Feuse Farmazialari Euskaldunen Elkarteko kidea

Bea Gaston: «Farmazia arloan lanean hasi nintzenean, ez zegoen ezer euskaratuta»

Feuse Farmazialari Euskaldunen Elkartea sortu zenetik 30 urte bete direla ospatu dute aurten. Bea Gaston elkarteko kidea da, eta aipatu du euskararen erabilerak gora egin duela farmazia arloan.

Bea Gaston, maiatzaren 11n, Antsoaingo Bea Gaston Lujanbio farmazian. IÑIGO URIZ / FOKU
Bea Gaston, maiatzaren 11n, Antsoaingo Bea Gaston Lujanbio farmazian. IÑIGO URIZ / FOKU
Antsoain
2026ko maiatzaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Martxoaren 6a egun berezia izan zen Euskal Herriko hainbat farmazialarirentzat. Izan ere, egun hartan ekitaldi bat egin zuten Donostian, Feuse Farmazialari Euskaldunen Elkarteak 30 urte bete dituela ospatzeko. Farmazia arloan euskara erabiltzeko modua ematea, euskara bultzatzea eta hura indartzea da elkartearen xedea, eta helburu horiekin bat eginez lan egiten du egunerokoan Feuseko kide Bea Gaston farmazialariak (Goizueta, 1969). Gastonek 24 urte daramatza lanean Antsoainen, bere izen-abizenak dituen farmazian. Dendara sartzen direnek badakite goizuetarrarekin euskaraz hitz egin dezaketela, Gastonek soinean daraman ahobizi txapa ikusita. Gaston hasiera-hasieratik da Feuse elkarteko kide, eta nabarmendu du 30 urte hauetan euskarak aurrerapen handia izan duela farmazia arloan.

Noiz hasi zinen farmazialari lanetan?

Ni 1994an hasi nintzen lanean, Donostian. Antsoainera 2002an etorri ginen.

Farmazia arloan lanean hasi zinenean, nolako presentzia zuen euskarak?

Oso gutxi. Horregatik, lan handia egin da Feuse sortu zenetik igaro diren urteetan. Besteak beste, farmazia arloko hitzak jasotzen dituen hiztegi bat sortu dugu, Feuseko kide Miren Fuldainek formulazio magistralen protokolo guztiak euskaratu zituen, eta farmazietan erabiltzen diren hainbat testu euskaratu ditugu. Farmazia arloan lanean hasi nintzenean, ez zegoen ezer euskaratuta.

Nolakoak izan ziren elkartearen hastapenak?

Papera eta boligrafoa hartuta elkartzen ginen elkarteko kideak Donostian, zer egin erabakitzeko. Elkartera batu den jende berriak, berriz, paperean zegoena digitalizatu du. Gipuzkoan Estibaliz Goienetxea eta Ainhoa Oñatibia daude, eta lan handia egin dute, besteak beste, edukiak digitalizatzen eta eguneratzen. Elkarteari bultzada izugarrizkoa eman diote, pixkanaka apaltzen ari zenean. 

«Lorpen nagusienetako bat hiztegia egitea izan da. Asko erabili da, esaterako, unibertsitatean»

Martxoaren 6an egindako ekitaldian, Feusek nabarmendu zuen farmazia arloan euskararen erabilerak gora egin duela azken 30 urteetan. Zuk ere hori nabaritu duzu Nafarroan?

Bai. Hemen asko nabaritzen da jendeak euskaraz geroz eta gehiago hitz egiten duela, eta farmazian ere asko erabiltzen da euskara. Agian ni egoten naizen lekuarengatik izan daiteke; Antsoainen eta Iruñeko Txantrea eta Arrotxapea auzoetan erabiltzen da euskara. Dena den, Iruñerriko beste farmazialari batzuek ere ikusten dute euskaraz gehiago egiten dela.

Hala ere, erdara nagusi da?

Bai. Baina beti saiatzen gara euskara bultzatzen.

Egunerokoan, farmazian lanean ari zarenean, zer egiten duzu euskararen erabilera bultzatzeko?

Farmazian musika euskaraz jartzen dugu, lehenengo agurra euskaraz egiten dugu, eta nik ahobizi txapa eta txantxangorriaren pin bat eramaten ditut soinean. Jendeak ikusten dituenean, zer diren galdetzen du.

Zu hasieratik zaude elkartean. Zure ustez, zeintzuk izan dira elkartearen lorpen nagusiak igaro diren 30 urteetan?

Nire ustez, lorpen nagusienetako bat hiztegia egitea izan da. Asko erabili da, esaterako, unibertsitatean. Elkartea eta Gasteizko EHUko Farmazia fakultatea harremanetan egoten dira, eta hori oso garrantzitsua da. Horrela, bertan ikasten duten farmazialariek euskarazko hitzak ikasten dituzte. EHUrekin ez ezik, Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako farmazialari elkargoekin ere harremana dugu. OEE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearekin ere lankidetzan aritzen gara.

Aldizkari bat ere baduzue.

Hala da. Farmaberria izeneko aldizkaria argitaratzen dugu, eta aurten 80. zenbakia atera dugu. Sariak ere banatzen ditugu. Alde batetik, testu laburren saria banatzen dugu urtero, eta farmazia arloan euskarazko testu onena aurkezten duenari ematen diogu. Lehenengo eta bigarren saridunen testuak argitaratu egiten dira. Bestetik, Farmaburua saria ere badaukagu. Bi urtetik behin ematen diogu farmazia arloan euskararen erabilera bultzatzen duen pertsona edo erakunde bati.

«Beti saiatzen gara euskara bultzatzen eskura ditugun baliabideekin, euskara maite dugulako»

Nafarroari dagokionez, aurtengo martxoan Feusek eta Nafarroako Farmazialarien Elkargoak kolaborazio hitzarmen bat sinatu dute, eta bertan euskarak leku garrantzitsua du.

Bai. Hitzarmen horren bitartez farmazietan egoten diren kartelak eta bestelako informazioa euskaraz eta erdaraz jarri nahi ditugu oraingoz.

Martxoan Donostian egindako ekitaldian, Feusek zenbait entitate eta pertsona omendu zituen, farmazia arloan euskara bultzatzeagatik. Zu izan zinen omendu horietako bat. Nola sentitu zinen?

Oso pozik. Jende askok egin du lana urte hauetan, eta aitortza egin ziguten. Ez nuen espero. 30 urteetan lan asko egin duen jendearen izenak aipatu zituzten, eta bat-batean nirea aipatu zutenean; oso hunkigarria izan zen. 

Elkarteko kideek izaten duzue harremana elkarren artean?

Bai. Esaterako, urtean behin elkartzen gara batzar orokorra egiteko, eta, horren ondoren, txango bat egiten dugu. Oso ongi pasatzen dugu txango horietan, eta gauza asko ikasi ditugu. Rafa Gorrotxategi txokolatearen museoan egon gara Tolosan, Zugarramurdin, Metautenen, Gallartako meategietan… Elkartearen parte sentitzen gara denok. Gaur egun, 215 kide gara. Gehienak gipuzkoarrak dira, baina, haien ondoren, nafarrak gara nagusi.

30 urte bete ondoren, zein dira helburuak etorkizunerako?

Helburua, batez ere, euskara bultzatzea da. Beti saiatzen gara euskara bultzatzen eskura ditugun baliabideekin, euskara maite dugulako. Elkartera kide gehiago batzea ere nahi dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA