Eragozpenik eza, traba gabezia; besteren mendeko ez denaren egoera; espetxean edo atxiloturik ez dagoenaren egoera; zapalkuntzarik eza; gizabanakoen oinarrizko eskubidea. Hauek guztiak askatasun hitzari dagozkion adierak dira, bost adiera guztira.
Irakurtzean, guztiak ezagunak bezain arrotzak iruditu zaizkit. Alabaina, nahiz eta adierak irakurri eta horien xehetasunak ulertu, kontraesan horri esker konturatu naiz oraindik ere ez dudala oso argi zer den askatasuna; neure ezkerreko birikan sarturiko iltzea izan ote daitekeen edo arnas hodi leuna nahiz jendartean barreiatutako haize-korronte isila ote den.
Ildo berean, ez dakit askatasunak zenbateko pisua duen, ez dakit zein neurrik neurtzen duen, ez dakit askatasuna gorpuztu eta azalera daitekeen edo soilik hesteetan korapilaturik geratzen ote den. Halaber, ez dakit zein seinale den askatasunaren adierazle: begiak lasaitasunez biltzea, zure lurraldeak edota herrialdeak mugarik ez izatea, handik hona mugitzeko eskubidea bermatuta edukitzea, mihiak eta ezpainek arduragabe hitz egitea eta edozein ideia ahoskatzea, gorputza arauturik ez izatea, eskumuturretan eskuburdinen markarik ez izatea, nor bere hizkuntzan eragozpenik gabe mintzatu ahal izatea eta ikastea, elkarri muxu ematea, bandera bat balkoian edukitzea, oihukatzea edota negar egitea ote den; edo hau guztiau eta askoz gehiago ote den.
Ez dut guztiz ezagutzen askatasunaren sentsazioa; areago, lasaitasunarekin lotu izan dut beti, baina, orain, pentsatzen hasirik, neure burua inoiz aske sentitu ez dudala esanen nuke, eta, zenbait momentutan aske nintzela pentsatu badut ere, sentsazio hori unean uneko bat-bateko ezaugarriei zor zitzaiela baieztatuko nuke.
Asteotako gertakariek erraztu didate honako hausnarketa hau; izan ere, adierazpen askatasuna aitzakia harturik, indarkeriaz, errepresioz eta zigorrez beteriko egunotan, argi eta garbi ikusi ahal izan dugu asko garela eskubide horretatik at zein salbuetsirik gaudenak, eta gure komunitatea, zoritxarrez, ez da salbuespena.
Udaberri hondarrean, zigorrak izan dira nagusi; argi ikusi ahal izan dugu ubeldurek, atxiloketek eta jazarpenak herrien arteko elkartasuna eta faxismoaren aurkako jarrerak zigortzeko nahiz zanpatzeko erremintak izaten jarraitzen dutela.
Besteen mende ez egoteko eskubidea, beharra eta nahia adierazi nahi dut, gu ez bezala gure hizkuntza bederen noizbait aske izan dadin
Aipatzekoa da askatasunak baino adiera bat gutxiago duela adierazpenak, azken horrek, besteak beste, lau baititu, horien artean honako hau: norbaitek bere barnean duena adieraztea, bereziki hizkuntzaren bidez.
Horiek horrela, bihar, ekainaren 13an, euskaltzale gisa, faxismoaren hedapenari eta gure herriak eta hizkuntzak bizi duten oldarraldiari aurre egiteko eragozpenik, trabarik, zigorrik, mehatxurik, gutxiespenik eta zapalkuntzarik nahi ez dudala aldarrikatu nahi dut; berebat, besteen mende ez egoteko eskubidea, beharra eta nahia adierazi nahi dut, gu ez bezala, gure hizkuntza bederen noizbait aske izan dadin.
Bada garaia guztiok hiztegian bildutako adiera horiek guztiak geure izan ditzagun; bada garaia askatasuna zer den jakin dezagun.