Argazkilaria eta artista plastikoa

Silvia Aierra: «Gaixotasunari buruzko bertze iruditeria bat sortu nahi dut nire lanekin»

Silvia Aierrak Mikel Belaskoain artistak sustatutako Filmmaking For Social Change jaialdiaren barruan aurkeztu du ‘Verano nuclear’ bere azken lana. Minbiziari buruzkoa da.

Silvia Aierra, urriaren 3an, Iruñeko Civican eraikinaren kanpoko aldean zintzilikatu duten bere argazkiaren aurrean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU / FOKU
Silvia Aierra, urriaren 3an, Iruñeko Civican eraikinaren kanpoko aldean zintzilikatu duten bere argazkiaren aurrean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2025eko urriaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oinez ailegatu da Iruñeko Civicanera. Nekatuta. Eraikinaren kanpoko aldean zintzilikatu duten argazkiari begira, ordea, irribarreak hartu du Silvia Aierraren aurpegia (San Martin Unx, 1985). Hark egindako irudi bat da. Erretratua. Verano nuclear izenburupean bere minbiziari buruz garatzen ari den proiektuko pieza bat. Mikel Belaskoainen Filmmaking For Social Change jaialdian aurkeztu du, urriaren 2an, Iruñean. 

Verano nuclear. Tratamenduengatik?

Bai, hala da. Tratamenduengatik. Medikuntza nuklearretik bidali zidaten lehen mezuak anitz ukitu ninduen. Nuklear hitza ikusteak hunkitu ninduen, eta, aldi berean, pentsatu nuen hori zela uda hartan izanen nuena: uda nuklear bat, alegia. Baina hori baino gehiago ere bada.

Zer gehiago?

Nire hurbilekoekin osatutako Whatsapp talde baten izena ere bada. Jasotako diagnosiaren berri eman nien ingurukoei, taldea osatu aurretik. Taldea sortu nuen tratamendua hasi behar nuenean; horren berri eman nahi izan nien, haien esku bainintzen, haiek zaindu behar baininduten.

Anitzetan erran duzu bidelagunak eta aliantzak behar ditugula, batez ere; horiek direla oinarria, hain zuzen.

Hala da. Minbizia eta bertze hainbat gaixotasun ere subertsiboak izan daitezke, kolokan jartzen dutelako egungo zaintza sistema. Orain anitz erraten da errazago irudika dezakegula gure munduaren amaiera sistema kapitalistarena bainoago; zaintza kolektiborako edozein proposamen, familiaz eta bikotekideaz harago doana, sistema hori guztia kolokan jartzen duen alternatiba bat da.

«Minbizia eta bertze hainbat gaixotasun ere subertsiboak izan daitezke: kolokan jartzen dute zaintza sistema»

Zaila da, oraindik ere, halako proposamenek bide egitea?

Gaixotu nintzenean, batek baino gehiagok galdetu zidan ea noiz joanen nintzen amaren etxera, hark zaintzeko. Galdera horren atzean gauza anitz daude: 40 urteko emakume bat naiz, ezkongabea, bakarrik bizi dena. Infantilizazioa erabatekoa izan zen. Aldi berean, bertze bidegabekeria bat bazela sumatzen nuen, berriz ere emakumeon bizkar jarri nahi zutelako zaintzaren ardura, emakume izateagatik. Hori ez da bidezkoa.

Minbiziaren inguruan, ohikoak dira, halaber, gaixotasunaren prozesua guda batekin parekatzen duten mezuak. Zer deritzozu?

Izugarriak direla. Niri anitzetan erran didate gaixotasunari aurre egin behar niola, ausardiaz jokatu behar nuela. Minbizia nuen! Gerra hizkera patriarkala erabiltzen dute, eta beldurgarria da: batetik, objektu bilakatzen gaituelako; eta, bertzetik, garaileak badaude, garaituak ere badaudelako. Hori izugarria da. Inor ez da hiltzen behar adina ez delako borrokatu. Mezu hori beldurgarria da.

Anitz zabaldu da, ordea.

Bai. Egia da zure jarrerak laguntzen duela, baina jarrera on batek ez gaitu sendatzen. Hori gezurra da, eta mezu hagitz toxikoa.

Minbiziaren inguruko kontakizun horiek agerian uzteko erabaki duzu Verano nuclear lana egitea?

Mezu toxiko horiek salatu nahi ditut. Kontua da hasieratik aritu naizela nire tratamenduei buruzko argazkiak egiten. Diente de leche izeneko aurreko lanean nire osabaren desgaitasunari buruz aritu nintzen, uste dudalako auzi hori tabu bat dela oraindik ere, neurri handi batean. Minbizia edo gaixotasunak, oro har, ere bai. Nire lana ez da nire egunerokoaren isla; ez dut errealitatea den bezala islatu nahi izan. Fikzioa, collageak eta bertzelakoak erabili ditut indarrean dauden kode sozialak bertan behera uzteko asmoz. Uste dut behar ditugula irudi, dokumental eta kontakizun ezberdinak, gorputzen eta gaixotasunen inguruko puzzlea osatu ahal izateko; pieza anitz falta zaizkigu oraindik.

Nolakoa izan da prozesua?

Tratamenduekin hasi eta handik urtebetera arte ez diet egindako argazkiei begiratu. Gorputzari buruzko estereotipoak desmuntatzeak on egin dit, eta lagundu dit, neurri batean, arlo estetikoaren biktima ez izaten. Ulertzen dut, halere, gorputza erabat itxuraldatzen dela, eta ez ditut bertzeak biktimatzat hartu nahi.

«Nire ustez, biktima ona nolakoa den gizartean eraikitzen den bezala eraikitzen da gaixo ona nolakoa den ere»

Mikel Belaskoainen eskutik ekarri duzu zure azken lana Filmmaking For Social Change jaialdira. Baiezkoa eman zenion hasieratik?

Diente de leche aurkeztu nuenean, Belaskoainek erran zidan nirekin lan egin nahi zuela berriz; aipatu zidan aurtengo jaialdian etorkizunari buruz ariko zela, eta nik irudi bat erakutsi nion, Civicanen kanpoko aldean jarri duguna. Nire ustez, biktima ona nolakoa den gizartean eraikitzen den bezala eraikitzen da gaixo ona nolakoa den ere. Estereotipoak berretsi ordez, irudi horrek egilea, subjektua eta ikuslea izateko aukera eman dit. Bai, minbiziak harrapatu egin nau, baina anitz dut amesteko.

Proiektuak aurrera segitzen du, ezta? Marra gorriak ezarri dituzu?

Kolektibo zaurgarriez ari zarenean, kontuz ibili behar duzu beti. Neure buruaz egindako lan bat da hau, baina, aldi berean, garbi dut bertze pertsona anitzi buruz ere ari naizela. Inportantea da kontuz aritzea, lan hori pornografia emozional bilaka ez dadin. Daukadan materiala lantzen jarraituko dut.

Zeure buruaz ari zara, baina gai unibertsalen inguruan?

Bai, zalantzarik gabe. Nire lanaren bidez, minbiziari edo gaixotasunari buruzko bertze iruditeria bat sortu nahi dut. Nahiko nuke lan hau zabaldu eta bertzeak lagundu. Emakumeok, tabuen gainetik, ikasi dugu elkarrekin hitz egiten, eta elkar zaintzen. Hori gauza handia da. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.