Olatz Azpirotz Larzabal.
IRITZIA

Isilik egon

2026ko apirilaren 3a
05:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orain urtebete, galtzerdiak ur hotzez beterik, babaren bat ateratzear, zenbait pausotan elurra bernazakira arte, gorputza izerditurik eta aurpegia eguzkiak zertxobait erreta nuen. Gogoan dut paisaia: elur garbia eta zuria, elurrak bigundutako bihurguneak, estalitako eta dotoretutako maldak, urrezko eguzki-izpi distiratsuak non-nahi, sastrakak haitzen inguruan, bikote bat eskiatzen eta, ikusmena albo batera utzirik, estimulu handirik ez, ez usain sarkorrik, ez iskanbilarik.

Gogoan dut asko hunkitu ninduela agertoki hark eta, orobat, asko harritu ninduela han nengoela bularrezurrean sentitu nuen presioak; txiki ikusi nituen nire egunerokoaren bidezidorrak, bihurguneak, nasak, eginkizunak, kezka, nekea, korapiloak, zarata eta zama. Azaleko eta ñimiño sentitu nuen bizitza, baita bere joan-etorriak ere. Arnasa sakon hartu nuen, eta arras atsegina izan zen; ezgauza sentitu nintzen, hutsala, eta, horregatik, azkar ondorioztatu nuen sentsazio berri hark barrenak nahasi ziezazkidakeela. Urtebete igaro da ordutik, eta makina bat aldiz oroitu dut sentsazio hori.

Martxoko iragan zubian, urtebete berantago, oroiminak bultzaturik ezaugarri bertsuko beste helmuga bat erabaki genuen eta Europako mendietara joan ginen. Kareharriak goxo hartzeko desira nuen eta, halaber, bularrezurra beste behin bizirik sentitu nahi nuen, presio hori berriz sumatu.

Bada, han ikusitakoa eta sentitutakoa ez zen espero genuena izan: kareharrizko hormek goxo hartu gintuzten, bat-bateko imintziorik gabe; baina, haatik, bazter hartara gerturatutako jende askoren jarrerak ez zidan neure gorputzari erreparatzeko paradarik eman, eta, ondorioz, ez nuen han nengoelako sentsazioa barneratzeko aukerarik izan.

Azken urteotan, baina, batik bat, azken urtebetean, isiltasuna dugu faltan, bai gure baitan, bai inguruan. Hala eta guztiz ere, nahiz eta falta hori sumatu, ez gara isiltzen, ez dugu isildu nahi; eta, ondorioz, isiltasuna helburu, behin isiltasunaren gotorleku eta pausagune izan zirenak iskanbilaz eta presentziaz betetzen ditugu, baita isiltasuna pribatizatu eta produktu desiragarri bihurtu ere.

Isiltasuna dugu faltan, bai gure baitan, bai inguruan. Hala eta guztiz ere, nahiz eta falta hori sumatu, ez gara isiltzen, ez dugu isildu nahi

Jaiegunak dira honako egunak, joan-etorri ugariko egunak, eta askok, lasaitasunaren aitzakiapean, helmuga oro otzantzeko aukera probesten dute: mendiak berriz jendez beteko dira, gimnasioko kirol-oinetakoek laprast eginen dute maldetan, mendi-bideetan mugikor eta flash andana ikusi ahalko da, auzokideren baten inguruko azken berriak ozen komentatuko ditu bidean aurrera doan kuadrillaren batek, janzkeran eta tresnerian dirutza gastatu duen baten batek arrapaladan eta arnasestuka aurreratuko ditu gainerakoak, besteren batek ustezko askatasun sentsazioa sentitu eta orro eginen du, askok izadiari kalte egingo diote eta tokian tokiko erritmoa nahastuko dute; natura zein isiltasuna nahasten eta otzantzen jarraituko dugu, eguneroko elementu ororekin egiten dugun bezala.

Hortaz, honatx eskakizun bat: zarata handia dugu inguruan, beraz, otoi, isildu eta bularrezurrari erreparatu.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA