak nola azalduko ligukeen filmaren funtsa. Ez dakit Oteiza eta bere hamalau apostoluen aipamenik egingo ote zidan eta bide batez, ohartaraziko haiekin ere adi ibiltzeko. Nazkatzen hasita ez ote dauden susmoa baduela.
Artean, iloba handitzen doa eta ohartzen txikitan sinetsarazi genion mundu zoragarri horren istorioarena horixe besterik ez zela, ipuin bat; fikziozko bestseller izan zitekeen eleberri edo zientzia-fikziozko filma, batek daki nork, non, nola eta zertarako ekoitzia eta hedatua.
Halako batean berak atzera egingo dit itauna niri: «Ez da izango?», eta nik erantzun beharko, «Bai, izaten ari da», Deus ex machina.