Orduan ailegatu da, eta irribarrea du aurpegian. Sumatzen zaio jaso berri duen sariarekin kontent dela, eta gustura, batez ere, musikaren esparruan egiten ari den bidearekin. Jara Lirasek (Iruñea, 2000) pianoko ikasketak bazter utzi zituen abesbatzaren zuzendaritzan trebatzeko. Bi talde zuzentzen ditu egun: Queer Chorus eta Basandere Ahotsak. Nafarroako Gobernuak Pertsona Gaztea saria eman berri dio.
Pertsona Gaztea saria jaso duzu; sari bat da, ardura bat ere bai?
Egia erran, ezuste handia izan da niretzat, abesbatzako kide batek aurkeztu baitzuen nire hautagaitza, nik deus jakin gabe. Finalisten artean nengoela erran zidatenean jakin nuen. Hagitz kontent nago, eta hagitz eskertua, nik nire lana ahal bezain ongi bete bertzerik ez baitut egin. Kontent nago, batez ere, uste baitut abesbatzen lana ezagutzera emateko balioko duela, eta lagunduko duela jende gaztea abesbatzen mundura erakartzen.
Abesbatza anitzen kezka da hori, gazteak nola erakarri. Zaila da?
Bai. Herrialdean egun dauden abesbatzak zaharrak dira, gazte garaian hasi zirenak zahartu baitira. Inportantea da mundu hori gaztetzea, eta, batez ere, abesbatzak zaharrekin eta elizekin edo musika erlijiosoarekin lotzen dituen estereotipoa apurtzea.
Zuk nabarmendu izan duzu abesbatzak zerbait soziala direla, karrikan dagoen zerbait, hain zuzen.
Hori uste dut. Egia da maila handiko abesbatza profesionalak badaudela, baina nik nabarmendu nahi dut edozeinek abes dezakeela, edozein izan daitekeela abesbatza bateko edo talde bateko kide, inportanteena ez baita musika, elkarrekin sortzeko bat egitea baizik.
«Inportantea da abesbatzak gaztetzea, eta zaharrekin eta elizekin lotzen dituen estereotipoa apurtzea»
Beraz, musikak balio dezake gaur egungo gizarteak sustatzen duen indibidualismoaren aurka egiteko?
Bai, zalantzarik gabe. Gainera, bertzeekin abesteko elkartzen zarenean, ez duzu berehala jasotzen lan horren emaitza. Egungo gizartean dena doa hagitz azkar, baina abesbatzaren dinamika hagitz bertzelakoa da. Lan hori ez da egun batetik bertzerakoa eta aukera ematen dizu inguruan dituzunekin harreman sendoak eraikitzeko.
Gazteak antolatzeko modu bat ere izan daitezke abesbatzak?
Abesbatzak lotura emozionalak eta sozialak sortzeko balio du, hasiera-hasieratik. Kontua ez da zuk zerbait egitea, bertze lagun batzuekin zauden bitartean. Abesbatzaren dinamikan, zure ahotsa ondokoarena bezain inportantea da; ez duzu nabarmendu behar, ezta bertzeen azpitik gelditu ere. Gainera, garbi dut gazteentzat hagitz lagungarria dela astean behin bertzeekin elkartzeko aukera hori izatea.
Queer Chorus zuzentzen ari zara, eta Basandere Ahotsak ere bai. Abesbatza berria da Queer Chorus. Nola sortu da?
Nafarroako LGTBIQ+ Friends elkartearena izan zen taldea sortzeko ideia; kolektiboko jendearentzat bestaz bertzeko jarduerak proposatu nahi zituzten. Nire bikotekidea elkartekoa da, eta haren bidez jakin nuen abesbatza sortzeko ideia mamitzen hasi zirela. Donostian abesbatzen zuzendaritzako ikasketak amaitu eta gero, Iruñera itzuli nintzen, eta lanean hasi ginen.
Zein da helburua?
Helburua erabat soziala da, ez da musikaren esparruan bikaintasuna lortzea; inklusioa sustatu nahi dugu. Urtarrilean hasi ginen entseguekin, eta egun 45 kide inguru gara. Itxaron-zerrenda badugu, gainera. Harrera beroa egin diote abesbatzari. Lanean hasi ginenean, abesbatzak izan behar zituen balioak zehaztu genituen, eta hori da gure oinarria.
Zeintzuk dira balio horiek?
Inklusioa sustatu nahi dugunez, garbi erran behar dut abesbatza ez dela bakarrik kolektiboko jendearentzat. Etorri nahi duenak, noski, errespetua hartu behar du beti oinarri. Adin askotako jendeak bat egin du, talde askotariko bat sortu dugu. Kontua da abesbatza gune seguru bat izatea kolektiboko kideentzat, baina ez dugu abesbatza gay bat izan nahi. Errespetua oinarri, gure balioekin bat egiten duena ongi etorria da taldean.
«Inklusioa sustatu nahi dugu. Urtarrilean hasi ginen entseguekin, eta egun 45 kide inguru gara»
Basandere Ahotsak taldea, bertzalde, emakume abesbatza bat da. Nola hasi zinen taldean?
Nire amaren bidez. Amak eta bertze lagun batzuek bat egiten zuten kantatzeko, eta ni haiekin aritzen nintzen. Hasieran ez nuen zuzendari lana egiten, baina ikasketak amaitu nituenean ardura hori hartu nuen. Oraingoa da nire lehen urtea. Denak emakumeak izatea berez gertatu den zerbait da, baina orain harro gaude ezaugarri horretaz. Badira emakumeek osatutako bertze abesbatzak, baina anitzetan gertatzen da zuzendaria gizona dela, eta gure kasuan, ez.
Donostian ikasi duzu zuzendaritza. Hemen ez zenuen aukera?
Ez, eta pena da. Madrilen eta Donostian eman nuen izena, baina nahiago nuen etxetik gertu gelditu. Aurretik pianoko ikasketak hasi nituen. Baina uztea erabaki nuen.
Zergatik?
Ikasketa garaia gogorra izan zen, ohartu bainintzen kontserbatorioko bidean erabateko espezializazioa dela helburu bakarra, eta ondoan duzunarekin lehia betean jartzen zaitu. Nik musika bertzela ulertzen dut, nik uste dut gure egitekoa dela bat egitea, musika egiteko mundu guztiarentzat. Erabakia hartzea gogorra izan zen, baina kontent naiz hartu izanaz, irakasle batzuek huts egin niela pentsatu arren. Nik ez dut maite lehia, eta ez dut antzoki handirik nahi. Iruñeak abesbatzak behar dituela uste dut, eta horregatik nago hemen.