Hemen da, besarkadek ekarri baitute

Hemezortzi urte joan dira Jose Diego Yllanesek Nagore Laffage hil zuenetik, baina erizain gaztearen memoria bizirik da, haren familiaren eta Astelehen Lilak taldearen lanari esker. Omenaldia egin berri diote Iruñean, urtero legez.

Asun Casasola, Nagore Laffageren ama, Iruñean egindako omenaldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Asun Casasola, Nagore Laffageren ama, Iruñean egindako omenaldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2026ko uztailaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sanferminen aurreko azken astean, hiriaren erritmoa azkartu egiten da Iruñean. Mundu guztia korrika ibiltzen da batetik bertzera, uztailaren 6an botatzen duten txupinazoarekin batera zerbait bukatuko balitz bezala. Uztailaren 1ean, baina, denboraren joana eten egin da Iruñeko Geltokin. Aretoa txiki gelditu da Nagore Laffage oroitzera joan diren guztientzat. Astelehen Lilak taldeak antolatu du omenaldia, urtero legez, eta, ohi bezala, herritarrek ekitaldia baliatu dute argi uzteko Laffage oroitzen dutela. Laffageren ama Asun Casasolari horixe erran diote eman dizkioten besarkaden bidez: Jose Diego Yllanesek 2008ko uztailaren 7an hil zuen Nagore Laffage, baina erizain gaztearen memoria bizirik da; iruindarrek oroitzen dute; Nagoreren izena ezpain guztietan dabil dantzan. Alabaren absentzia memoria bilakatu du Casasolak; hemen da, besarkadek ekarri baitute.

Hemezortzi urte joan dira Yllanesek Laffage hil zuenetik; hemezortzi urte Casasolak eta Astelehen Lilak taldeak Laffageren izena indarkeria matxistaren aurka egiteko tresna bihurtu zutenetik. «Ehunka ikastetxetan egon naiz Nagore dokumentala aurkezten. Hunkitu egiten naiz Iruñera etortzen naizen aldiro, baina uste dut gauzek hobera egin dutela, gure lana ari dela fruituak ematen». Irribarre batekin mintzatu da Casasola, eta irribarre egin dio alabaren argazkiari ere. Omenaldiak iraun bitartean, pankarta bati eutsi diote Casasolaren lagunek eta senideek. Zure oroimenez. Horixe dio pankartaren leloak. Laffageren oroimenez egiten du haren amak urrats oro.

«Hunkitu egiten naiz Iruñera etortzen naizen aldiro, baina uste dut gauzek hobera egin dutela, gure lana ari dela fruituak ematen»

ASUN CASASOLA Nagore Laffageren ama

Nagore dokumentalaren zuzendari Helena Taberna ondoan izan du Casasolak hitza hartu duenean. Elkarri besarkada luzea eman diote, eta filmaren bidez ere Tabernak Laffageren familia eta haren lagunak besarkatu nahi izan dituela azpimarratu du zinemagileak. Astelehen Lilak taldeko kide Tere Saezek berretsi du Casasolak errandakoa, eta azpimarratu mugimendu feministaren indarrak «mugitzera» behartu duela administrazioa. Nabarmendu du Iruñean egun badela Sexu Indarkerien Arreta Integralerako Zentro bat, eta sexu erasoak jasan dituzten haurrak artatzeko zentro bat ere bai. Geltokiko omenaldian izan dira Iruñeko Udaleko, Nafarroako Parlamentuko eta Nafarroako eta Espainiako gobernuetako ordezkariak, eta haien aurrean eskaera bat egin du Saezek, Astelehen Lilak taldearen eta Casasolaren izenean: «Nagore Laffageren izena har dezala Sexu Indarkerien Arreta Integralerako Zentroak».

Musika eta lore eskaintza

Laffageren omenezko Geltokiko ekitaldiak musika ere besarkada bilakatu du. Aurora Beltran eta Kai Etxaniz izan dira oholtzara igotzen lehenak, eta Etxanizek Laffageri idatzitako kanta abestu dute, omenaldia hasteko.

Maite Mene musikaria izan da bigarrena, eta hark ere Laffageri eskaini dizkio bere kantak; Casasolari ere bai. Laffageren amak hunkituta entzun ditu abesti guztiak, eta besarkada estu baten bidez eskertu die oholtzara igo diren guztiei alaba gogoan izatea.

Lehen kanten ondotik, lore eskaintza egin dute Laffageren omenez. Casasolak krabelinak banatu ditu senideen eta lagunen artean, eta erizainaren argazki baten aurrean jarri dituzte, txalapartariek jo bitartean. Lohitzune Arana dantzariak, gainera, aurresku bat eskaini dio, txistulariek lagunduta. Etxaniz eta Beltran oholtzara itzuli dira, eta abesti bana jo dute; Lola Rodriguez eta Bandada ere aritu dira, eta Brasilgo Yaya Massemba taldeak eman dio amaiera ekitaldiari.

Nagore Laffageren omenezko lore eskaintza, Iruñeko Geltokin egindako omenaldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Nagore Laffageren omenezko lore eskaintza, Iruñeko Geltokin egindako omenaldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Astelehen Lilak taldeko kideek eskertu EGIN dute musikari guztien parte hartzea, eta herritarren babesa ere bai. «Yllanesek hitza eta ahotsa kendu zizkion Nagoreri, baina gu hemen gaude, haren izenean indarkeria matxistaren aurkako mezua zabaltzen», erran du Tere Saezek. Indarkeria matxistaren aurkako bidean egindako urratsak nabarmendu ditu, baina salatu egungo sistema heteropatriarkal, kapitalista eta arrazistak «sistema horrek ezarritako araua hausten dutenak» zigortzen segitzen duela. «Indarkeria matxistaren aurrean, berdintasuna eta feminismoa dira bidea».

Omenaldiko antolatzaileek indarkeria matxistaren biktima guztiak oroitu nahi izan dituzte; gainera, «besarkada estu bat» helarazi nahi izan diete ekainaren 28an Iruñeko Alde Zaharrean gertatutako istripuaren ondorioz hildako emakumearen senideei eta lagunei, bai eta ezbeharrean zauritutakoei ere.

Casasolak antolatzaileak besarkatu ditu; eta Geltoki bete duten guztiak besarkatu nahiko lituzkeela azpimarratu du, besoekin keinu eginez. Hunkituta ailegatu da omenaldira, eta hunkituta erran du agur. Laffageren argazkiari erakutsi dion irribarrea, baina, ez du galdu. Alaba hemen du, bere besarkaden bidez ekarri baitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA