Haize freskoa Orbaibar indartzeko

Orbako Haizea herri mugimendua aurkeztu zuten otsailean, eta hainbat jarduera antolatu dituzte ordutik. Harana «dinamizatzea» eta aisialdirako leku bilakatzea da mugimenduaren helburua, besteak beste.

Orbako Haizea herri mugimenduko kideen argazkia. ORBAKO HAIZEA
Orbako Haizea herri mugimenduko kideen argazkia. ORBAKO HAIZEA
Iruñea
2026ko ekainaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zenbait hilabetez, Orbako Haizea herri mugimenduko kideek sekretupean izan zuten Orbaibarren sortzen ari zirena, nahiz eta pistaren bat eman zuten. «Entzuten duzu? Zerbait dator», dio mugimenduak urtarrilean sare sozialen bitartez egindako argitalpen batean. Mezu horretan, haizearen hotsa ere entzun daiteke; dena den, Orbaibarrera otsailean iritsi zen haize boladarik handiena. Izan ere, orduantxe aurkeztu zieten herritarrei Orbako Haizea. Herri mugimendu parte hartzaile bat da, eta, Iñigo Izpura eta Amaia Ruiz talde horretako kideek azaldu dutenez, mugimenduaren helburu nagusiak dira Orbaibar «dinamizatzea», aisialdi «osasuntsua» bermatzea, eta harana lan egiteko, bizitzeko eta aisialdirako leku bilakatzea. Azken hilabeteetan, hainbat jarduera antolatu ditu Orbako Haizeak, zenbait data berezi ospatzeko; besteak beste, Emakumeen Nazioarteko Eguna, 24. Korrika, eta urtero ospatzen duten Etxanoko solstizioa.

Orbako Haizea aurtengo inauterietan aurkeztu badute ere, Izpurak esan du mugimenduak «aitzindari» bat duela: Orbaibarko batzordea. Azaldu du talde horrek zenbait jarduera antolatzen zituela urtero, hala nola Orbajaia eta Etxanoko solstizioa. Dena den, Izpurak aipatu du ikuspuntu «zabalagoa» eta «sozialagoa» eman nahi izan dutela Orbako Haizearen bitartez. «Duela zortzi hilabete erabaki genuen antolatzeko beste modu bat behar genuela, geroz eta ekintza gehiago egiten ari ginelako», adierazi du. 

«Jendearen erantzuna oso positiboa izan da, eta orain fruituak biltzen ari gara. Horrek lan eta erantzukizun handia dakar, baina pozik gaude»

IÑIGO IZPURA Orbako Haizea herri mugimenduko kidea

Orbaibartarrek herri mugimenduari harrera ona egin diotela nabarmendu du Izpurak: «Jendearen erantzuna oso positiboa izan da, eta orain fruituak biltzen ari gara. Horrek lan eta erantzukizun handia dakar, baina pozik gaude». Orbako Haizean guztira 30 lagun aritzen dira; Orbaibar zazpi udalerriz osatuta dago, eta udalerri guztietako kideak daude taldean. 

Lau lantalde

Orbako Haizea herri mugimenduko kideak lau lantaldetan antolatzen dira: euskara eta kultura, feminismoa, gazteria eta komunikazioa. Ruizek euskara eta kultura taldean egiten du lan, eta hainbat jarduera antolatu dituzte azken hilabeteetan. Esaterako, 24. Korrika ospatzeko, herri kirolak, bazkari bat eta haurrentzako Korrika bat egin zituzten martxoaren 19an, Olletan. Gaur egun, besteak beste, hurrengo urteko inauteriei begira ari dira lanean. Izpurak esan du aurtengo inauterietan iruditu zaiela Orbaibarrek «herri inauteri propioak» behar dituela, eta aipatu du inauteri bat asmatzen saiatzen ari direla; horretarako, Etxanoko San Pedro ermitako atean agertzen den «festa» eta bertako pertsonaiak baliatu nahi dituzte. «Ideia batzuk ditugu buruan, eta agian berri politak izango dira hurrengo inauterietarako», adierazi du Ruizek. 

«Ideia batzuk ditugu buruan, eta agian berri politak izango dira hurrengo inauterietarako»

AMAIA RUIZ Orbako Haizea herri mugimenduko kidea

Feminismoa lantzen duen taldeak ere hainbat jarduera antolatu ditu. Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, Orbaibarko zazpi udalen laguntzarekin batera, hala nola Ager Sutan taldearekin «mahai inguru feminista» bat egin zuten, eta Leire San Martin historialariak hark idatzitako La caza de brujas en Pamplona (Sorgin ehiza Iruñean) liburua aurkeztu zuen. Gaur egun, Ruizek esan du jaietarako protokolo bat lantzen ari dela lantaldea, eta hurrengo udarako prest izango dutela. Gazteriari dagokionez, berriz, Izpurak azaldu du Orbako Haizeko talde batek «gaztetxoekin» egiten duela lan, eta gazte horiek, besteak beste, Gaztetxo Egun bat antolatu dutela. «Etorkizunera begira, garrantzitsua iruditzen zaigu orain egiten ari garen lanak jarraipena izatea», adierazi du.

Izpurak gehienbat komunikazio taldean egiten du lan, beste lau kiderekin batera. Haiek, besteak beste, sare sozialetarako bideoak eta kartelak egiten dituzte, eta Orbako Haizearen logotipoa daraman arropa prestatzen ari dira. 

Ibarrarekiko konpromisoa

Ruizek berretsi du Orbako Haizearen helburuetako bat harana «dinamizatzea» dela, eta azpimarratu du dinamizazio hori aisialdiaren eta jaien eremutik harago doala: «Gizarte testuingurua ere landu nahi dugu; esaterako, ekintza batzuk egin ditugu Palestinari elkartasuna adierazteko, eta BSHko langileekin ere bat egin genuen». BSHko langileei dagokionez, Alemaniako multinazionalak 2024 amaieran iragarri zuen Ezkirozko lantegia itxiko zuela, eta 2025 amaieran seiehun langile inguru kaleratu zituen. Langile horien artean Orbaibarko zenbait herritar zeudela aipatu du Ruizek, eta, kaleratze horiek salatzeko, agerraldi bat egin zuten Puiun.

BSHko langileei elkartasuna adierazteko egindako manifestazioa, Puiun. ORBAKO HAIZEA
BSHko langileei elkartasuna adierazteko egindako manifestazioa, Puiun. ORBAKO HAIZEA

Herri mugimenduan landu nahi duten beste arlo bat etxebizitzaren arazoa da. Izpurak onartu du arazo hori ez dela Orbaibarkoa bakarrik, baina ibarrak dituen zenbait berezitasun nabarmendu ditu: «Hemen lur eremua sobera dago, baina lur horien jabeek ez dute saldu nahi. Horrez gain, etxebizitza asko hutsik daude, eta horiek ere ez dituzte saldu nahi». Instituzioak ere kritikatu ditu: «Instituzioek, izan Nafarroako Gobernuak edo izan udalek, askotan ez dute beren esku dagoena egiten, eta, neurri batean, eskuak garbitzen dituzte». Esan du haraneko jende gaztearentzat «oso zaila» dela «etxebizitza propioa» izatea, eta Iruñea gertu izateak egoera zailtzen duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA