laura peganos rodriguez
IRITZIA

Hitza geratzen zait

2026ko apirilaren 10a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mirentxu Loiarte iaz hil zen, Iruñean. Irrintzi eta Euskal Emakumeak filmak sortu zituen zinema zuzendaria. Ez dakit zenbat pertsona joan ziren bera agurtzera. Agian, 2025ean Ikuspuntu jaialdian eman zuen hitzaldira joan ziren pertsona apur horiek beraiek? Mirentxu Loiarte ez zen celebrity-a edo influencer-a, ezta politikaria ere. Ez zen telebistan agertzen, ez. Ez zuen Goyarik irabazi, ez. Izan ere, sortzeko lekurik ere ez zuen izan. Ez zuen errekonozimendurik izan. Are gehiago, leku askotan bere lana debekatu egin zuten. Egin zituen film laburrak deserosoak izan ziren askorentzat. Bere garaiko narratiba hegemonikoak eta botere finkatuak desafiatu eta zalantzan jarri zituen.

Zinebi zinema jaldiaren inaugurazioan entzun nuen lehen aldiz bere izena, Arriaga antzokian, Bilbon. Euskadiko ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreko emakumeen elkarteak, (H)emen-ek, omenaldi txiki bat egin zion, eta gaur egun Mirentxu Loyarte izena duen saria sortu zuen. Nik ez nekien nor zen, hasieran pentsatu nuen zinema zuzendari bizkaitar bat izanen zela, baina ekitaldiak aurrera egin ahala ulertzen joan nintzen emakume haren hedadura norainokoa izan zen. Zinemagintzan eta dokumentalgintzan bidea ireki zuen Espainiako Estatu osoan. Munduari eta Euskal Herriari begiratzeko moduan aldaketa mamitsuak ekarri zituen, bide berriak esploratu eta gidatu zituen. Abangoardiako emakumea, aurreratua. Aitzindari bati buruz ari ziren, zalantzarik gabe, baina ni gehien harritu ninduena iruindarra zela jakitea izan zen. Nafarra. Hunkitu egin nintzen. Altxor bat! Hara non, Bizkaian!, pentsatu nuen.

Nola zen posible bere izena ordura arte entzun ez izana? Horrelako emakume bat; sortzailea, Venezuelan erbesteratua, iraultzailea esan nezake, botereak baztertua. Berehala hasi nintzen bere aztarnen bila. Egin nuen lehen gauza bere filmak ikustea izan zen eta baita Iratxe Fresneda zinemagile bizkaitarrak egindako dokumentala ere, Irrintziaren oihartzunak, Primeran plataforman ikusgai. Gero jakin nuen iaz Ikuspuntu jaialdian Mirentxu Loiarte mahai inguru batean izan zela. Iturri on batek esan zidan jende gutxi zegoela publikoan.

Emakume sortzaile askok badakigu zer zaila den sortzaile izatea, zer konplexua den ahots propioa eta espazioa lortzea

Aho zapore garratza geratu zitzaidan. Bihotzean errautsak. Nafarroan bere izeneko saririk ez. Omenaldiak eta solasaldiak, zoritxarrez, ez dira nahikoak anonimotasunean isildutako emakume artista eta sortzaile asko ahanzturatik ateratzeko. Hil eta gero salda bero! Baina tira, zerbait badira. Aurten berriz izanen du tokia Mirentxu Loiartek Ikuspuntu jaialdian, hitzaldi ilustratu batean. Berri ona. Horren gaineko hausnarketa egiteko aukera behintzat izanen da.

Emakume sortzaile askok badakigu zer zaila den sortzaile izatea, zer konplexua den ahots propioa eta espazioa lortzea eta, batez ere, zer gogorra den ikustea mundua aldatzeko gure asmoak eta ametsak alferrikakoak izaten direla maiz, sistemarekin eta boterearekin lerrokaturik egon ezean. Baina, hala ere, Mirentxuk idatzitakoak gogora ekarrita, ez dugu ahaztu behar hitza geratzen zaigula.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA