Julio Mazaricok (Tutera, 1969) ongi ezagutzen du zinemaren mundua: ekoizlea, gidoigilea eta zuzendaria da. Orain, gainera, Nafarroako Filmotekako programazio arduraduna. Otsailean hasi zen lan berrian, Alberto Cañadak erretiroa hartu baitzuen. «Ilusioz» hartu du kargua, eta filmotekan bere arrastoa uzteko gogoz da. Programazio propioa sustatu nahi du, eta zinema garaikideari toki handiagoa eman.
Hamalau urtez egon da Alberto Cañada karguan, erretiroa hartu arte. Erronka bat da hura ordezkatzea?
Bai, erronka handi bat da. Saiatuko naiz haren mailari eusten, eta hark egindako lanari merezi duen tokia ematen. Urte luzez izan da Nafarroako Filmotekaren aurpegia, eta programazio zabal eta askotarikoa eskaini du beti.
Filmotekara ailegatu berri zara. Zein izan da zure lehen zeregina?
Lehenik eta behin, filmotekak nola funtzionatzen duen aztertu nahi dut. Albertok [Cañada] harreman estua izan du beti herrialdeko elkarteekin eta erakundeekin, eta elkarte eta erakunde horiei lotutako zinema zikloak antolatu ditu anitzetan. Filmoteka erakunde publiko bat da, noski, eta, ondorioz, kulturaren bidez eztabaida soziala sustatzea da bere egitekoa. Nik oinarri hori ardatz hartu nahi dut, eta aztertu filmotekak antolatzen dituen zikloen artean zeintzuek funtzionatzen duten ongi eta zeintzuek ez hain ongi.
Zer bide hartu nahi duzu zuk?
Uste dut filmotekak toki handiagoa eman beharko liokeela programazio propioari, herrialdeko elkarteekin dugun harremana galdu gabe betiere. Hori da nire helburuetako bat; gainera, zinema klasikoa bazter utzi gabe zinema garaikidea gehiago nabarmendu nahiko nuke, eta, zehazki, Espainiako zinema. Tuterarra naiz, eta han bi jaialdi ditugu Espainiako zinemari buruz.
«Ezin gara kexatu: ikus-entzule fidelak ditugu. Gure erronka nagusia jende gazte gehiago erakartzea da»
Zaila da filmotekarentzat plataforma digitalekin lehiatzea?
Bai, zaila da. Lehen errazagoa zen jendea gurera etortzea, baina zinema kontsumitzeko moduak anitz aldatu dira. Pandemiak eragin handia izan du: ordura arteko ohitura anitz bertan behera utzi zituen, eta zinema aretoak husten hasi ziren. Erronka bat da jendea gurera erakartzea, baina erronka polit bat da, aldi berean. Gu, gainera, ezin gara kexatu, ikus-entzule fidelak ditugu. Gure erronka nagusia jende gazte gehiago erakartzea da.
Zuk ongi ezagutzen duzu zinemaren mundua, ekoizle, zuzendari eta gidoigile aritu baitzara. Barruko begirada hori lagungarria izanen zaizula uste duzu?
Ongi ezagutzen dut sormenaren esparrua, eta uste dut hori lagungarria izanen dela. Filmotekan beti saiatzen gara emanaldi bereziak egiten eta, film bat erakusteaz gain, haren inguruko aurkezpena egiten, edo eztabaida antolatzen, edo egilea ekartzen.
Zerbait gehiago eskaini behar du filmotekak beti?
Nik uste dut baietz, berezi bilakatu behar dituela bere emanaldiak. Kultura sustatzea da gure helburua, eta film bat erakusteaz harago jo behar dugu beti, hori da gure zeregina. Eta hori da, gainera, gure ezaugarri nagusietako bat.
Kulturaren esparruan ari zara, baina ingeniaritza ikasi zenuen, ezta? Nola pasatu zinen zinemara?
Industria ingeniaria naiz, eta hamabost urtez arlo horretan aritu nintzen lanean. Zaragozan [Espainia] ikasi nuen, eta han hasi nintzen zinemarekin zaletzen. Hango filmotekara joaten nintzen. Unibertsitatean hasi nintzen zinemari buruzko ikastaroak egiten. Gero, Tuterara itzuli nintzenean, Muskaria zineklubean sartu nintzen, eta han segitzen dut. Film laburrak egiten hasi nintzen. Hasieran, zinema eta ingeniaritza uztartu nituen, baina orain zineman baino ez naiz ari. Ekoiztetxe propioa dut. Orain, filmotekan, zinema erakusteko lana ezagutzen ari naiz.
Tuterara itzuli, eta Tuteratik egin duzu zinema. Filmotekak ere egin du Iruñetik ateratzeko ahalegina azken urteotan. Inportantea da kultura Iruñetik kanpora eramatea?
Bai. Filmotekak apustu hori egin du ni programazio arduradun izendatuta. Nik segitu nahi dut filmotekako lanak Iruñetik kanpo erakusteko lanean. Eta garrantzitsua iruditzen zait herriz herri egiten den kultura sustatzea. Eskura ditugun baliabideak dira muga.
«Entretenitzeko ahala ez ezik eztabaida eta gogoeta sortzeko gaitasuna ere baduen zinema interesatzen zait»
Tuteran zinekluba duzue, eta bi jaialdi antolatzen dituzue, udalaren laguntzarekin. Zaila da?
Zaila da, baina bide luzea egin dugu jada, eta bi jaialdiak erabat errotu dira hirian. Espainiako zinemari buruzko ziklo bat egiten hasi ginen, eta duela 25 urte Opera Prima jaialdia antolatu genuen lehen aldiz. Jende gazte anitz erakartzen dugu, eta zinemaren inguruko interesak eta zaletasunak gora egiten dute jaialdiei esker.
Egile gisa, Voces del silencio dokumental laburra zuzendu duzu, bertzeak bertze. Dokumental hori suizidioari buruzkoa da. Zer-nolako gaiak interesatzen zaizkizu?
Askotariko gaiak landu ditut, baina egia da gizarte kontuek ukitzen nautela batez ere, eta gizartean eztabaida pizten duten auziak interesatzen zaizkidala gehienbat. Zinemak, finean, gai anitz lantzeko aukera ematen digu; entretenitzeko ahala ez ezik eztabaida eta gogoeta sortzeko gaitasuna duen zinema interesatzen zait.
Gogoetarako tarte gehiago behar da egungo gizartean?
Bai; kulturak gizartea eraldatzeko gaitasuna izan beharko luke, eta egungo testuinguruan hagitz interesgarria eta inportantea iruditzen zait kulturak gauzak aldatzeko duen ahal horri heltzea. Ezinbertzekoa da gaur egungo gizartearen esparru ilun anitzi aurre egin ahal izateko.