Mendialdea bere altxorren bila

Cederna Garalurrek eta Aranzadik proiektu bat abiarazi dute Mendialdeko ondare migratuari balioa emateko. Galdutako, lapurtutako edo saldutako ondasunak oinarri hartuta, herrietan landa garapena sustatzeko proiektuak bultzatzea hartu dute xede.

Aranzadik Artaizko elizara antolatutako bisita. Eraikineko margo gotikoak Nafarroako Museoan dira, baina kopia bat egin dute elizan. CEDERNA GARALUR-ARANZADI
Aranzadik Artaizko elizara antolatutako bisita. Eraikineko margo gotikoak Nafarroako Museoan dira, baina kopia bat egin dute elizan. CEDERNA GARALUR-ARANZADI
edurne elizondo
Iruñea
2026ko maiatzaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Herri jakin baten historiara lotuta egon arren, toki horretako memoriatik kanpo gelditu diren altxorrek osatzen dute herri bateko ondare migratua: balio artistiko eta historikoa badute, baina herritik at dira norbaitek galdu, lapurtu edo biltegi batean gorde zituelako; herritarren egunerokotik kanpo gelditu zirelako, alegia. Ondasun horiek oinarri hartuta, hain zuzen, Cederna Garalur erakundeak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak proiektu bat ondu dute Mendialderako, gisa horretako altxorren zerrenda osatzeko eta herrion garapena sustatzeko asmoz. Ehundik gora pieza sailkatu dituzte jada. «Proiektu aitzindari bat da. Herrien hustea arazo bilakatu da Mendialdeko herri askotan, eta, kultur ondarearen bidez, lurraldea sendotzea da gure asmoa», azaldu dute proiektuaren arduradunek.

Garbi erran dute helburua ez dela pieza bat edo bertze zaharberritzea edo hondatu ez dadin babestea, hori Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea erakundearen zeregina baita; ondare migratuaren inguruko proiektuak bertze xede bat du: pieza batek edo bertzek herri batean utzitako arrastoaren hariari tira egitea, ondasun hori herriarekin lotzeko, eta haren inguruko proiektu bat garatzeko, tokiko ekonomia eta kultura sustatzeko asmoz. Josu Goia zenaren obra aipatu dute egin nahi dutenaren adibide: beratarrak musikaren, literaturaren eta eskulturaren esparruak ukitu zituen, bertzeak bertze, eta bakoitzaren barruan hamaika lan utzi zituen; haietako anitz, ordea, ez daude sailkatuta, ezta herritarren esku ere. Aranzadiko kideek proposatu dute, bertzeak bertze, Goiaren obren inguruko monografia bat osatzea. Goiaren lanaren ingurukoa adibide bat da, baina badira bertze batzuk ere.

Errondoko tinpanoa

Untzitibarretik New Yorkeko Metropolitan Museum of Art-era

 Errondoko tinpanoa.
Errondoko tinpanoa. CEDERNA GARALUR-ARANZADI

Ondare migratuari buruzko proiektua garatzeko, 75 toki eragile aritu dira lanean Mendialdean, herriz herri. Ehun ondasun inguru sailkatu dituzte denera. Haietako bat da Errondoko elizako tinpanoa, Untzitibarren. Cederna Garalurreko kideek herriz herri egindako lana oinarri hartuta, Aranzadikoek garatu dituzte toki bateko eta bertzeko ondasunei lotutako proiektuak. Errondoko tinpanoari buruzkoan, hain zuzen, udalerri osoa inplikatu nahi dute piezari buruzko informazioa jasotzeko, eta pieza bera turismoa sustatzeko proiektu baten ardatz bilakatzeko.

«Errondoko tinpanoa New Yorkeko azoka batean agertu zen, 1941. urtean», kontatu du Aranzadiko kide eta ondare migratuari buruzko proiektuko arduradun Juantxo Agirrek. Hainbat bilduma pribatutan egon eta gero, 1965etik New Yorkeko Metropolitan Museum of Art-en esku dago. XII. mendeko Cabestany maisuak egindako pieza bat dela uste da.

Agirrek nabarmendu du tinpanoa legez eraman zutela Ameriketako Estatu Batuetara, gisa horretako jarduerak mugatzen dituzten legeak indarrean sartu baino lehen, alegia. Erantsi du, halere, balio handiko pieza bat dela Nafarroako Gobernuarentzat, eta haren inguruko lanak komunitatea sendotzeko balio dezakeela Untzitibarren.

Ondare migratuari buruzko proiektuak proposatu du, bertzeak bertze, Untzitibarko agintariak New Yorkeko museoko arduradunekin harremanetan jartzea, Errondoko tinpanoaren kalitate handiko argazkiak eskatzeko, eta, haien bidez, pieza horren erreplika bat egiteko, udalerrian erakutsi ahal izateko. Bertze asmoetako bat da Errondoko garai bateko herrixkaren historia aztertzea. «Herritarrek gidatu behar dituzte tinpanoaren inguruko eta gainerako lanak, komunitatea sendotzea baita asmoa», azpimarratu du Agirrek.

Arrolako errota

Ingeniaritza industriala eta etnografia lotuta

Arrolako errotako makinak.
Arrolako errotako makinak. CEDERNA GARALUR-ARANZADI

«Ondare migratua mota anitzetakoa izan daiteke: artistikoa, arkeologikoa, etnografikoa, bibliografikoa, industriala,...». Horixe nabarmendu du Juantxo Agirrek, eta erantsi mota bat eta bertze nahasten direla proiektu anitzetan. Zaraitzuko Arrolako errota aipatu du adibide gisa, Ezkarozen, hura lehengoratzeko proiektuak arkitektura eta etnografia baititu oinarri, bertzeak bertze.

Arrolako errotak garrantzi handia izan zuen Ezkarozeko biztanleentzat. Agirrek azaldu du Zaraitzuko ingeniaritza hidrauliko tradizionalaren lagin inportante bat dela, eta haren egiturak eta makineriak agerian uzten dutela, aldi berean, XIX. mende bukaerako garapen teknologikoaren eragina.

Arrolako errotako turbina Ezkarozetik kanpo dago gaur egun: Iruñerriko Mankomunitateak Urtasunen duen egoitzan, zehazki. Cederna Garalurrek eta Aranzadik prestatutako proiektuaren helburua da turbina Ezkarozera itzultzea, eta errotaren inguruan erakusketa bat osatzea, bisitariak hartu ahal izateko. Errota «ondare historiko bizi bat» dela nabarmendu dute Cederna Garalurreko eta Aranzadiko kideek, eta etnografia, ingeniaritza industriala eta arlo soziala oinarri hartuta, «balio handiko» azpiegitura bat dela. Arrolako errotak, hain zuzen, aleak xehatzeko balio zuen, eta egurra mozteko eta elektrizitatea sortzeko ahala ere bazuen, ura baliatuz. Gainera, herritarrentzat biltzeko toki bat zen.

Cederna Garalurrek eta Aranzadik auzolana sustatu nahi dute Ezkarozen, eta herritarrak parte hartzera deitu dituzte. Asmoa da errotarekin lotutako objektuak bilatzea, errotaren historia azalduko duten panelak prestatzea eta errotarekin lotutako jarduerak antolatzea. Errota Ezkarozeko biztanleen historiaren parte dela nabarmendu nahi dute, eta lotura horri balioa eman.

Zangozako funtsa

Komentuko klaustroa, berrogei urtez bildutakoa erakusteko

Henrike II.a Albretekoaren Ondare Funtsak gordetako piezetako batzuk. CEDERNA GARALUR-ARANZADI
Henrike II.a Albretekoaren Ondare Funtsak gordetako piezetako batzuk. CEDERNA GARALUR-ARANZADI

Zangozan Henrike II.a Albretekoaren Ondare Funtsaren inguruko proiektu bat garatu nahi dute Cederna Garalurrek eta Aranzadik. Herritar talde batek sortu zuen ondare funtsa. «Zangozako hainbat bizilagun berrogei urtez aritu dira herriaren historiarekin lotutako piezak biltzen, ondare hori ez galtzeko eta ez hondatzeko asmoz», azaldu du Juantxo Agirrek.

Zangozarrek bildutako piezak, baina, gordeta daude, eta ondare migratuari buruzko proiektuaren bidez, ondare hori herritarren eta bisitarien esku jarri nahi dute. Asmoa da Zangozako San Frantziskoko komentuko klaustro gotikoa erabiltzea, Henrike II.a Albretekoaren Ondare Funtsa osatzen duten lanak erakusteko.

150 pieza inguruk osatzen dute funtsa; Erdi Arotik XIX. mendera bitarteko harrizko lanak dira, garai horietako herritarren egunerokoarekin lotuak: badira ontziak, errotetan erabiltzen zituzten tresnak eta bertze. Cederna Garalurrek eta Aranzadik sustatuta, oraingo asmoaren helburua da pieza horiek guztiak sailkatzea, argazkiak egitea eta San Frantziskoko komentuko klaustroan erakusteko prestatzea.

Klaustroa atontzeko lanak egin beharko dituzte, bertzeak bertze irisgarritasun unibertsala bermatu ahal izateko. Piezak erakusteko tokia prestatu eta gero, bisitak antolatzea izanen da hurrengo urratsa, eta, horrekin batera, Zangozako herritarrek osatutako funtsari buruzko informazioa zabaltzeko kanpaina bat egitea. Sustatzaileen xedea da San Frantziskoko erakusketa izatea Zangozara turismo jasangarria erakartzeko bertze bide bat. Ondare funtsa sortu duten bizilagunak, gainerako herritarrak eta herriko agintariak inplikatu nahi dituzte proiektuan.

Aldoiarko leizea

Olatzagutiko historiaurreko hezurrak

 Olatzagutian aurkitutako historiaurreko aztarnak. CEDERNA GARALUR-ARANZADI
Olatzagutian aurkitutako historiaurreko aztarnak. CEDERNA GARALUR-ARANZADI

Historiaurrearekin lotutakoa da Olatzagutiko ondare migratua; zehazki, Aldoiarko leizean aurkitutako aztarnekin. 1980ko urteetan, Portland enpresaren harrobiko lanen ondorioz, leize hori desagertu egin zen. Mendia eta leizeak gustuko zituen herriko gazte talde batek, baina, han aurkitutako hezur multzo bat eta silexezko pieza bat gorde zituen. Egun, Olatzagutiko Udalaren esku dira. Aranzadik prestatutako proiektuaren helburua da hezur horiek garbitzea, sailkatzea eta aztertzea. Koskobilon aritzen diren Aranzadiko kideak eta Maite Iris antropologoa hasi dira lan horretan.

Aranzadiko kideek azaldu dute hezurrak aurkitu zituzten gazteek Vianako Printzea erakundeko arduradunei eta Jose Miguel Barandiarani erakutsi zizkietela, baina ez omen zutela interes handirik erakutsi. Ondorioz, Portland etxeko medikuak hartu zituen, eta haren etxean izan ziren, eraikina behera bota zuten arte. Denera, 280 hezur inguru badira. Horiek udalaren esku dira, baina ez, ordea, silexezko pieza. Ondare migratuari buruzko proiektuaren bidez, asmoa da pieza hori duenarekin negoziazioak hastea, udalaren esku utz dezan.

Aztarna guztiekin erakusketa bat osatu nahi dute, eta arkeologiari buruzko jardunaldi bat, 1980ko hamarkadan hezurrak aurkitu zituzten gazteek ondare hori gordetzeko egindako ahaleginari balioa emateko. Proiektu horrek Koskobilo leizearen ingurukoa osa dezake. Aranzadik eta Olatzagutiko Udalak ibilbide bat prestatu dute herri horretatik Koskobiloko aztarnategietara, hain zuzen, azken urteotako indusketetan egindako lanaren berri zabaltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA