Uxue Juarez
IRITZIA

'En plan... nerabe!'

2026ko maiatzaren 1a
05:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ostiral arratsaldea da eta bakarrik noa Barañaingo auditoriumerantz. Presaka, nola ez, korrika batean, umea nire lagun batekin utzi berria, hiria abiaduran kotxez gurutzatu berria. Klasiko bat. Alaitz BHIko En plan… nerabe! musikala hastear dago. Aparkatzeko lekurik ez Barañain kotxeztatuan. Urduritasuna handiagotzen. Bira bat, beste bat, Izerditan blai, gorputza ezin likatsuago. Hirugarren kurba eta azkenik, zazt!, kotxea erdi zeharka aparkatu dut eta arrapaladan, atea itxi al dut?, heldu naiz. Ilaran zain nagoelarik, Elizondoko familia batekin sobran duten sarrera trukatu dut (17. ilaran nirea, 9.ean haiena) eta dagoeneko, aurreko lasterketa eta madarikazioak erabat ahaztuta, munduko pertsonarik zorionekoena sentitu naiz une batez.

Sarreran, aurtengo laugarren DBHko nire ikasleak. Arratsaldeko lehenengo irribarrea haiei zuzendu diet. Barruan, dagoeneko. Auditoriumeko sala zeharkatzen ari naizela, bigarren Batxilergoko ikasleak, begiradak, agurrak. Bigarren irribarrea haiei ere. Maitasun olatu txikia. Besaulkia. Zorionak, Uxue, heldu zara. Ondoan sarrera eman didan familia dago. Musikala amaitzean jakingo dut haiek direla abeslarien artean oilo-ipurdia jarri didan ahotsaren jabearen gurasoak. Jakin dudanean, haiek besarkatzeko gogoa piztu zait. Bertan parte hartu duten pertsonita guztiak besarkada kolektibo erraldoi batean bilduko nituzke. En plan… hippie. Negar egiteko, dantzatzeko, oihukatzeko, abesteko gogoak. Nire adinera heltzean dena perimenopausiari gaineratzen zaiola kontuan izanda, agian hormona iraultza dela eta gertatu zait, ni ere nerabezatuta banengo bezala.

Pertsona izatea batzuetan gehiegi sentitzea da, baina ondoan horrelako gizataldea duenak aurrera joko du. Ziur nago

Baina neure gorputzak beti erreakzionatu izan du modu berean edertasunaren aurrean nengoenero. Bizirik nagoela eta komunitate baten parte naizela sentitzen dudanean. Eta sentipen bera izan dut gaurkoan; nerabe nintzeneko pasarte anitz islatuta ikusi ditut, baita gaur egun ditudan ikasleen kezka eta zalantza ugari, umorea erabiltzeko joera eta edozein bizipen azaltzeko duten intentsitatea ere. Gaurkoan ikasturte guztian egindako lan itzela oholtzara eraman dute. Eta, salan, antzezleek urte osoan sostengatu dituzten irakasle, lagun eta familien berotasuna sumatu dute, aldi berean elkarrekin arnasa egiten. Eta orain zentzua hartu diet azken egunotako Plastikako eta Musikako mintegiko kideen lasterketei (Koro eta Uxueren eskaleta erraldoia jantzien eta eszenografiako oharrekin, Barbie panpina erraldoiak topatu arte Emausera egindako bidaiak, entseguak, entseguak eta entseguak). Pertsona ezberdinak kolektiboki funtzionatzen ezin indibidualistagoa den gizarte batek ezarritako marko sendoa hautsiz. Eta zertarako? Gu guztioi indarrez beteriko artelana oparitzeko. Milesker. Pertsonaietako batek dioen moduan, «nerabe izatea batzuetan gehiegi sentitzea da». Pixka bat urrunago joanda, pertsona izatea batzuetan gehiegi sentitzea da, baina ondoan horrelako gizataldea duenak aurrera joko du. Ziur nago. Egunero egiaztatzen dut nire ikastetxean. Zorionekoak gu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA