Nagore Eslava
IRITZIA

Esku askoren lurra

2026ko ekainaren 26a
05:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badira haurtzaroan ikasi eta bizitza osorako geratzen diren irakaspenak. Ez ditugu gogoan izaten, baina gure parte bihurtzen dira; lokarriak lotzea, bizikletan ibiltzea edo irakurtzen ikastea bezala. Birziklatzea ere horietako bat da. Hondakin bakoitza dagokion tokian uztea. Platano azal bat eta plastikozko ontzi bat edukiontzi berean botatzen ez direla ulertzea, paper batek bigarren bizitza bat izan dezakeela ohartzea eta, noski, zakarrontziaren tapa itxi orduko hondakinak magiaz desagertzen ez direla jakitea.

Askotan, ikaskuntza edo lezio horiek eskolako egunerokoan bertan ernetzen dira, ia ohartu gabe. Eta agian horregatik dute halako balioa. Ez direlako soilik ezagutzak transmititzera mugatzen; inguruari begiratzeko dugun modua bera ere eratzen dute.

Azken egunotan horretan pentsatzen aritu naiz, Irunberriko Arangoiti Ikastolak bultzatutako konpostaje komunitarioaren proiektua ezagutu nuenetik. Ziurrenik norbaitek laburbilduko luke esanez hondakin organikoak konpost bihurtzeko ekimena dela. Eta ez legoke oker. Baina azalpen hori laburregia litzateke, ez luke guztiaren neurria islatuko.

Gero eta maizago mintzo gara jasangarritasunaz. Halere, gutxitan lortzen dugu kontzeptu abstraktu hori lurrera ekartzea; hitzaldi instituzionaletan agertzen den hitz bat izateari utzi eta benetakoa eta gertukoa zaigun esperientzia bihurtzen. Horixe da, hain justu, ikastolaren Hondakinetik baliabidera, auzokonposta izeneko proiektuak lortzen duena.

Ikasleek ikasten dute fruitu baten ibilbidea ez dela amaitzen hura jaten den unean. Gaur hondakin dirudiena bihar baliabide izan daitekeela, eta naturak erakusten digun bezala, guztia ziklo baten parte dela. Baina proiektuaren alderdirik interesgarriena ez da azken emaitza, hara iristeko egindako bidea baizik.

Gero eta maizago mintzo gara jasangarritasunaz. Halere, gutxitan lortzen dugu kontzeptu abstraktu hori lurrera ekartzea

Konpost zaku bakoitzaren atzean lankidetza sare bat dago. Zangozaldeko Mankomunitatea, prozesua ikastolarekin batera bultzatuz eta gidatuz. Ikastolako ikasleak, markaren diseinuan parte hartuz eta proiektuaren nortasunari forma emanez. Irunberriko Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuko ikasleak, mantentze elektromekanikoaren arloko makinen fabrikazioan inplikatuta. Josenea, ikasturte osoan konpostaren jarraipena eginez. Eta San Isidro zaharren egoitza, prozesu kolektibo honi ekarpena eginez eta materia organikoaren bilketan parte hartuz.

Hala, ez da soilik materia organiko eraldatua transmititzen dena. Ezagutza, erantzukizuna eta komunitatea ulertzeko modu bat ere igarotzen da esku batetik bestera. Halako proiektuen balioa, hain zuzen ere, esku askoren indarra eta lanak batzen direnean geratzen da agerian; bakoitzak bere lekutik ekarpena eginez, baina guztiek norabide berean bultzatuz. Konpostak lur emankor bihurtzeko denbora eta elementu desberdinen elkarlana behar duen bezala, komunitateek ere eragileen arteko lankidetza behar dute hazteko. Eta horixe erakusten du, modu xume baina esanguratsuan, Arangoiti Ikastolaren proiektu honek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA