laura peganos rodriguez
IRITZIA

Iruñerriko Mintzodromoa

2024ko martxoaren 29a
04:55
Entzun

Aurten ere Iruñeko gure euskaltegia, Arturo Campion, Iruñerriko Mintzodromoaren hirugarren edizioaren erakunde sustatzaileetako bat izango da. Apirilaren 24an izango da, autobus geltoki zaharrean. Aukera ezin hobea euskaldunok Iruñean elkartzeko, bizipenak partekatzeko eta gozatzeko. Momentu berezia lotsaz eta beldurraz askatzeko, edo behintzat saiatzeko, eta gelan ikasten duguna luzitzeko.

Batez ere, momentu ederra izango da akatsa amodioarekin besarkatzeko. «Euskaldun berriok» badakigu zer den hanka sartzea euskaraz hitz egiten dugunean, bai, badakigu, gorritzen gara eta porrot sentsazio handia sortzen zaigu. Akatsak gure onetik ateratzen gaitu. Hari fin batean ibiltzen gara eta dantzan aritzen gara oreka mantentzeko. Hor zaude eta bazoaz, bazoaz eta bat-batean mamuak eta zailtasunak agertzen dira. Hitz egiteko prozesu kognitiboa oso konplexua da, garunak ahalegin handia egiten du. Euskaran murgiltzeko aukera gutxi dugu, tamalez, eta aukerak bilatzea tokatzen zaigu.

Eta batzuetan itxaropena galtzen dugu eta amore eman nahi dugu. Baina prozesuaren parte da, garrantzitsuenetakoa. Tortilla egiteko arrautzak apurtu behar. Hizkuntza baten ikaskuntzari aurre egiteko denok ezagunak ditugun betiko gauza jakinez gain, azken hilabeteetan konturatu naiz ze garrantzitsua den hemen Euskal Herrian jende euskaldunarekin konplizitatea ehuntzea. Euskaraz hitz egiteak ze intimitate eta ahizpatasun handia sortzen digun.

Badago sentimendu bat, kolektibo eta pertsonala, eta arrastaka eramaten nau; izan ere, ni harritu egiten nau, hunkitu, eta ezin dut ongi ulertu, baina egunero sentimendu horrek indarra hartzen du eta plazera ematen dit.

Nire zutabeak irakurtzen dituztenek edo jarraitzen nautenek badakite ze leku nabarmena duen euskarak nire bizitzan. Maiz, isiltasunean neure buruari galdetzen diot zergatik den hori horrela, eta ez dakit. Badago sentimendu bat, kolektibo eta pertsonala, eta arrastaka eramaten nau; izan ere, ni harritu egiten nau, hunkitu, eta ezin dut ongi ulertu, baina egunero sentimendu horrek indarra hartzen du eta plazera ematen dit. Norberaren plazera, partaide izatearen plazera, besteak ezagutzeko plazera, betiko zurea den zerbait sentitzearen plazera, eta inork ezin dizu kendu. Batzearen plazera, irakurtzearen eta ulertzearen plazera, entrega-urteek ematen duten plazera, neure kulturatik kanpo dagoen leku hori ezagutzearen plazera. Sortzearen plazera, ezer galtzen ez duzula sentitzearen plazera. Maitatzearen plazer izugarria. Plazera da, guztiaren gainetik, plazera.

Kolonbian familiak ez du ulertzen euskararekiko dudan sentimendua. Normala da, urrun geratzen zaie hemengo kultura, hemengo hizkuntza; izan ere, aitak oraindik ez du ulertzen zergatik utzi zuen habia bere alaba txikiak. Galdera beti airean dago, noiz iritsiko da Laura... Oraindik ez dakit itzuliko naizen edo ez, baina bai, gero eta gehiago esan dezaket nire bizipena aberatsa dela, ari naizela eta izaten ari naizela. Euskara ikasten ari garenok prozesu sozial batean parte hartzen dugu, komunitatearen parte aktiboa gara. Modu batean edo bestean gizatasuna berreskuratzen ari gara denon artean, proiektu batetik abiatzeko, logika sozial batetik, eta logika horren bidez suaren beroaren muinean kontzentratzen gaitu euskarak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.