Andrea Gouraud hasi da puzzlea egiten, pieza bat eta bertze bat jartzen. Izokin baten irudia osatzen ari da, eta, begia jarri duenean, «ooooo» luze bat entzun da ikusleen artean. Ikusi dute animalia. Berako hamahiru artistaren artean osatu dute murala —Gouraud da haietako bat—, zatika, batek bertzearen lana ikusi gabe. Urriaren 25ean, pieza guztiak elkartu, eta artelana bukatu dute. «Ukitu artistiko bat eman nahi izan diogu izokinari buruz egin dugun zikloari. Herriko artistei eskerrak eman nahi dizkiegu, izokinari balioa ematen lagundu digutela», erran du Lupe Mendigutxia Berako Udaleko zinegotziak.
Beratarrek harreman estua dute Bidasoko izokinarekin, eta herriaren ikur bilakatu dute, neurri handi batean. Izokinak ibaian jaiotzen dira, baina urte batekin itsasorako bidea hartu ohi dute, eta han bertze urte bat edo bi egon eta gero —batzuek hiru urte ematen dituzte, eta badira ibaitik sekula ateratzen ez direnak ere—, Bidasora itzultzen dira. Haizea kontra izaten dute, ordea: oztopoz betetako bide bat, erruteko tokietara ailegatu arte. Azken hamarkadetan, gainera, klima aldaketari aurre egin behar izan diote. Uraren tenperaturak gora egin izana «arazo nagusi» bilakatu da izokinentzat, Jose Ardaiz biologo eta albaitariaren hitzetan. Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuan lan egiten du, eta izokinari buruz aritu da Beran, urriaren 24an, udalak arrainon inguruan antolatu duen zikloaren barruan.

«Lan egin dugu, bertzeak bertze, izokinaren inguruko memoria jasotzeko. Herriak lotura sendoa du izokinarekin, eta anitzek animalia horren irudiarekin lotzen gaituzte». Berako alkate Aitor Elexpururenak dira hitzak. Udalak, Labrit etxearen bidez, eta Pello Martikorena fundazioaren babesarekin, Beraizokina.comemorias.life plataforman jaso du izokinari buruzko ahozko memoria hori. Testigantzen atalean, toki nabarmen eta ia erabatekoa betetzen dute izokin arrantzaleek; Jose Ardaizek egindako saioan ere hainbat arrantzale egon dira, eta hitza hartu dute, zenbaitetan, adituaren hitzei kontra egiteko. Nafarroako Gobernuak izokinaren arrantza debekatu du azken hiru urteotan; bakarra harrapatzeko baimena eman du, zehazki erranda.
Ardaizek datuak jarri ditu mahai gainean; eta datuekin batera, zientzialariek datu horiek abiapuntu hartuta egindako lanak. Eta kopuru hutsei erreparatuz gero, izokinaren egoera ez da batere ona. 1980ko hamarkadan, egoera kritikoa izan zen; 1990ekoan, izokin kumeak askatzeko saioek lagundu zuten egoerak hobera egin zezan, eta 2007tik aurrera, berriz, Nafarroako Gobernuak ibaian dauden oztopoak eraisteko egindako ahaleginek eragin dute, batez ere, Bidasora sartu diren izokinen kopuruak gora egitea. Oztopoak kenduta, gainera, ibaian eta erreketan inoiz baino gorago ailegatu da izokina. Azken urteotan, baina, egoerak txarrera egin du.
Astebete 24 gradura
«Izokina da hobekien ezagutzen dugun espeziea, Nafarroako Gobernuak bertze edozeini baino denbora eta baliabide gehiago eskaini baitizkio. Izokinaren alde ari gara, eta izokinaren alde egiten dugunak ibaiari eta ibaiko gainerako arrainei egiten die mesede», nabarmendu du Ardaizek. Eta ez dira gutxi Bidasoko uretan izokinarekin batera bizi diren espezieak: aingirak —Bidasoa da tokirik onena, herrialdeko gainerako ibaietan ia desagertua baita—, zarboak, loinak, mazkarrak, itsas lanproiak, platuxak... guztien artean, baina, izokina da ibaiko «bitxia».

Izokinak ingurura egokitzeko duen gaitasuna nabarmendu du Jose Ardaizek. Klima aldaketaren aurka egiteko, ahal hori inportantea da. Kontua da, ordea, egokitzeko denbora izanen ote duen. «Aldaketak hagitz azkar gertatzen direnean, egokitzea ez da erraza», azaldu du biologoak.
Uraren tenperaturak gora egin du azken urteotan, eta hori da izokinari gehien eragin dion aldaketa, Ardaizen hitzetan. «Horregatik da inportantea ibaian eta erreketan gora egin ahal izatea izokinarentzat, ur hotzagoa bilatzeko», zehaztu du. Ardaizek Endarlatsaren kasua aipatu du. «2022an, uraren tenperatura ez zen jaitsi 24 gradutik astebetez, eta 26ra ere igo zen. Hori izugarria da izokinarentzat. Garai berean, Bertizen, uraren tenperatura 17 gradura igo zen gehienez. Bada aldea. Izokinak ahalik eta azkarren igo behar du ibaian gora».
Klima aldaketarekin batera, Bidasoa ibaiaren eta inguruko erreken bidean dauden zentral hidroelektrikoak bilakatu dira oztopo nagusi izokinentzat. Udaberrian hasten dira itsasotik Bidasora sartzen, baina, udan zain gelditu eta gero, udazkeneko hilabeteak baliatzen dituzte, batez ere, bidean gora egiteko. Nafarroako Gobernuak izokinak zenbatzeko zentro bat du Berako Fundiciones lantegiaren ondoan. Handik pasatzen dira denak. Urriaren 24ra bitarte, 22 izokin zenbatu dituzte han. Datozen asteotan hasiko dute, euria lagun, Bidasoko presak gainditzeko bidea.
Eme handiak
Nafarroako Gobernuak hamaika presa eta oztopo eraitsi ditu azken urteotan Bidasoan eta inguruko erreketan, Europako Irekibai eta Kantauribai proiektuei esker. Bertze anitz gelditzen dira botatzeko, halere. Bidasoan behera ere, gainera, bada zer hobetu. «Doneztebetik Berara, Bidasoaren emari osoa ez da ibaiaren bidetik joaten. Zentraletako ubideetan sartzen da ura», azaldu du Ardaizek.
Izokinak ere sartzen dira zentraletako kanaletan, eta, ondorioz, anitz hil egiten dira, zentraletako turbinek harrapatuta. Nafarroako Gobernuak proiektu bat abiatu du, arazo horri aurre egiteko asmoz. Asmoa da ubideen sarreran burdin sareak jartzea, izokinak sar ez daitezen. Konponbide hori probatu nahi dute.

Beran egindako saioan, Ardaizek garbi erran du arrantza ez dela Bidasoko izokinaren arazo nagusia; anitzez ere kalte handiagoa egiten diotela klima aldaketak eta ibaian dituen oztopoek. Biologoak azpimarratu du, halere, arrantzak izokin eme handiei eragiten diela, batez ere udaberrian horiek hasten baitute Bidasoan gora egiteko bidea. «Izokin eme handi horiek hagitz garrantzitsuak dira populazioari eusteko, haiek izaten baitute kume gehien», erran du.
Azken hamarkadetan, Oronozko arrain haztegian hazitako izokin kumeak askatu izan dituzte Bidasoan, populazioari eusten laguntzeko. Ardaizek nabarmendu du horrek ez duela konponduko egungo beheraldia, baina balio izan duela, orain arte, eusteko. Urtean batez bertze 80.000 izokin kume askatzen dituzte Bidasoan.
Izokinaren egoera ez da ona, eta arazoa ez da bakarrik hemengoa. Horixe zehaztu du Jose Ardaizek, Europa osoko populazioak baitoaz gain behera. Asturiasko (Espainia) kasua jarri du adibide gisa: «2000. urtean, 2.700 izokin harrapatu zituzten; aurten, 130. Garai batean, izokina zuten zortzi ibai zituzten, eta, egun, bakar bat edo bi». Norvegian eta izokina duten gainerako herrietan ere egoera «zaila» dela gehitu du Ardaizek. «Arazoak askotarikoak dira, eta herri bakoitzari batek edo bertzeak eragiten dio gehiago edo gutxiago. Klima aldaketa, arrantza, kutsadura eta bertze hartu behar dira kontuan». Ardaizek baikor izan nahi du, baina ez zaio erraza. Berretsi du Nafarroako Gobernuak konpromisoa duela izokinaren alde lanean jarraitzeko.
1
Zenbat milioi izokin arrautza behar diren espezieari eusteko. Ikerketen arabera, gutxienez milioi bat izokin arrautza behar dira espezieari eusteko, hau da, 146 eme inguru.
5Zenbat izokin ailegatu ziren Urdazubira 2023an. 2023ko abenduan bost izokinek lortu zuten errekan gora egitea eta Urdazubiraino ailegatzea, Nafarroako Gobernuak zabaldu zuenez. Urdazuri errekako presa bat bota eta gero egin zuten gora.
 
     
    