Agoizko kultur etxea Asier Anduezaren (Iruñea, 1976) etxe bilakatu da azken hilabeteotan. LEB Lengoaia Eszeniko Berrien Nazioarteko Jaialdia egin berri dute herri horretan, abenduaren 1etik 9ra, Anduezaren zuzendaritzapean. Agoizko herritarren eta agintarien konpromisoa eskertu eta txalotu du Anduezak. Jaialdia ibiltari bilakatu nahi dutela iragarri du, lengoaia eszeniko berriak landa eremuko bertze hamaika herritara eramateko, eta kultura astintzeko.
Zer moduz joan da jaialdia?
Oso ondo! Jendetza etorri da; zenbait emanalditan sarrera guztiak saldu ditugu, eta kalean egin ditugun ikuskizun askotan ere espero baino askoz ere jende gehiago etorri da. Etorri den jendea, gainera, oso pozik gelditu da, gustatu zaio ikusi duena. Beraz, gure bi helburuak bete ditugu: jendea erakartzea eta jendea kontent gelditzea.
Zer-nolako iritziak jaso dituzue herritarren artean?
Oso onak; emanaldi bakoitzari buruzko iritzia emateko aukera izan dute ikus-entzuleek, semaforo bateko koloreak zituzten txartelen bidez, eta argi eta garbi nagusitu dira berdeak emanaldi guztietan.
Nola egin dute bat lengoaia eszeniko berrien inguruko proposamen horiek Agoitzen gisako herri batekin?
Oso ondo, jendeak jakin-min handia duelako. Zaila da ezagutzen ez duzunarekin bat egitea, baina aukera hori ematen zaionean jendeari, kalitatezko proposamen baten bidez, jendeak ondo hartzen du. Sumatzen du kalitate hori. Jendeak gozatu du, eta erraz egin ditu bere aurkeztu ditugun proposamenek erabilitako kodeak.
Aurreiritzi anitz utzi behar izan duzue bazter LEB jaialdia landa eremura eramateko?
Hori egin nahi izan dugu, aurreiritzi horiek guztiak suntsitu. Guk sentitzen genuen jaialadia arrakasta handiz egiten ahal genuela landa eremuan, eta egunotan gertatu denak erakutsi digu zuzen ginela.
Eta zergatik Agoitzen?
Herriko kultur teknikari Lorea Mendezen eta bion arteko solasaldi batean sortu zelako jaialdi bat egiteko ideia. Kulturaz ari ginen, amets egiten kulturak izan behar zuenari buruz, eta Loreak Agoizko kultur etxea proposatu zuen lantzen ari ginen ideia haiek guztiak jasoko zituen jaialdia hartzeko. Lanean hasi ginen, eta plan bat proposatu genion Agoizko Udalari. Baiezkoa jasota, aurrera egin genuen.
«Sinergia bereziak sortu dira herrian. Lan egiteko behar genituen baldintzak izan ditugu, eta hori inportantea da».
Inportantea izan da Agoizko erakundeen eta herritarren inplikazioa jaialdia arrakastaz egin ahal izateko?
Sinergia bereziak sortu dira herrian. Lan egiteko behar genituen baldintzak izan ditugu, eta hori inportantea da. Gure asmoa da, halere, jaialdia ibiltaria izatea, eta datorren urtean beste herri batean egitea. Sendotu nahi dugu jaialdia, eta herriz herri eraman. Jaialdiak ez du bakarrik bederatzi egun iraun. Agoitzen lortu ditugun konplizitateak sortzeko lau hilabetez aritu gara lanean, hemengo taldeekin eta herritarrekin. Lau pieza sortu dituzte herriko bizilagunek. Gure asmoa izan da herria jaialdira lotzea, errotzea. Eta hori bera egin nahi dugu bertze toki askotan.
Herriak, nolabait, astintzea da asmoa?
Bai, herriak eta kultura astindu nahi izan ditugu. Guk ez genuen kulturarako erakusleiho bat izan nahi; ez genuen toki batera ailegatu, duguna erakutsi eta handik alde egin nahi. Haziak utzi nahi ditugu herrietan, hazi horrek, jaialdia amaitu eta gero, bertzelako fruituak eman ditzan. Horregatik eman diogu garrantzi handia La Perra Creaciones etxeko kideek herritarrekin egindako bitartekaritza lanari. Lan horren bidez, lurraldea ongarritu dugu.
Zer bide jorratu ditu bitartekaritza lan horrek, zehazki?
Bertzeak bertze, Agoizko pertsona migratzaileen sarearekin egin dugu lan; pertsona horiek ez dute herriko kultur jardueretan parte hartzeko ohitura. La Perrak egindako bitartekaritza lanari esker, sare horretako kideak, lehendabiziko aldiz, herriko bertze talde batzuekin aritu dira lanean elkarrekin zerbait sortzeko. Harreman bat sortu da, eta harreman horrek ekarriko ditu bide berriak. Hori da kontua. Hori da kulturak duen balioa.
«Etorkizunari begira, ziurgabetasuna da nagusi. Urtero egin nahi dugu jaialdia, herriz herri. baina ez dago gure esku».
Gizartea astintzekoa?
Bai. Guk hasieratik garbi izan dugu LEB jaialdiak behar duela izan jaialdi feminista bat, izan behar duela queer eta inklusiboa. Uste dugu herritar guztien eskubidea dela kultura, eta guk eskubide hori egia bilakatu nahi dugu. Hori egin nahi dugu kultura landa eremura ekarrita, jaialdian kolektibo guztientzat tokia eginez, eta jaialdia denentzat irisgarri bilakatuta, ikus-entzuleentzat eta sortzaileentzat. Esanguratsua da, eta egungo egoeraren adierazle, atentzioa ematea denentzat inklusiboa izan nahi duen jaialdi bat antolatzeak.
Erran duzu jaialdia herriz herri eraman nahi duzuela; asmo zehatzik baduzue jada 2024rako?
Oraindik ezin dugu deus esan. Etorkizunari begira, ziurgabetasuna da nagusi. Guk urtero egin nahi dugu jaialdia, eta herriz herri eraman. Baina ez dago gure esku.
Diruaren menpe zaudete?
LEB jaialdiak baliabide publikoak behar ditu; behar dugu administrazioaren konpromiso bat. Aurtengo lehen aldia antolatzeko izan dugu, baina ez dakigu datorren urtean zer gertatuko den. Garbi esan nahi dugu jaialdiak oso harrera ona izan duela; erakutsi dugula egin daitekeela. Bidean urratsak egiten jarraitu nahi dugu.