Ezusteko albiste bat jaso zuten martxoaren 10ean Iruñeko hainbat bizilagunek; izan ere, egun horretan Nafarroako Gobernuak adierazi zuen aurtengo udan ez dituela irekiko Iruñeko Arrosadia auzoan dauden Larrabideko estali gabeko igerileku publikoak. Gobernuaren arabera, irizpide teknikoak direla-eta ez dira irekiko, eta, alternatiba gisa, proposatu dute Larrabideko erabiltzaileek Gelbentzuko aisia guneko igerilekuak erabiltzea aurtengo udan. Dena den, eskainitako alternatibak eta Larrabideko igerilekuak ez irekitzeko emandako arrazoiek ez dituzte herritarrak konbentzitu, eta Larrabide Bizirik izeneko plataforma sortu dute.
Plataformak eskatzen du aurtengo udan ere igerileku horiek irekitzea, eta sinadurak biltzen ari da igerilekuak ez ixteko. Iruñean dauden lau igerileku publikoetako bat da Larrabide, eta, plataformaren arabera, udaro 5.000 pertsona baino gehiagok erabiltzen dute «babesleku klimatiko» gisa. Dena den, Nafarroako Gobernuko Kultur, Kirol eta Turismo kontseilari Rebeca Esnaolak apirilaren amaieran esan du litekeena dela Larrabideko igerilekuak «ohi bezala» irekitzea, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak baimena ematen badu.
Nafarroako Gobernuak bi arrazoi aipatu zituen martxoan igerilekuak ez irekitzeko: alde batetik, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak adierazi duela egungo instalazioa indarrean dagoen araudira egokitu behar dela, estali gabeko igerilekuetan piboteak daudelako —gobernuak dio pibote horiek egoteak araudia urratzen duela—; eta, bestetik, igerilekuen ontzietan «ur galera handiak» daudela, eta, gobernuaren arabera, litekeena da hori «isuri handi» batzuen ondorio izatea. Piboteen arazoari dagokionez, erakundeak adierazi zuen arazo hori konpontzeak 100.000 euro baino gehiagoko gastua dakarrela, eta esan zuen ez dutela egokitzat jotzen «hain inbertsio handia» egitea, kontuan izanda Larrabideko igerilekuen lekuan igerileku olinpiko bat egiteko proiektu bat dagoela, kirol federatuari eta goi errendimenduko kirolari zerbitzua emateko.
Fermin Lukin Larrabide Bizirik plataformako kidea da eta Larrabideko igerilekuetako erabiltzailea udan: «Uste dut Nafarroako Gobernuak emandako arrazoiak azukre koskor baten moduan urtzen direla». Lukinek esan du Larrabideko teknikariekin hitz egin duela, eta, piboteen arazoari dagokionez, adierazi du Larrabideko igerilekua kudeatzen duen Masquatro enpresak proposamen bat egin duela arazo hori konpontzeko, eta enpresak dioela 4.000 euroko kostua duela. «Konpontzeko erraza da. Iruñeko beste igerileku batzuetan konpondu dute», azaldu du. Ur galerei dagokionez, berriz, azken hamarkadan isuri gutxien izandako urtea izan zen iazkoa, Lukinek adierazi duenez.
«Uste dut Nafarroako Gobernuak emandako arrazoiak azukre koskor baten moduan urtzen direla»
FERMIN LUKIN Larrabide Bizirik plataformako kidea
Esnaolaren arabera, igerileku olinpikoaren proiektuak ez du zerikusirik uda honetan Larrabideko igerilekuak ez irekitzearekin, baina Lukinek ez du berdin pentsatzen: «Nire ustez gobernuak igerilekuak ixteko erabakia hartu du uste duelako polita litzatekeela igerileku olinpiko bat izatea atletismoko pistekin batera».
Alternatiba «barregarria»
Nafarroako Gobernuak martxoan iragarri zuen zuen Aquabide kirol zentroan —Larrabideko igerilekuak zentro horren parte dira— urteko abonamendua dutenek Gelbentzuko aisia guneko instalazioak erabil ditzaketela dohainik uda honetan —Gelbentzun bi igerileku daude—.

«Proposatzen diguten alternatibak ez du zentzurik, eta barregarria da», adierazi du Lukinek. Larrabide Bizirik plataformako kideak esan duenez, Nafarroako Gobernuak dio Gelbentzun Larrabideko erabiltzaile guztiak sartzen direla, baina soilik urteko abonamendua dutenak hartzen dituzte kontuan, eta udan Larrabiden «askoz ere abonatu gehiago» izaten dira. Larrabide Bizirik plataformakoek azaldu dutenez, Gelbentzun gehienez 675 pertsona sar daitezke, eta iazko abuztuko egunen erdietan baino gehiagotan kopuru hori gainditu zuten Larrabideko igerilekuetan.
Igerilekuek duten garrantzia azpimarratu du Larrabide Bizirik plataformak: «Langile auzo bat da gurea; berdegune gutxi daude, eta udan gero eta bero handiagoa egiten du. Horrelako azpiegiturak ixtea ez da erabaki administratibo hutsa: osasun publikoko eta justizia sozialeko kontua da». Plataformako kideek nabarmendu dute ireki zituztenetik Larrabideko igerilekuak «funtsezko babesleku klimatikoa» eta «gizarte kohesiorako gunea» izan direla «adin eta baldintza ekonomiko guztietako» herritarrentzat.
«Borrokan ari gara, uste baitugu aurten, eta seguru asko datozen urteetan, lor dezakegula igerilekuak irekitzea»
Lukinek esan du borrokan jarraituko dutela igerilekuak irekitzeko. «Borrokan ari gara, uste baitugu aurten, eta seguru asko datozen urteetan, lor dezakegula igerilekuak irekitzea», adierazi du. Larrabide Bizirik plataforma kontzentrazioak egiten ari da asteazkenero, arratsaldeko 19:00etan, Larrabideko igerilekuen sarreran, igerilekuak ez ixteko eskatzeko.