Konpontzeke dagoen afera bat

Animalien aurkako tratu txarren eta abandonuen hainbat kasu izan ziren iaz Nafarroan. Delitu horiekin lotuta, Foruzaingoak artatutako kasuen %70 txakurrei zegozkien.

Abenduan, Iruñerrian, zabor edukiontzi batean aurkitu eta bizirik atera zuten txakurkume taldea. FORUZAINGOA
Abenduan, Iruñerrian, zabor edukiontzi batean aurkitu eta bizirik atera zuten txakurkume taldea. FORUZAINGOA
2026ko urtarrilaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Animalien aurkako indarkeria jardunbideak hainbat motatakoak izan ziren iaz Nafarroan. Esaterako, abenduan zabor edukiontzi batean txakurkume talde bat aurkitu zuten Iruñerrian, nahiz eta gero bizirik atera zituzten. Baina horren gisako gehiago ere gertatu ziren. Izan ere, 2025ean Foruzaingoaren ingurumena babesteko brigadak ikerturiko delitu gehienak animalien aurkako tratu txarrak eta abandonua izan ziren. 

Nafarroako Gobernuak abenduaren 16an emandako datuaren arabera, brigadak ikertutako 71 delituetatik 39 mota horietakoak izan ziren. Dena den, ez da fenomeno berria. Izan ere, 2016az geroztik, brigadak ikerturiko delitu gehienak animalien aurkako tratu txarrei eta abandonuari lotutakoak izan dira urtero, Foruzaingoko barne segurtasunaren eta administrazio poliziaren arloko buru Eduardo Sainz de Murietak (Iruñea, 1969) azaldu duenez. 

Tratu txarrak edo abandonua gehien jasan dituzten animaliei dagokionez, egoera aldakorra da espeziearen arabera. Sainz de Murietak esan du iaz jokabide horiek gehien pairatu zituztenak txakurrak izan zirela. Izan ere, animalien aurkako tratu txarrengatik edo abandonuagatik artatutako kasuen %70 txakurrei zegozkien, %17 zaldiei, astoei edo bestelako ekidoei, %9 katuei, eta %4 beste animalia mota batzuei, hala nola behiei, txerriei edo hegazti aziendei. 

Gainera, foruzainak adierazi duenez, iaz izandako kasu batzuetan animaliei lesioak eragin zizkieten, eta lesio horietako batzuek animaliaren heriotza eragin zuten. Horrekin lotuta, Sainz de Murietak ez daki zehazki zenbat animalia hil ziren iaz tratu txarren ondorioz Nafarroan. Dena den, Foruzaingoaren jardunaren inguruan jasoa dutenaren arabera, hamasei katu, zortzi txakur, bost asto, lau txerri eta zaldi bat hil zirela jakinarazi du.

«Pixkanaka gero eta kontzientzia handiagoa dago gizartean, baina oraindik bide luzea dago egiteko»

EDUARDO SAINZ DE MURIETA Foruzaina

Animalien aurkako tratu txarren eta abandonuaren arloan, egungo egoeraz zer iritzi duen adierazi du Sainz de Murietak: «Uste dut eremu honetan asko zabaldu dela kontzientzia soziala. Pixkanaka gero eta kontzientzia handiagoa dago gizartean, baina oraindik bide luzea dago egiteko». Nabarmendu du «ia egunero» jasotzen dituztela herritarren abisuak, inguruan animalien aurkako tratu txarren edo abandonuen jokabideak ikusten dituztelako, eta azken urteetan izan duten «herritarren laguntzari» eustea eskatu du.

Abandonatzeko faktoreak

Nafarroako Gobernuak abenduan jakinarazitako datua «kezkagarria» dela adierazi du Olaia L. Garaialdek (Arraitz-Orkin, 1998). Zaunk talde antiespezistako kidea da 2021etik, kolektiboa sortu zenetik, eta Zaunken gogoeta egiten dute gizakiak gainerako animaliekin duten harremanaren inguruan. 

Garaialdek eta talde antiespezistako beste zenbait kidek, besteak beste, hausnartu dute zer faktorek eramaten ote dituzten pertsonak animaliak abandonatzera. Zazpi faktore aipatu ditu Garaialdek: litekeena da ehiza denboraldia amaitzean txakurrak ekonomikoki errentagarriak ez izatea; batzuetan, animaliak ez antzutzearen ondorioz, kumeak edukitzen dituzte, eta jabeek ezin dituzte guztiak zaindu; zenbaitek opari gisa jasotzen dituzte animaliak, eta gero haiekiko interesa galtzen dute; beste batzuek ezin diete aurre egin animalia batek ekartzen dituen gastu ekonomikoei; gerta liteke animaliek jokabide arazoak izatea; baliteke etxez aldatu behar izatea eta etxebizitza berrian animaliak sartzeko debekua egotea; eta, azkenik, litekeena da haur bat izatea eta animaliaren batek haurrari alergia eragitea. Animaliak abandonatzeko edo haiei tratu txarrak emateko arrazoiari dagokionez, horrela jokatzen dutenek «kontzientzia falta» dutela nabarmendu du Sainz de Murietak.

«Norberaren ardura izan behar du animalia batentzako etxe bat, familia bat edo dena delakoa bilatzea»

OLAIA L. GARAIALDE Zaunk talde antiespezistako kidea

Hainbat faktore egon daitezkeela azaldu du Garaialdek, baina esan du abandonatzea ez dela konponbidea. «Norberaren ardura izan behar du animalia batentzako etxe bat, familia bat edo dena delakoa bilatzea. Ezin da hartu eta utzi, objektu baten moduan», adierazi du. Animalia bat adoptatzean, hura hartzeak dakarrenaren inguruan «oso kontziente» izatea garrantzitsua dela azpimarratu du, halaber, talde antiespezistako kideak.

Tratu txarren esanahiak

Gizartean animalien aurkako tratu txartzat hartzen denaren inguruan hausnartu du Garaialdek. Azaldu duenez, animalien aurkako «erasotzat» edo «tratu txartzat» jotzen dira jokabide batzuk gizartean, eta legez zigortzen dira; beste batzuk, aldiz, ez dira zigortzen. «Sortzen dugun hierarkia espezista horretan, gizakiok gainerako animalien gainetik gaude, eta guk erabakitzen dugu zer maila ematen diogun eta nola eta zertarako erabili nahi dugun animalia bakoitza. Orduan, animalien aurkako indarkeria batzuk indarkeria ez direla naturalizatzeko eginda dago sistema; esaterako, animalia bat jatea», adierazi du Garaialdek. Zaunk talde antiespezistako kideen arabera, «animalia baten aurka egiten den biolentzia oro» da tratu txarra. 

Foruzaingoak tratu txartzat zer jotzen duen galdetuta, zera erantzun du Sainz de Muruetak: «Animalien aurkako tratu txarrez ari garenean, ohikoenak izaten dira tresna sendoekin egindako erasoak edo animalia batek behar dituen higiene, osasun edo elikadura baldintzetan arretarik ez jartzea». 

Etorkizunera begira, tratu txarren eta abandonuen kasuak murrizteko gakoez mintzatu dira Sainz de Murueta eta Garaialde. Foruzainak dio «ziur» dagoela kontzientzia soziala dagoen neurrian kontzientzia horrek bilakaera izango duela eta onera egingo dela, eta esan du «segur aski» animalien eskubideen aurkako jokabideak murriztu egingo direla. Garaialdek, berriz, «kontzientzia piztearen» eta gizakiak gainerako animaliekin dituen harremanaz «gehiago» hausnartzearen garrantzia nabarmendu du besteak beste, eta jokabide horiek murrizteko animaliak salerosteari uztea ere proposatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.