Ines Castiella
IRITZIA

Margarita Nafarroakoa

2025eko urriaren 10a
05:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Norbaitek esan zuen behin: «Ez dira garai onak poesiarako», eta iruditzen zait bizi ditugun une hauek ere poesiarako ez direla egokienak; hamaika gatazka munduan zehar, latzenetakoa Palestinako sarraskiarena; gertaera bortitz batzuen urteurrenen gogora ekartzearena, eta beraz, berbizitzearena; eta ohartzea, historia errepikapen batzuen segida izanda ere, ez dela hain erraza gauzak aldatzea. Kantak zioen bezala, azken finean gizaki hutsak gara; onerako eta txarrerako, gehituko nioke nik; eta segidan, eskerrak adimen artifiziala asmatu dutela, eta horrek salbatuko gaituela.

Larunbatean, Altsasun Heptamerona egitasmoaren bosgarren irakurraldia izan genuen, Nafar Ateneoak antolatuta; duela sei urte hasi zen abentura hau, orain jada zorionez ahaztuta daukagun itxialdi horretan, Fito Rodriguezi eta Xabier Artolari okurritu zitzaienean Erdi Aroko erregin batek idatzitako liburu bat euskarara itzultzea: hain zuzen ere Angulemako Margaritak frantsesez idatzi zuen L’Heptameron obra, Bocaccioren Decameron obra klasikoarekin parekotasun batzuk ere bazituena, eta Shakespeare eta Cervantesen garaikoa zena. Benetako arrazoiak, pisuzkoak, ordea, honakoak: Angulemako Margarita, Margarita Nafarroakoa izan zen, Nafarroako Erresumako erregina, Joana Albretekoaren ama eta Foixeko Katalinaren erraina; Nafarroan eta bere gortean euskara hitz egiten zen garaikoa eta, beraz, euskarara ekarri beharreko obra ezinbestean. Bestetik, Margarita Nafarroakoa, erregina izateaz gain, kezka humanista eta intelektualak zeuzkan emakume bat zen, Simone de Beauvoirrek eta Jon Oria historialariak, besteak beste, feminismoaren aintzindari bezala izendatu izan dutena, eta bere obran, bereziki Heptameron lanean, oso ongi islatzen da bere pentsaera. Feminismoaren garaian bizi garen honetan, feminismoaren olatuan surfeatzen gabiltzan honetan, ezinbestean ezagutu beharreko obra eta pertsona; are gehiago, Euskal Herrian.

500 urte joan dira ordutik, eta 500 urte betetzen dira aurten Nafarroan lehen sorgin ehiza izan zela. 500 urte Nafarroako Erresuma garaitua izaten ari zela, Nafarroarenak baino indar handiagoa zuten beste bi erresuma handiren arteko tratuetan trukerako erabilia. Sorginena ere, asmakizuna, tartean Eliza eta erlijioa, herri xeheari sinetsarazteko gertatzen ari zena ez zela bidegabekeria.

Ez ziren garai onak poesiarako Margaritarenak, baino berak poesia baliatu zuen gizonezkoen giro zatar hura salatzeko

Margarita intelektualki emakume hezia izaki, eta gainera erregina, bere inguruan zeukana batere gustatzen ez zitzaiola salatzeko bidea kulturan aurkitu zuen, alegia, idazten eta garai hartako elite intelektuala bere etxean bilduz, filosofia, musika, artea, etb baliatuz bere ezinegonak bistaratzeko. Ez ziren garai onak poesiarako Margaritarenak, baino berak poesia baliatu zuen gizonezkoen giro zatar hura salatzeko.

Formakuntzaz zientzia alorrekoa naiz, eta, agian horregatik, unibertsoaren indar magikoetan baino fede handiagoa daukat teknologiaren eta adimen artifizialaren potentzialean. Ordea, giza balio sendotakoa nuen amonak eta izeba Mirentxuk hezi ninduten, eta haiei zor diet, hein batean, hezur eta haragizko pertsonek transmititzen dituzten emozioak antzemateko gaitasuna, onak direnekin kutsatzeko eta kaltegarriak bazterraratzeko. Aitortzen dut hunkitu egin ninduela larunbatean irakurraldira bertaratu zirenek erakutsitako gogo eta prestutasunak; elkarlanean garatutako ekimen bateko partaideen ilusioek bat egitean sortu zen poztasun kolektiboak, bertan egon ahal izate soilagatik; nafarrak batzuk, Euskal Herriko txoko ezberdinetatik iritsitakoak besteak, guztiok sentipen bera geure baitan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.