Hastear da errentaren kanpaina

Apirilaren 9an abiatuko da; Nafarroako zergadunek ekainaren 25era bitarte aurkeztu ahal izanen dute aitorpena. Nafarroako Ogasunak 355 milioi euro baino gehiago itzuli zituen iaz.

Apirilaren 9an hasiko da errenta aitorpena egiteko kanpaina Nafarroan. NAFARROAKO GOBERNUA
Apirilaren 9an hasiko da errenta aitorpena egiteko kanpaina Nafarroan. NAFARROAKO GOBERNUA
edurne elizondo
Iruñea
2026ko martxoaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hegazti migratzaileak bezala, pertsona fisikoen gaineko errentaren zerga aitorpena egiteko kanpaina udaberriarekin batera itzuli da herrialdera. Apirilaren 9an hasiko da, eta ekainaren 25ean bukatu. Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak jakinarazi du zergadun anitzek administrazioak prestatutako aitorpen proposamen bat jasoko dutela, ohi bezala, eta ados badira ez dutela bertze deus egin behar izanen.

Iazko datuak

387.000 errenta aitorpen

Nafarroako Gobernuak ia 510.700 zergadunen 387.000 errenta aitorpen baino gehiago jaso zituen iaz. Aurreko urteko datuekin alderatuta, jasotako aitorpen kopuruak %2,3 egin zuen gora, eta zergadunenak, berriz, %1,6. Gobernuak, denera, 355,7 milioi euro itzuli zizkien zergadunoi. Datu horrek ordura arteko markak hautsi zituen: kanpainaren amaieran, Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilari Jose Luis Arastik azaldu zuen 355,7 milioi horietatik ia ehun herrialdeko mutualistek jaso zituztela, hau da, lan mutualitateei egindako ekarpenen truke jubilazio edo desgaitasun pentsioak jaso zituztenek. Izan ere, gobernuak iazko errentaren kanpainaren hasieran iragarri zuen kenkaria ezarriko zietela mutualistei, eta denera 145 milioi itzuliko zizkietela: ia ehun, 2020tik 2023ra bitarteko epeagatik, eta bertze 45 milioi, 2024koagatik. Iaz, batez bertze, mutualistek 1.600 euro baino gehiago jaso zituzten bueltan.

Azken aldaketak

17.000 euroko muga

Nafarroako Gobernuak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren araudia aldatu zuen iazko abenduan, dekretu baten bidez. Gobernuak hizpide hartu zuen 2026rako zerga neurrien legean jasotakoa. Aldaketa horren arabera, urtean 17.000 euroz azpiko errenta jasotzen duten herritarrek ez dute aitorpena egin beharko. Gobernuaren asmoa da errentarik txikienak dituzten zergadunen «zama aritzeko urratsak» egitea. PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak iazko azaroan lortu zuten zerga neurrien legea onartzeko akordioa. 

Lehen urratsak

Gobernuaren proposamena

Aurreko urteotan bezala, Nafarroako Gobernuak administrazioak prestatutako errenta-aitorpen proposamena bidaliko die herrialdeko milaka zergadunei; iaz 220.000 bidali zituen. Proposamenak jasotakoarekin ados badira, zergadunek ez dute deus egin beharko, eta Ogasun Departamentuak onartutzat emanen du. Aldiz, herritarrak jasotako proposamenarekin ados ez badira, beren aitorpena aurkeztu beharko dute. Aitorpen berri horrek bertan behera utziko du gobernuak egindako proposamena.

Nola egin

Online, telefonoz, bulegoan

Errenta aitorpena egiteko hiru modu eskaintzen ditu Ogasunak: online, telefonoz edo bulegoan. Sarean eginez gero, zergadunek ez dute ordurik eskatu beharko. Nahi dutenean egin dezakete, eta aukera izanen dute, gainera, nahi adina zirriborro egiteko.

Telefonoz ere egin daiteke errentaren aitorpena. Beharrezkoa da aurretik ordua hartzea, kanpainari buruzko informazioa jasotzen duen webgunearen bidez —Renta.navarra.es—. Zehaztutako egunean eta orduan, Ogasuneko langile batek zergadunari telefonoz deituko dio; aitorpena egiteko agiriak eskura izan beharko ditu.

Ogasunak herrialdean dituen bulegoetan ere aurkez daiteke errentaren aitorpena, ohi bezala. Telefono bidezko kasuan bezala, beharrezkoa da aurretik ordua hartzea, eta horretarako bi bide izanen dituzte zergadunek: telefonoz deitzea ( 948-50 55 05) edo webgunearen bidez egitea. Ogasunak Iruñean, Lizarran, Tuteran, Donezteben eta Tafallan baditu bulegoak.

Nola ordaindu edo kobratu

Batera edo bi alditan

Zergadunak dirua bueltan jaso behar badu, aitorpena egiterakoan emandako kontu korrontearen zenbakian hartuko du dagokiona. Ordaindu behar badu, berriz, aukera izanen du dena batera edo bi alditan pagatzeko. Lehen ordainketa ekainean egiten da, eta bigarrena, berriz, azaroan.

Ogasunak bulego mugikor bat prestatu du

Nafarroako Gobernuak proiektu pilotu bat jarri du martxan: bulego mugikor bat prestatu du, eta hainbat herritan eskainiko du errenta aitorpenaren kanpaina bulego horretan egiteko aukera. Zehazki, Zangozan, Altsasun eta San Adrianen izanen da. 

Zangozan apirilaren 27tik maiatzaren 15era bitarte egonen da bulego mugikorra; maiatzaren 18tik ekainaren 5era San Adrianera mugituko da, eta ekainaren 5etik 25era, azkenik, Altsasura. 

Aitorpena egiteko ordua telefonoz har daiteke, 948-50 55 05 zenbakian, edo webgunearen bidez —Renta.navarra.es—, orria kanpainarako prest denean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!