Ebro ibaiaren eskuinaldean dagoen ibaiadarretako bat da Alhama. Izena arabieratik dator, al-hamma hitzetik. Horrek ur termalei edo horiek dituzten tokiei egiten die erreferentzia. Nafarroan, hain zuzen ere, Fiteroko bainuetxearen ingurutik igaro da ibaia. Herri horrez gain, Cintruenigo eta Corella ere zeharkatzen ditu Nafarroan. Dena den, gaur egun egoera ekologiko «penagarria» du erdiko eta beheko ibilguetan.
Hala salatu du Ekologistak Martxan taldeak. Adierazi du Alhama ibaiak ez duela emari ekologiko egokia bertan dauden espezie «garrantzitsuak» hazi ahal izateko. Besteak beste, bisoi europarra aipatu dute, zeina Nafarroan «galtzeko arriskuan» dagoen. Horrez gain, talde ekologistak dio ibaia «gehiegi ustiatzen» dutela «zenbatu ezin diren» presa txikiekin. Horiek ura kentzen diote Alhama ibaiari, gero ureztapenetan erabiltzeko. Nekazaritza jardueretatik eta herrietatik ibaira isurtzen diren hondakin ur «ugarien» ondorioz, ibaiaren kutsadura areagotu eta arrainak hiltzen dira. Nafarroako Ekologistak Martxan-eko koordinatzaile Eduardo Nabaskuesek (Tutera, 1973) nabarmendu du egoera oso larria dela: «Habitat osoak kolapsatzeko arriskua du emari ekologiko egokia ahalbidetzen ez bada».
Kontrol falta
Nabaskuesek adierazi duenez, ibaiaren egoera «muturrekoa» da duela 15 edo 20 urtetik hona. Azaldu du erdiko ibilguan dauden presa txikiak XX. mendearen erdialdera eraiki zituztela, eta tradizionalki ureztatze sindikatuek erabiltzen zituztela nekazaritza estentsiboa egiteko. Hala ere, esan duenez, joera hori «pixkanaka» galduz joan da, eta, agroindustriaren hazkundearekin batera, areagotu egin dute ibaitik ura erruz ateratzea: «Erdiko ibilguan, nekazaritza estentsiboak ureztatze intentsiboa ekarri du, eta lehorreko nekazaritza tradizionala edo ureztatze tradizionalak baztertu egin dira».
Talde ekologistako kideak azaldu du gutxi gorabehera bi kilometrotik behin presa txiki batek ubide bat hornitzen duela, eta, ura presa horietatik igaro ondoren, ibaia desagertuz doala. Hori dela eta, ureztatze sindikatuek Alhama ibaiko uraz egiten duten erabilera salatu du Ekologistak Martxan-ek. Taldeko kideak esplikatu du nagusiki CHE Ebroko Ur Konfederazioak duela emari ekologiko egokiari eusteko «ardura», eta erakunde horren jarduera kritikatu du: «Ez dago neurgailurik; hortaz, ez dakigu presa txiki bakoitzak zenbat ur kentzen dion ibaiari. Ez dago CHEren kontrolik». Gainera, taldeak salatu du ur konfederazioa ureztatzaileei emari jakin bat ematen ari zaiela «indarrean dagoen araudia urratuz».
Izan ere, taldeak dio badirela zenbait legez kanpoko jarduera ibaiaren emarian. Nabaskuesek esan du gaur egun Ebroko Plan Hidrologikoa eta Uren Legea ez direla betetzen ari, eta Ekologistak Martxan-ek dio litekeena dela ibaian dauden presa txikietako batzuk legez kanpokoak izatea. Ibaiaren egoeraren inguruan idatzi duen adierazpenean, talde ekologista kritiko agertu da CHErekin: «Zertarako balio du oinarrizko xedapen bat ezartzeak hura ezarri duenak gerora betearazten ez badu?».
Premiazko neurrien beharra
Ekologistak Martxan-ek nabarmendu du Alhama ibaia «korridore berde oso garrantzitsua» dela. Espezie babestuak eta mehatxatuak daude bertan; besteak beste, bisoi europarra edo igaraba paleartikoa. Nabaskuesek azpimarratu du ura ezinbestekoa dela espezie horientzat: «Urak, nahiz eta izaki bizidun bat ez izan, gainerako izaki bizidunei bizirik irauteko modua ematen die». Ibaiari eta bertako ekosistemari kalte egiten dieten beste zenbait elementu ere aipatu ditu talde ekologistak: hala nola eskalarik ez egotea arrainak ibaian gora joan ahal izateko, edo zebra muskuiluaren eta bisoi amerikarraren gisako espezie exotiko inbaditzaileak ugaritu izana.
«Ez dago neurgailurik; hortaz, ez dakigu presa txiki bakoitzak zenbat ur kentzen dion ibaiari. Ez dago CHEren kontrolik»
EDUARDO NABASKUES Ekologistak Martxan-eko koordinatzailea
Ekologistak Martxan-ek CHEren jarduera kritikatzeaz gain, Errioxako (Espainia) —bertan ere egoera larria dela esan dute— eta Nafarroako gobernuen «gelditasuna» ere salatu du. Horiei «premiazko neurriak» hartzeko eskatu die, ingurumena zaindu eta ondorio «kaltegarriak» geldiarazteari begira. Izan ere, ibaiaren emari ekologikoa zaintzearen arduradun nagusia CHE baldin bada ere, Nabaskuesek azaldu du «ingurumenari dagokion guztian» Errioxako eta Nafarroako gobernuek dutela eskumena. Salaketak egin eta presioa egin dezaketela ere aipatu du.
Nabaskuesek nabarmendu duenez, «arazo handi bat» dute. Izan ere, erdiko ibilguko ureztatze sindikatu guztiei ulertarazi behar zaie Alhama ibaia «bizirik» mantentzen ez bada ez dela egongo «nekazaritza bizirik». Ekologistak Martxan taldeak azaldu du ibaia lehengoratu edo hobetzeko eskaera nagusiak zein diren: batetik, presa txiki batzuk eraistea eta beste batzuk egokitzea, eskalak jarrita arrainek ibaian gora egiteko; eta, bestetik, neurgailuak jartzea, ur emari ekologiko egokia den jakiteko eta uraren gaineko kontrola egiteko. Talde ekologistako kideak esan du CHErekin eta Nafarroako eta Errioxako gobernuekin harremanetan jarri direla, baina ikusteko dagoela zer egingo duten.