Amaierakoak, hasieran; txalo zaparrada batekin hasi baita Joaquin Maia musikariaren omenezko ekitaldia, apirilaren 15ean, haren izena daraman Iruñeko musika eskolako areto nagusian. Joaquin Maia bandako kideek jaso dituzte txaloak, Maiak idatzitako pasodoble bat jo baitute, Rebeca Madurgaren eta Carla Garciaren hitzaldia hasi baino lehen. Madurgak eskertu du pieza jo izana. «Lehen aldia da zuzenean entzuten dudana». Maiari buruzko aditu nagusietako bat da musikologoa, eta aitortza egin nahi izan dio konpositoreari. «Oraindik ezezaguna da, neurri handi batean, baina lan aparta egin zuen XIX. mendeko Iruñean musika eta kultura sustatzeko».
Maia 1926ko apirilaren 15ean zendu zen, baina 2010eko urteetan argitaratu dituzte haren obraren eta ibilbidearen inguruko lehen lanak. «Sarasateren edo Gaiarreren gisako XIX. mendeko bertze musikari batzuek sona handia lortu zuten; Maiak ez zuen oihartzun hori izan, baina haren lana funtsezkoa izan zen Iruñean musikaren irakaskuntza garatzeko», berretsi du Madurgak.
Maia Iruñean sortu zen, 1838an, baina Arantzakoa zuen aita, Antonio Maia, eta ama, Angela Ezenarro, berriz, donostiarra. Musikariak 6 urte zituenean galdu zituen gurasoak, eta orduan hasi zituen musika ikasketak, Iruñeko Katedraleko Haurren Eskolan. «14 urterekin bukatu zituen ikasketak, baina bertze lau gelditu zen trebatzen. Ikasketak amaituta, San Joan Bataiatzailea elizako organista izendatu zuten», zehaztu du Carla Garciak.

Maiak 18 urterekin hasi zuen musikaren arloko bidea, eta erretiroa hartu zuenean baino ez zuen utzi. «Proiektuz betetako ibilbide bat izan zen harena», nabarmendu du Garciak. Organo jotzaile, konpositore eta Iruñeko Udal Musika Akademiako irakasle eta zuzendari izan zen, eta Iruñeko Orfeoiaren eta Santa Zezilia Kontzertu Elkartearen sustatzaile eta zuzendari ere bai. 1900. urtean bere liburu bakarra argitaratu zuen: Teoría del solfeo, musika eskolako ikasleentzat.
Musika elkarteak
«Maiak musikaren aldeko giro bat aurkitu zuen bere garaiko Iruñean». Horixe nabarmendu du Madurgak. XIX. mendeko agintariek kulturaren eta hezkuntzaren alde egin zutela erantsi du, eta garai hartako burgesiak sustatu zituela kulturaren arloko elkarteak. «Maiaren garaiko Iruñean, Gazteluko plaza zen musikaren arloko eremu nagusia. Han zabaldu zuten Principal antzokia, 1841ean. Gainera, katedralean, zezen plazan, Estafeta karrikan eta Taconera parkean ere jotzen zuten orduko musikariek», erran du musikologoak.
Espazio publikoetan ez ezik, hiritar dirudunen areto pribatuetan ere egiten zituzten kontzertuak. Madurgak, hain zuzen, azpimarratu du toki horiek «garrantzi handia» izan zutela, areto pribatu horiek sustatu zituzten burges aberatsek bultzatu zituztelako musikaren arloko elkarteak. «Elkarte horiek anitzez ere irekiagoak ziren, eta, horri esker, kontzertuak esparru pribatutik publikora pasatu ziren. Iruñeko Orfeoian, adibidez, jende langileak eta aberatsek bat egin zuten», azaldu du Rebeca Madurgak.

Musikak haizea alde izan zuela nabarmendu du musikologoak, baina garbi erran du hori bakarrik ez dela nahikoa musikaren irakaskuntza XIX. mendeko Iruñean nola garatu zen ulertzeko. «Behar zen musikaren aldeko elementu horiek guztiak antolatuko zituen norbait, eta lan horretan aritu zirenetako bat izan zen Joaquin Maia; funtsezkoa izan zen», zehaztu du.
Maiak urte luzez zuzendutako Iruñeko Udal Musika Eskola herritar anitzentzat ogibide bat ikasteko toki bat izan zela erantsi du. «Maiaren garai hartan, 48 musikari profesional zenbatu ditut. Denak ziren jende xumea, eta gehienek lan bat baino gehiago zituzten, aurrera egin ahal izateko. Musikariak oholtza batetik bertzera mugitzen ziren, eta harreman estua zuten elkarren artean». Militarren eragina ere hizpide izan du, eta oroitu militarren bandak oinarri hartuta sortu zituztela garai hartako udal musika bandak.
Joaquin Maia Musika Eskola Berezia ez da egunotan musikari iruindarra oroitu duen bakarra: erakusketa bat zabaldu dute Nafarroako Artxibo Nagusian, Maiaren omenez. Apirilaren 30era bitarte ikusi ahal izanen da. Maiak eskuz idatzitako hainbat gutun, partituta eta bertze bildu dituzte. Konpositorea hobeki ezagutzeko aukera balia dezatela eskatu die Rebeca Madurgak iruindarrei.
Iruñeko Udalaren harrera eskolako kideei
Joaquin Maia konpositorearen heriotzaren mendeurrena oroitu dute Iruñeko izen bereko musika eskola bereziko kideek. Gainera, zentroak berrogei urte bete ditu, 1986. urtean hasi baitzuen bidea.
Eskolak berrogei urte bete dituela ospatzeko, Iruñeko Udalak harrera egin die zentroko zuzendari Luis Notariori eta gainerako arduradunei. Apirilaren 17an egin zuten, herriko etxeko harrera aretoan.