Hiztegi Batua kontsultatu berri dut fatxada hitzaren esanahia eta terminoaren nondik norakoak ezagutzeko; horiek horrela, honako hau da fatxada-ren esanahia: eraikuntza bat mugatzen duten kanpoko hormetako bakoitza, bereziki bide publiko batera ematen duena edo sarrera nagusia duena. Atari hitzak, kontrara, bestelako esanahia dauka, nahiz eta askok fatxada esateko erabili: baserri, eliza edo etxe baten sarbidea, nahiz eraikuntzaren barnean, nahiz kanpoan.
Bi hitzon arteko ezberdintasuna agerikoa den arren, nik fatxada-ren esanahian ageri den mugatu zehaztapenari helduko diot, hor baitago, nire ustez, bi hitzon arteko ezberdintasunik handiena; fatxada, nahiz eta espazio publikoarekin etengabeko harremana izan, espazioa mugatzeko gai da; atariak, ordea, espazioa mugatu ordez, espazio intimora sartzeko bidea ematen digu.
Eraikuntzetako fatxadak hainbat materialez egin daitezke, hala nola harriz, zurez, adreiluz, zeramikaz, hormigoiz, altzairuz, aluminioz, beiraz, eta estaldura akrilikoaz nahiz erretxinazkoaz. Ez dakit gaur egun gurean zein den materialik erabiliena, baina herrietako fatxadetan harriek beren horretan diraute, zalantzarik gabe.
Txikitan, harrizko baserriak zein etxeak ikustean, maiz galdetzen nion neure buruari harriok nolatan zetozen bat eta langileek zer-nolako kalkuluak egin behar ote zituzten harri horiek guztiak muntatu eta hormak eraikitzeko. Azalpenik egonen da, badakit, baina, oraingoz, nahiago txikitako ezjakintasun hori luzatu.
Artazu herriko etxeetako harriak zuri-gorrixkak dira; udako saparen eta udazkeneko zuhaitzen zimeltzearen nahiz orbelaren erakusgarri izan daitezke, zalantzarik gabe. Ugari dira Nafarroan horrelako fatxada duten herriak, are ugariagoak hegoaldean. Dena den, Artazuko fatxadek badute aski ezaguna izan beharko lukeen bereizgarria: 70x100 zentimetroko zuri-beltzezko 18 emakume argazki.
Artazuko emakumeen erakusketa 2019ko maiatzaren 25ean zabaldu zen, eta, ordutik, herriko emakumeen argazkiak fatxadaren nahiz espazio publikoaren parte dira. Argazkiak Alvaro Martinez argazkilariak egin zituen, eta guztira 18 erretratuk osatzen dute. Erakusketa zabaldu zenetik sei urte igaro dira, eta erretratuok bertan diraute, arestian aipatutako hormetako harriek bezala. Erakusketaren helburua, batik bat, herriko emakumeei eremu publikoan espazioa eta presentzia ematea izan zen, baita fatxadak atxikitako espazioan, etxean, egindako lana aitortzea ere.
Presentzia norbait leku batean izatea da, eta, bereziki, nolabaiteko agintea edo itzala duten pertsonekin erabiltzen da. Bai, presentzia hitza kontrajarriak izan daitezkeen muturreko elementuei, agintedunari eta isildutakoari, erreferentzia egiteko erabil daiteke. Kasu honetan, ordea, bigarrenari kritikoki so egin beharko genioke, isildutakoei, gu geu baikara fatxadek dakarten isiltasuna indartzen dugunak.
Artazuko fatxadek badute aski ezaguna izan beharko lukeen bereizgarria: 70x100 zentimetroko zuri-beltzezko 18 emakume argazki
Bizitzak etengabe indibidualizatzen ditugun garaiotan eta bakoitzak fatxada berria eta sendoa nahi duen sasoiotan, ingurura begiratu, erreparatu eta ingurukoon fatxadek zer gordetzen duten ikusi beharko genukeela uste dut; fatxadak eraikuntza materialez eraikitakoak ez ezik, hezur-haragizkoak nahiz oroiminezkoak ere izan daitezke, eta hori nik, bederen, maiz ahazten dut.
Martinezek argazkiak zuri-beltzean atera nahi izan zituen, koloreen distrakziorik gabe, haren ustez zuri-beltzak hobeto islatzen duelako pertsonen arima. Nik zuri-beltzean argazki oso gutxi ditut; agian, argazki gehiago atera beharko genioke elkarri.