Ignacio Arangurenek (Iruñea, 1953) bizi osoa eskaini dio antzerkiari. Omenaldi gisa, Max saria eman diote, antzerki amateurraren eta sozialaren kategorian. Vicente Galbete kidearekin batera hartuko du. Biek Iruñeko Navarro Villoslada institutuko antzerki tailerra gidatu zuten 35 urtez, eta, Arangurenen hitzetan, «sariak oso amaiera polita emango dio ibilbide horri». Ekainaren 16an banatuko dituzte aurtengo Max sariak, Iruñeko Gaiarre antzokian.
Gaiarre antzokian izan zenuen lehenengo harremana antzerkiarekin, ezta?
Bai, hala da. Gaiarre antzokia nire bizitzako etapa guztietan ageri da. Umea nintzenean, zinemara joaten nintzen hara, garai hartan zinema aretoa baitzen aste barruan. Gero, nerabezaroan, antzerkia egin nahi nuen, baina, ez nuenez lortzen, Gaiarre antzokian lanean hasi nintzen. Ez zidaten ordaintzen, noski, baina lan horri esker antzezlan guztiak ikus nitzakeen.
Garai hartan, El Lebrel Blanco antzerki taldeko kide izan zinen.
Bai. Haurrentzako ipuinak egiten genituen, baita helduentzako obrak ere. Trantsizio garaikoa zen antzerki taldea, eta obrek interpretazio politiko bikoitza izaten zuten. Ongi pasatzen genuen, baina zentsura handia zegoen. Obra estreinatu aurretik testua Madrilera bidali behar genuen, eta nahi zutena ezabatzen zuten. Gizon bat etortzen zen entsegu orokorrera, ziurtatzera testua haiek zehaztu bezala esaten genuela.
Amaia kalean lokal bat genuen, baina batzuetan Gaiarre antzokian ere antzezten genuen. Oso irakaspen polita izan zen hura. Apalenetik gorenerakoa, halakoxea izan da Gaiarren egin dudan ibilbidea. Denetarik egon da, eta emozionalki oso lotuta nago antzokiari.
Nola okurritu zitzaizun Navarro Villosladako antzerki tailerra sortzea?
Ikasleek proposatu zidaten. Guraso batzuk El Lebrel Blancon aritzen ziren, eta, horregatik, bazekiten antzerkizalea nintzela. Navarro Villosladan zorte handia genuen, areto handi bat baikeneukan. Fokuak jarri genituen, dekoratuak egin... eta horrela sortu zen. Berehala, Vicente Galbete batu zitzaidan, eta bakoitzak rol bat hartu zuen: hura eszenografo aritu zen, eta ni, berriz, zuzendari.
«Hutsetik sortu nuen Navarro Villosladako antzerki tailerra, eta 35 urte egin nituen horretan»
Gogoan duzu lehenengo obra?
Bai, noski. Moliereren Tartufo izan zen lehenengoa. Ustekabe asko izan ziren urte hartan; izan ere, obra bat zuzendu nuen lehen aldia zen. Gainera, irakaslea nintzen, baina oso gaztea. Gerta zitekeen ostiral edo larunbat iluntzean entsegua amaitu eta ondoko tabernan garagardo batzuk hartzea. Hori pentsaezina da gaur egun. Hurrengo urtean ikasleak etorri zitzaizkidan berriz ere, eta urtez urte tradizio bilakatu zen. Sariak iristen hasi ziren gero; sariak oso baliagarriak ziren lana duintzeko, institutu eta ikastetxeetako antzerkiak gutxietsi egiten baitira askotan. Hutsetik sortu nuen antzerki tailerra, eta 35 urte egin nituen horretan.
Nola prestatzen zenituzten obrak?
Testu batzuk aukeratzen nituen, eta denon artean irakurtzen genituen zer egin erabakitzeko. Aldi berean, interpretazio eskolak egiten genituen: jolasak, ariketak... Elkar ezagutzeko ere baliagarriak ziren. Aktoreen zerrenda prest zegoenean, entseatzen hasten ginen. Urrian abiatzen genituen entseguak. Normalean, urte bakoitzean 25 emanaldi inguru egiten genituen. Zortziehun ikuskizun egin genituen 35 urte horietan.
Institutuan egindako ibilbideagatik Max saria jasoko duzu astelehenean, Vicente Galbeterekin batera. Nola jakin zenuen?
Apiril amaieran jakin nuen. Etxera deitu zidaten. Hasieran, susmo txarra hartu nion, Max sariak profesionalentzat baitira. Txantxa edo iruzurra zela pentsatu nuen. Esan zidaten Vicente Galbeterekin batera jasoko nuela saria eta ez kontatzeko inori, oraindik ez baitzuten jendaurrean esana. Gero, egunkarietan irakurri nuenean, ohartu nintzen egia zela. Sariak oso amaiera polita emango dio egindako ibilbideari.
Erretiroa hartu duzu, baina guztiz erretiratu al zara antzerkitik?
Ez. Herria eraikiz proiektuan nabil, Barañainen, eta antzerki tailerrak egiten ditut herriko helduekin. Antzerki talde txikiek ere laguntza eskatzen didate, eta ahal dudan heinean laguntzen diet. Gainera, epaile moduan ere aritzen naiz, artikuluak idazten ditut... Antzerkia oso presente dago oraindik ere nire bizitzan.