Flavia Company idazleak idatzitako Haru (2016) liburua irakurtzen ari naiz, eta, bertan, honakoa irakurtzeko aukera izan nuen: ihes egiten duenak lehenago edo geroago itzuli beharra dauka bertatik alde egin ahal izateko. Ez dakit aurtengo abuztuan, oro har, guztira, zenbat ihes, joan eta itzulera egon diren; baina ziur joan-etorri ugariko hilabetea izan dela. Dena den, aurten ere, gai izan gara eguzkipean erretako nahiz belztutako gorputza helmugaraino, iraileraino, bultzatzeko eta ahalegin handirik gabe herrestatzeko; eta, bai, heldu gara berriz irteerara. Alabaina, ez dakit gorputzaz gain, gu geu ere erraztasun berdinarekin heldu ote garen sasi-urteberri honetara.
Ni, behintzat, burumakur eta goibel heldu naiz irailera; oporrak izan ditut, bai, baina aurten ez dut indarrik izan uda oporren iruditegiarekin apaintzeko. Urtaroa errespetatu dut, oporrak lehenetsi gabe.
Hori dela eta, abuztua parentesi likatsu eta arraia izan beharrean, urteko zortzigarren hilabetea izan da, baina, hala eta guztiz ere, nahiko lo egin ez dudalako sentsazioarekin heldu naiz udako hondarrera nahiz egunerokoaren hastapenera; ingurua lehenetsi ez dudalako pertzepzioarekin iritsi naiz irailera; egunerokoan irakurritako lerroburuei nahiz xehetasunei nahikoa erreparatu ez diedalako sentsazioa dut; uda izateko, egon beharko nukeen bezain lasai egon ez naizelako sentipena dut. Baretu gabeko ezinegona dut, eta, berau txikitzeko eta so ez egiteko, egunerokoari heltzeko gogoa dut.
Isilpean madarikatu dut nahi nuen lekutik ihes egiteko zein alde egiteko eta nahi nuen tokira nahi adina aldiz itzultzeko pribilegioa
Iragan den uztailean, betebeharrei amaiera eman nien, eta ordutik ez dut errutina zehatzik, betebehar garrantzitsurik, ez bete beharreko erritmo neurrigaberik izan; ondorioz, ez dut aitzakiarik izan ez Palestinako genozidioa, ez Kongoko Errepublika Demokratikoko gatazka egunerokoak apainduriko bilgarri batekin guztiz ezkutatzeko. Agerian egon dira berriak, datuak, lerroburuak, banderak eta aurpegiak; oraina agerian egon da, eta mingarria nahiz zorigaiztokoa izan da oso.
Ihes egiten duenak lehenago edo geroago itzuli beharra dauka bertatik alde egin ahal izateko. Eta nik, abuztuan, Iruǹƒeko Alde Zaharreko gehiegizko turismoa madarikatzen nuelarik, isilpean madarikatu dut nahi nuen lekutik ihes egiteko zein alde egiteko eta nahi nuen tokira nahi adina aldiz itzultzeko pribilegioa. Errudun sentitu naiz. Maiz.
Irailera iritsi gara; baina argi izan behar dugu ez ginatekeela inora helduko, ezta irailera ere, abiapuntuak nahieran jartzeko eta bidea zeharkatzeko ahalbiderik izanen ez bagenu.
Kontrara, badago, ordea, izozkiz eta txankletaz inguratuta ez dagoen jendea; lekualdatzeko aukerarik izan ez duten eta izanen ez dutenak, eta horiek guztiak gaurkoan dakarkizuedan Companyren aipuaren salbuespena dira; izan ere, milioika pertsona horiek ezin izanen dute sekula dauden lekutik joan, alde egin eta ihes egin. Areago, ihes egitea lortzen dutenek bizitzeko zailtasunak eta gaitzespena baino ez dituzte jasaten gurean, eta, horrek, amaierarik gabeko ihesaldia aurrera eramaten jarraitzera behartzen ditu.
Iraila heldu da, eta egunerokoa ere bai. Zaratak, kirolak, supermerkatuek, askatutako lokarriek, deiek, diruak, garbigailuak, gertukoek, gaizki-ulertuek, begiradek eta egunerokoa ezustean betetzen nahiz zamatzen duten kontu guztiek estaliko dute gure ingurua; begibakarrak izanen gara, eta begi hori gure zilborrari begira egonen da.
Mesedez, errutinak eta egunerokoak ez ditzala bidegabekeria oro ezkutuan gorde. So egin.