Ipuin kontalaria

Amaia Elizagoien 'Ameli': «Ipuina bada modu bat hitza eta irudimena erdigunean jartzeko»

Karrikiri elkartearen 'Ipuingarria izango da' zikloa hasiko da gaur, Iruñean. Amaia Elizagoien kontalariak bihar parte hartuko du. Erran du ipuinak adin guztietarako direla.

Amaia Elizagoien ipuin kontalaria, urriaren 31n, Oronozen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Amaia Elizagoien ipuin kontalaria, urriaren 31n, Oronozen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iruñea
2025eko azaroaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bertso munduan hasi, eta ipuinen munduan murgildu zen gero Amaia Elizagoien Ameli kontalaria (Oronoz, 1994). «Ilusioz» hartu du Karrikirik Iruñean antolatutako Ipuingarria izango da zikloan parte hartzeko aukera. Bihar ariko da: Ortzi-mugan liburua aurkeztuko du eguerdian, eta helduentzako Ongi etorri! saio musikatua eginen du arratsaldean. Maider Alzelaik, Yolanda Arrietak eta Kiribil konpainiak ere parte hartuko dute zikloan, bertzeak bertze, gaurtik igandera.

Zer da zuretzat 'Ipuingarria izango da' zikloa?

Zikloa ohitura eder bat bilakatu da. Lortu dugu segida bat ematea ahozkotasunari Iruñean, eta urtetik urtera erdigunean jartzea ahozkotasuna, kontalaritza eta haur literatura. Guretzat elementu horiek ezinbertzeko tresna dira gure hizkuntza eta kultura indartzen segitzeko. 

Bada beharra ipuina nabarmentzeko, duen balioa aitor diezaioten?

Bada lan handia egiteko. Kontalaritza instrumentalizatu da anitz hezkuntzaren alde, baina, akaso, bere balio sinboliko eta kulturala ez zaio hainbertze aitortu. Iruditzen zait ipuina badela modu bat bide kolektibo bat egiteko, eta kontakizunaz harago doala; bada modu bat jendea elkartzeko, eta, pantailen mundu honetan, hitza eta irudimena erdigunean jartzeko. Oraindik bada beharra lan handi bat egiteko, eta, batez ere, gertatu den infantilizazioari ihes egiteko. Ipuina oso lotua dago haurtzaroari gure iruditerian, baina kontalaritzak ez du adinik.

«Behar dugu helduak saioetara joatea, ipuinak haientzat ere badirela uler dezaten»

Zergatik dago ipuinak helduentzat ere badirela azaltzeko behar hori? Noiz apurtzen da haurrek ipuinekin duten lotura estu hori?

Iruditerian sartu zaigulako ipuinak umeentzat direla; kontakturik ezak ere badu zer ikustekorik, nire ustez. Kontalaritzara hurbildu den pertsona batek edo helduen saio batean egon denak sekula ez luke erranen ipuinak haurrentzat direla. Behar dugu helduak saioetara joatea, ipuinak haientzat ere badirela uler dezaten.

Haurrak ez garela nabarmentzeko uzten diogu ipuinak entzuteari?

Nerabezarora ailegatzen garenean, uste dut kultura molde orotatik urruntzen garela, nolabait. Agian musikarekin dugun loturari eusten diogu, baina irakurketa eta txikitan ezagututako bertze diziplinak bazter uzten ditugu. Antzerki saio batera ere, nekez joanen zaizu nerabe bat. Baina helduen kasuan, antzerkiak kontalaritzak baino ospe anitzez handiagoa du. Errazago jarraitzen ditugu bertze zirkuitu batzuk.

Zergatik da zailagoa bide hori kontalaritzaren esparruan?

Uste dut, batetik, ohitura kontua dela; baina, bertzetik, kontua da bertze zirkuitu horiek gehiago nabarmentzen ditugula. Baztanen, adibidez, asteburuero bada antzerki emanaldi bat. Kontalaritzarekin ez ditugu halako aukerak.

Erakundeen programazioetan toki nabarmenago bat hartu beharko luke?

Hori falta da, bai. Denengana hurbiltzea, eta herritarrak animatzea kontalaritzaren esparrua ezagutzera. Kontalaritza eskolarik ez egoteak ere badu eragina. Berriki zabaldu dute Euskal Herriko lehendabizikoa. Nork bere estiloa garatu du, eta hori polita da, egia erran. 

Zu bazara ipuin entzulea?

Bai, dudarik gabe! Entzutea beti izan da plazera, baina kontalaria zarenean bertze prisma batetik begiratzen diozu kontalariari, eta balio handia ematen diozu obra baten gibelean dagoen lan osoari. Ni naizen kontalaria naiz entzun ditudalako bertze kontalari anitz ere. Oinarrizkoa izan da.

Gibeleko lanak aipatu dituzu. Zer da ipuin bat kontatzea?

Gauza anitz daude atzean. Nork bere metodoa du, eta bere lotura ipuinarekin. Nire kasuan, nahasten dut anitz nire iruditeria bitala eta bidetik topatzen ditudan istorioak. Horiekin nahasketa bat eginez sortzen ditut obrak.

Zer kontatu bezain garrantzitsua da errateko duzun hori nola azaltzen duzun?

Istorio bat kontatzeko oinarrizko zerbait da kontatzeko gogoa izatea; istorio batek ez banau barrutik mugitzen, ez dut kontatuko, niri ez badit eragiten nekez eraginen baitie ikus-entzuleei. Eta zer polita den ipuin bera kontatzen duten hamaika ahots entzutea, eta ohartzea batek bertzearekin ez duela zer ikustekorik. Nork bere begiradatik kontatzen du ipuina, eta transmititzen du ikusten duena.

«Istorio batek ez banau barrutik mugitzen, ez dut kontatuko, niri ez badit eragiten nekez eraginen baitie ikus-entzuleei»

Helduentzako ipuin kontaketa musikatua eginen duzue bihar Itziar Olaguek eta biok. Musikak transmisioa laguntzen du?

Musikak ere badu bere hizkuntza, eta kontatzen ahal du anitz. Musikak eramaten zaitu bertze toki batera. Olaguek biola, pianoa eta gitarra jotzen ditu eta interesgarria izan da tresna horiek sartzea.

Etengabe garatuz doan esparru bat da ipuin kontalaritzarena?

Bai. Gainera, testuak ez daude finkatuta. Noski, ipuin bera anitz kontatzen duzunean forma bera ematen diozu, baina badu bat-batekotasunetik anitz, eta saio bakoitzak ematen duenarekin ere egiten dugu lan.

Bat-batekotasuna aipatu duzu. Bertsolaritzan hasi zinen. Antzekotasunik badute bertsoak eta ipuinak?

Bertsolaritzan txikitatik aritu naiz, eta eman dit bat-batean aritzeko ahala. Ipuin kontalari batzuek ez dute hainbertze jotzen bat-batekotasun horren bidetik baina nire kasuan nire kontatzeko moduaren esentzia bada. Kantua ere erabiltzen dut, eta baliatzen ditut bertsolaritzak eman dizkidan tresnak. Txikiekin, adibidez, nire solasa erabat errimatua da, eta haurrek errazago jarrai dezakete kontakizuna. Ipuina, akaso, askeagoa da, baina bada harreman bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.