Eskulanei balioa emateko egunak

Artisautzaren Europako Egunak ospatu dituzte herrialdeko eskulangileek. Daniel Laparrak eta Samanta Kingek beren lantegiak zabaldu dituzte, herritarren bisita jasotzeko.

Daniel Laparra luthierraren lantegiko tuba bat, eta ondoan, hark lanerako erabiltzen dituen tresnak. JOSE ANTONIO DIEZ
Daniel Laparra luthierraren lantegiko tuba bat, eta ondoan, hark lanerako erabiltzen dituen tresnak. JOSE ANTONIO DIEZ
edurne elizondo
Iruñea-Berriozar
2026ko apirilaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zapi egileak, buztingileak, arotzak, luthierrak, ilustratzaileak... Askotarikoak dira eskulangintzak hartzen dituen esparruak, eta horietako batzuk hobeki ezagutzeko aukera izan da Nafarroan azken egunotan, Artisautzaren Europako Egunak programaren bidez. Nafarroako Gobernuak sustatu du, herrialdean lan egiten duten artisauen lanari balioa emateko eta lan horren berri zabaltzeko asmoz: eskulangile batzuek beren tailerrak zabaldu dituzte, eta herritarren bisita jaso.

Nafarroako Gobernuko Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak antolatu ditu bisita horiek, jendeak artisauen lana bertatik bertara ikusteko eta ezagutzeko aukera izan zezan. Eskulangileena, finean, lan berezia eta bakarra da, beren produktuak eskuz egiten dituztenez pieza bakar bat ere ez baita bertzearen berdina. Hori da eskulangintzaren berezitasun nagusietako bat, eta Nafarroako Gobernuak aintzat hartu nahi izan du.

Lantegia zabaldu duten artisauen artean daude Daniel Laparra luthier lodosarra eta Samanta King, Berriozarren bizi den afrikar jatorriko turbante egile ukrainarra. Eskertu dute beren lanaren berri emateko aukera eduki izana, eta nabarmendu kalitatearen alde egiten dutela.

Samanta King, turbante egilea

«Nire esperientziatik abiatu naiz, behar nuena lortzeko hasi bainintzen turbanteak egiten»

Samanta King, Kandake tailerreko arduraduna; buruko zapiak egiten ditu Berriozarren. IDOIA ZABALETA / FOKU
Samanta King, Kandake tailerreko arduraduna; buruko zapiak egiten ditu Berriozarren. IDOIA ZABALETA / FOKU

Josteko makina, aizturrak, hariak... eta, batez ere, kolorez betetako oihalak. Samanta Kingen etxeko egongela lantegi bilakatu zen duela urte eta erdi, Kandake proiektua abiaraztearekin batera. Izen horren pean, eskuz egindako turbanteak saltzen ditu Kingek Berriozarren. Ukrainan jaioa da (Kherson, 1986), baina afrikar jatorrikoa, Sierra Leonakoa baitu aita. Kandakeren bidez, Afrikara lotzen duten erroak bilatu nahi izan ditu Kingek, eta afro ilea dutenentzat produktuak ekoitzi. «Nire esperientziarekin erabat lotuta dago proiektu hau, nik behar nuena lortzeko hasi bainintzen turbanteak eta txanoak egiten», azaldu du.

Kingek egiten dituenak ez dira ilea zaintzeko edo apaintzeko pieza hutsak. «Afro ileak badu lotura estua gure nortasunarekin», zehaztu du. Izan ere, arrazakeria egiturazkoa da egungo gizartean, eta, hala, ile afroa dutenen gaineko presio estetikoa handia izan da, eta hala da oraindik ere. «Gure ilea itsusia dela erran izan digute, ezkutatu egin behar dela». Kingek ere bere kizkurrak lisatu izan ditu duela gutxira arte. Orain, baina, ikasi du bere ileari bertzela begiratzen eta hura bertze era batera zaintzen, eta den bezala erakusten du, harro.

«Txinan egindako oihal afrikarrak saltzen dituzte toki batzuetan; anitzez merkeagoak dira, eta kalitate eskasagokoak ere bai»

Kingek egiten dituen pieza guztiak probatzen ditu saldu baino lehen, eta garbi erran du kalitatea lehenetsi nahi izan duela bere proiektuaren bidez. Afrikako oihalak erabiltzen ditu. «Bilbon bizi den senegaldar baten bidez lortzen ditut. Bertze pieza batzuk, berriz, Madrilen erosten ditut. Gaur egun, Txinan egindako oihal afrikarrak saltzen dituzte toki batzuetan; anitzez merkeagoak dira, eta kalitate anitzez ere eskasagokoak ere bai».

Afrikako oihal koloretsuekin egindako buruko zapiak, lo egiteko txanoak, buruko zintak eta mototsa lotzekoak saltzen ditu Kingek Kandake.es webgunearen bidez. Herriz herriko azoketara ere joaten ohi da, eta tailerrak antolatzen ditu, zapiak nola jarri erakusteko eta turbanteen jatorriari buruz aritzeko; historia luzekoa baita Afrikako buruko zapiena.

Samanta Kingek egindako zapietako batzuk. IDOIA ZABALETA / FOKU
Samanta Kingek egindako zapietako batzuk. IDOIA ZABALETA / FOKU

Oihalen koloreek eta estanpatuek, hain zuzen, «anitz» erraten dutela nabarmendu du Kingek. «Garai bateko Afrikan, estanpatuek janzten zutenen maila soziala adierazten ahal zuten; turbanteak jartzeko moduen atzean ere bada lengoaia ezkutu bat: emakume batek, adibidez, ezkondua, ezkongabea edo alarguna ote zen erran zezakeen zapia jartzeko moduaren bidez».

Oihalen eta turbanteen esanahi horiek aldatuz joan dira. Kingek nabarmendu du Afrikako herritarrak esklabo bilakatzeko prozesuek anitz eragin dietela ilearen ingurukoei; izan ere, ilea zaintzeko ezagutzak eta tresnak desagertu ziren prozesu horietan, bertzeak bertze, eta ile afroaren inguruko estereotipo negatiboak sortzen eta garatzen joan ziren. Kingek oroitu du 1789. urtean, AEBetako Louisiana hirian legez behartu zituztela emakume beltzak beren ilea tapatzera. «Emakumeok ilea tapatzeko turbanteak erabili zituzten esklabotzaren kontrako mezuak zabaltzeko», erantsi du.

Historia horren guztiaren arrastoa nabarmena da gaur egun beren ile afroa den bezala erakusten dutenen hautuan. Kingek azpimarratu du, halere, bere piezen bidez helburu estetiko bat ere baduela, eta erakutsi nahi duela Afrikako oihalekin egindako turbanteak edonoiz eta edonolako arropekin erabil daitezkeela. «Berdin balio dute gimnasiotik atera berritan ilea tapatzeko edo dotore jantzi nahi duzunean buruko apaingarri gisa jartzeko».

Kandakek urte eta erdiko bidea egin du, eta King kontent da orain arte lortutakoarekin. Hutsetik hasi zen, josten ikasi behar izan zuen proiektua martxan jartzeko. Eskuz egindako bere piezak harat eta honat saltzen ari da orain, eta Afrikako oihalen koloreak harat eta honat zabaltzen.

Daniel Laparra, luthierra

«Ez diot inori ezetz erran; tresnak musikarien beharretara egokitzea da xedea»

Daniel Laparra, Iruñeko bere tailerrean lanean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Daniel Laparra Iruñeko bere lantegian lanean. IDOIA ZABALETA / FOKU

Musika tresnentzako ebakuntza gela baten gisakoa da Iruñeko Resala tailerra: gaixorik dauden musika tresnaz beteta dago, medikuak arta dezan nor bere txandaren zain. Bihotz berri bat behar dute batzuek, airea berriz doinuz betetzeko. Eta hori da Daniel Laparra luthierraren zeregina: hondatutako musika tresnak konpontzea eta berritzea, eta musikarien beharretara egokitzeko moldatzea.

Laparra Lodosakoa da (1992), eta sorterrian hasi zuen bere bidea, duela hamar urte. Duela bi urte, berriz, Iruñera mugitu zen, bezeroen zerrenda handitzeko asmoz. Izan ere, Laparrak tresna jakin batzuekin baino ez du lan egiten: zurezko eta metalezko haize instrumentuekin, alegia.

Lodosarrak mekanizazioko lanbide heziketa ikasi zuen, eta musika ere bai: «Tuba jotzeko ikasketak egin nituen, eta, gainera, konpontzen ditudan tresna guztiak jotzen ikasteko eskolak hartu ditut». Hemen luthier izateko ikasketa jakinik ez dagoela erantsi du, eta Suitzan, Venezuelan, Costa Rican eta bertze hainbat herritan aritu dela trebatzen. Venezuelako Abraham Saavedra izan du maisu, bertzeak bertze. «Europan anitzez ere zailagoa da luthier batekin batera trebatzea haren lantegian», erantsi du.

Laparrak Iruñeko Mendebaldea auzoan du bere tailerra, hirian dauden musika kontserbatorioen egoitzetatik hurbil, hain zuzen. Lodosatik Iruñera mugitzeko arrazoia hori izan da: «Iruñean, gainera, musika banda eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoa daude, bertzeak bertze».

Daniel Laparra kopontzen ari den tronpeta zahar bat. IDOIA ZABALETA / FOKU
Daniel Laparra konpontzen ari den tronpeta zahar bat. IDOIA ZABALETA / FOKU

Musikarion «erranetara» dago Laparra. «Oraingoz ez diot inori ezetz erran!». Luthierrak, baina, jaso ditu eskaera «bereziak». Tresna zaharrak berritu ditu, eta bertze berri batzuk egokitu, adibidez, hatz bateko falange bat galdu duen musikari batek jotzen jarrai dezan. «Bertze behin, artrosia zuen musikari bati tresnak egokitu genizkion. Hori da gure helburua, tresnak musikarien beharren neurrira egokitzea», azaldu du.

Mekanizazioa dago luthierrak egiten duen lanaren oinarrian, Laparrak nabarmendu duenez, baina uste du musika ikasketak egin izanak «bertze koska» bat eman diola: «Musika sentsazio kontu bat da anitzetan; musikari batek suma dezake bere tresnak zerbaitetan huts egiten duela, eta luthierrak tresna hori ongi ezagutzen badu, eta jotzen badaki, errazago izanen zaio asmatzea zer dagoen gaizki».

«Luthierrak tresna ongi ezagutzen badu, eta jotzen badaki, errazago izanen zaio asmatzea zer dagoen gaizki»

Laparrak helburu hartu du, hain zuzen, musikariak gustura gelditzea jotzen duten musika tresnekin, eta horretarako garatu du bere proiektuetako bat: ahokoak txertatzeko pieza bereziak egin dituzte saxofoientzat. «Pieza horiekin lan handia egin dezakegu, saxofoi batek izan ditzakeen hutsak konpon baititzakegu. Kontserbatorioko irakasle batzuk pieza horiek eskatzera etorri dira, eta emaitzarekin kontent gelditu dira».

Laparrak balioa eman nahi izan dio egindako lanari, eta eskertu du Nafarroako Gobernuak artisauen lana zabaltzeko izandako ekimena. Luthierrak bere tailerreko atea ireki du herritarren bisita hartzeko. «Ez da jende anitz etorri, baina bakar batzuk bai, eta gustura azaldu diet nire lana zein den». Luthierrak uste du, halere, bere ofizioa «boladan» dela gaur egun, eta badela gero eta interes handiagoa lan horren inguruko xehetasunak ezagutzeko. Oroitu du, dena den, ikastaro batek ez duela inor aditu bilakatzen, eta profesionalen bermea bila dezatela eskatu die herritarrei. Hark hamar urteko bidea du atzean, eta tresnaz betetako tailer bat Iruñean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA