Olatz Azpirotz Larzabal.
IRITZIA

Metaforaz gaindi

2026ko maiatzaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Metafora, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, hitz baten berezko adiera irudizko esanahi batera igaroaraztea da. Horretarako, esanahien arteko konparazio zuzena ekidite aldera, beharrezkoa da ideien arteko antzekotasunen bat edota lotura intuitiboren bat adieraztea.

Dirudien baino errazagoa da metaforak erabiltzea; areago gure egunerokoan, metaforaz inguraturik bizi baikara. Metaforek goitik behera eta kanpotik barrura zeharkatzen gaituzte: horiei esker lortzen dugu sentitzen duguna doi-doi adieraztea, hitzak xamurtzea, testuingurua dotoretzea eta arroztasun oro etxekotzea.

Alabaina, erabilera dela eta, zenbait metafora beste batzuk baino barneratuago ditugu, besteak beste: sutan egotea, denborak ihes egitea, goseak hiltzea, lanez lepo egotea, bizkarrean zama handia izatea eta abar. Metaforaz beteriko kultura eta hizkuntza da gurea, eta erabilitako metafora horien artean espetxea ere maiz aurki dezakegu.

Auskalo zein momentutan hasi ginen espetxea bakardadea, beldurra, harremanak eta abar deskribatzeko erabiltzen; halaber, auskalo noiz utzi zion espetxeak presondegia izendatzeko bakarrik erabilgarri izateari eta, orobat, noiz bihurtu zen gure komunikazioan ohiko elementu. Dena den, nahiz eta hitzaren erabilera aniztu, espetxeak espazio propioa izaten jarraitzen du.

Apirilaren hondarrean, EH Bilduk azken hilabeteotan Iruñeko espetxean zortzi suizidio saiakera egon direla salatu zuen. Ez da kontu berria honakoa, azken urteotan behin baino gehiagotan izan baitugu Euskal Herriko espetxeetan izandako bai suizidio saiakeren, bai suizidioen berri. Hala eta guztiz ere, gaur egun presondegia hain dugu elementu arrotz eta urruneko, ezen honako gertakariek, oro har, ez duten gugan inolako arrangurarik sortu; bost axola zaigu espetxean zer gertatzen den. Haatik, errealitateari muzin egin eta espetxea nahieran gure eguneroko metaforetan erabiltzeko eskumena sentitzen dugu; izan ere, oso ohikoak dira gure elkarrizketetan oraindik ere honako konbinazioak: gorputza eta espetxea, gaixotasunak eta espetxea, generoa eta espetxea, herriak edota hiriak eta espetxea, harreman motak eta espetxea, eta abar.

Espetxea gizartearen isla da, eta, ondorioz, biak ala biak elkarri lotuta daude. Hortaz, ezin ditzakegu bi errealitate balira bezala banandu

Horregatik guztiagatik zait harrigarria gaur egun espetxeekiko eta presoekiko dugun distantzia eta axolagabekeria; espetxea ez da bigarren mailako errealitatea. Berebat, kartzela ez da gizartearen periferian bortxaz jarritako zoko-mokoa edota hautsak hartutako sotoa; espetxea gizartearen isla da, eta, ondorioz, biak ala biak elkarri lotuta daude. Hortaz, ezin ditzakegu bi errealitate balira bezala banandu; zilbor heste berbera edo berau korapilatuta duten bi biki dira, eta, atsegin izan zein ez, elkarri begiratzera behartuta daude. Horregatik, batean arazoa dena bestean ere arazoa da, kasu honetan: suizidioa.

Horiek horrela eta errealitatea bere osotasunean aintzat harturik, beharrezkoa da beldur oro zokoratzea eta behingoz suizidioari serioski erreparatzea. Azken urteotan suizidioak gizartean izandako garapena guztiz asaldagarria da; hori dela eta, oso beharrezkoak ditugu suizidioaren gaineko hausnarketa eta prebentzio planak, baita osasun mentalaren aldeko inbertsioak ere; noizbait honakoa errealitate izateari utzi eta irudizko metafora huts izan dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA