Udako kanpaina bukatu berri dute: atzo arte, 10 eta 25 urte bitarteko 50 gazte aritu dira, uztailean, Mañeruko aztarnategiko indusketa kanpainan lanean, Tesela Arqueologia etxeko adituekin batera, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak antolatutako bi kanpaldietan. Mañeruko enkomiendako monasterio eta ospitale baten arrastoak daude herrian, XII. mendekoak, eta ondare hori agerian uzteko eta ikertzeko lanetan ari dira, 2016. urtetik. Joan den astean, Nafarroako Parlamentuko Kultura, Kirol eta Turismo Batzordeko kideek bisita egin zuten Mañerura. Herriko alkate Itziar Martinezek hartu zituen, eta aukera baliatu zuen Nafarroako Gobernuari aztarnategia ikertzen segitzeko babesa eskatzeko. Udalak museo bilakatu nahi du Mañeruko enkomiendako aztarnategia.
Joan den asteko bisitan, parlamentariek, bertzeak bertze, Nicolas Zuazua arkeologoaren azalpenak jaso zituzten, Mañeruko ondareari buruz. Zuazuak nabarmendu du, hain zuzen, han aurkitutako arrastoak «ikusgarriak» direla: Bargotako Jerusalemgo San Joan ordenakoen eliza eta ospitalea dira eraikin nagusiak —izen hori du, Mañeruko lurretan egon arren—, baina inguruan badira gerora eraikitako bertzelako azpiegiturak: bertzeak bertze, ustez upategi bat dena eta emakumeak hartu zituen monasterio bat. «XII. mendekoak dira arrasto nagusiak; enkomiendak indar handia izan zuen XIII. eta XIV. mendeetan. Donejakue bide ondoan dago, eta erromesak artatzeko eraiki zuten», azaldu du Zuazuak.
1990eko hamarkadatik
Mañerun aspalditik bazuten ospitale eta eliza zaharren berri, agiri anitzetan jaso baitituzte herriko enkomiendari buruzko aipamenak. 1990eko hamarkadan, Iruñea eta Lizarra arteko errepidea berritzeko lanak hasi zituzten, eta aztarnak agerian gelditu ziren. 2000. urtean, Mañeruko aztarnategia kultur interesa duen ondaretzat jo zuten, eta 2016an, indusketak egiten hasi ziren. «Garai hartan, batez ere, ingurua garbitzen aritu ginen, Nafarroako Unibertsitateko ikasleekin batera. Enkomiendaren arrastoek eremu zabala hartzen dute, eta, oraingoz, erdiak baino ez ditugu aztertu», zehaztu du Zuazuak.

Aztarnategiak Nafarroako Gobernuaren «bultzada» jaso zuen 2021ean, urte hartan hasi baitziren gazteentzako kanpaldiak antolatzen, indusketa lanetan laguntzeko. Zuazuak azpimarratu du, gainera, Mañeruko Udala «anitz» inplikatu dela azken urteotan, eta, udalak egindako lanari esker, hain zuzen, 40.000 euroren diru sail bat jaso zutela Nafarroako iazko aurrekontuetan. «Laguntza horri esker, eliza eta ospitalea bisitatzeko moduan jarri ditugu», erantsi du Zuazuak. Joan den asteko bisitaren bidez, parlamentuak onartutako diru laguntzari esker egindako lanaren berri eman zieten Kultura, Kirol eta Turismo Batzordeko kideei.
Erakundeen laguntza jasotzen jarraitzea espero dute aztarnategiko arduradunek, esku artean duten proiektua garatu ahal izateko. Zuazuak berretsi du eliza eta ospitalea ikusteko moduan jarri dituztela jada, baina erantsi du Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren laguntza behar dutela informazioa zabaltzeko kartelak eta gisakoak jarri ahal izateko. «Ikusleak baditugu, aztarnategia Donejakue bidearen ondoan baitago; erromesak ondotik pasatzen dira».

XVI. mendean hasi da Mañeruko enkomiendako eraikinen gainbehera, ordenako monjeak Garesera mugitu baitziren. «Espoliazioa gertatu zen orduan, eta eraikinetako harri anitz Mañerutik eraman zituzten bertze hainbat tokitara, harresiak egiteko. Ondorioz, aztarnategian aurkitu ditugu harresiak egiteko balio ez zuten pieza anitz. Aurpegiak, animaliak eta bertze zizelkatuak dituzte. Horiek Mañerun erakustea interesgarria izan daiteke aztarnategiaren berri zabaltzeko», bukatu du Zuazuak.
Arkeologiaren Plan Estrategikoa onartu dute
Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Arkeologiaren Plan Estrategikoa onartu du. 2036ra bitarteko plan bat da, eta haren helburua da herrialdeko ondare arkeologikoa kudeatzeko eta ordenatzeko eredu berriak ezartzea.
1986koa da Nafarroako ondare arkeologikoari buruzko egungo dekretua, eta hura ordezkatuko duen bertze dekretu bat prestatzen ari dira Kulturako arduradunak; araudi horrekin batera, Nafarroako Arkeologiaren Plana Estrategikoa osatu dute, ildo nagusiak zehazteko asmoz. Planak zortzi lan ildo jaso ditu, eta ondare arkeologikoaren inguruko 19 jarduera.