Mila zenbaki Sakana euskaraz informatuz

Uztailean ‘Guaixe’ astekariaren milagarren zenbakia argitaratu dute. Sakanako hedabidea 1994tik ari da euskaraz informatzen, eta sortu zenetik izan du sakandarren babesa.

'Guaixe'-ko langileak, hedabidearen erredakzioan, Altsasun. IÑIGO URIZ / FOKU
'Guaixe'-ko langileak, hedabidearen erredakzioan, Altsasun. IÑIGO URIZ / FOKU
Iruñea
2026ko abuztuaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ostiralero Guaixe astekaria kaleratzen dute Sakanan, eta, argitalpen horren bitartez, sakandarrek euskaraz irakur dezakete eskualdeko asteroko informazioa. Astekarian ageri ohi dira, besteak beste, Sakanako garaian garaiko albiste nagusiak, elkarrizketak eta erreportajeak. Dena den, bestelako itxura izan zuen uztailaren 10ean argitaratutakoak; izan ere, hura izan zen Guaixe-ren milagarren zenbakia. 1994an sortu zuten hedabidea, eta euskarazko informazioa landu du orduz geroztik. Gaur egun, astekariaz gain, irrati bat, webgunea eta sare sozialak ere badituzte, eta Guaixe Tokikom eta Nafarpress elkarteetako bazkidea da. Guaixe fundazioaren kudeatzaile Goizeder Antonek nabarmendu duenez, milagarren zenbakiaren mugarriak «berriz» erakutsi die «zein proiektu bizia» den Guaixe, eta «zeinen garrantzitsua» den orrialde bakoitza «Sakanako komunitate osoarekin batera jostea» aurrerantzean ere.

Milagarren zenbakia egiteko, astekariaren ohiko formatua aldatu dute; izan ere,«zerbait berezia» egin nahi zuten, Antonek esan duenez, eta milagarren zenbakia Sakanari egindako «opari bat, keinutxo bat» izatea nahi zutela. Zenbaki horretan, elkarrizketak bildu dituzte batez ere. Lehenengo, hamargarren eta ehungarren Guaixe-n agertu ziren zenbait pertsona eta hedabideko zenbait langile elkarrizketatu dituzte. Antonek azaldu duenez, milagarren zenbakian «ahotsak» jarri nahi izan dituzte ardatzean, eta «protagonismo osoa» eman Guaixe egiten dutenei. Izan ere, azpimarratu du hasieran bezalaxe sakandarren ekarpena dela «proiektuaren motorra» gaur egun ere. «Guaixe eta Sakana txanpon beraren bi aldeak dira: Sakana ezin da ulertu Guaixe gabe, ezta Guaixe sakandarrik gabe ere», adierazi du.

'Guaixe' astekariaren 1.000. zenbakia. GUAIXE
Astekariaren milagarren zenbakiaren azala. GUAIXE

Milagarren zenbakiaren prestaketari dagokionez, Antonek esan du «oso modu berezian, zirraraz eta esker onez» osatu dutela aldizkari hori. Besteak beste, atzera begiratu eta hemerotekan murgildu dira. Antonek azaldu duenez, argazkiak, azalak eta lankide eta herritarren oroitzapenak berriro ikustean «nostalgia» piztu zaie bulegoan, baina «barre» ere egin dute. Hala ere, azaldu du milagarren zenbakia ez zutela nostalgiaz bakarrik landu nahi; lehengoari erreparatu diote, berriro etorkizunari begira jartzeko. 

Hedabidearen historia

Duela 32 urte sortu zuten Guaixe, eta bultzatzaile nagusiak Amaia Amilibia, Olatz Irizar eta Aitziber Etxaiz sakandarrak izan ziren. Garai hartan hirurek kazetaritza ikasten zuten EHUren Leioako fakultatean. Dena den, beste sakandar ugarik ere lan egin zuten astekaria sortzeko. Antonek sorreraren inguruan hitz egin du: «Sakanan ez zegoen euskarazko tokiko informaziorik, eta euskarari leku propioa, hurbila eta normalizatua ematea izan zen Guaixe-ren helburu nagusia hasieratik». 

«Euskarari leku propioa, hurbila eta normalizatua ematea izan zen Guaixe-ren helburu nagusia hasieratik»

GOIZEDER ANTON Guaixe fundazioaren kudeatzailea

Gaur egun astekaria argitaratzen badute ere, Guaixe hilabetekaria izan zen lehen zenbakia kaleratu zutenetik, hau da, 1994ko abendutik harik eta 2004aren hasieran astekari bihurtu zen arte. Dena den, hamar urte horietan, beste zenbait hedabide sortu zituzten Sakanan. 1999an, Beleixe irratia abiarazi zuten —2024an, Guaixe irratia bilakatu zen—. Irratiak, besteak beste, aukera eman zuen azken orduko albisteak lantzeko eta Guaixe-ko informazioa berritzeko. 2001ean, berriz, Oixe astekaria sortu zuten. Izan ere, garai hartan eztabaida ugari izan zituzten, Guaixe hilabetekaria jendearen etxera iristen zenerako berri ugari zaharkiturik geratzen baitziren. Oixe eta Guaixe aldi berean argitaratu zituzten 2003ra arte, baina, hausnartu ondoren indarrak batu, eta 2004ko urtarriletik Guaixe astekaria kaleratzen dihardute. 2007an, berriz, webgunea sortu zuten, eta sare sozial propioak ere badituzte.

Askotariko oroitzapenak

Hedabidea sortu zenetik izandako gertakari gogoangarriak izan dituzte hizpide Maider Betelu eta Alfredo Alvaro kazetariek. Hasieratik ari dira proiektuan. Beteluk gogora ekarri ditu, besteak beste, Bierrik elkartea eta taberna estreinatu zituztenekoa eta Guaixe astekari bihurtu zenekoa. Dena den, esan du hasierako garaia izan zela gogoangarriena: «Herriz herri joaten ginen kolaboratzaileen idazkiak jasotzera, eta Guaixe-ren aleei pegatinak jartzen genizkien, gero postetxera eramateko». Alvarok, berriz, kontatu du haien lana aitortzen hasi zirela pixkanaka —esaterako, Merezimenduzko Argia Saria eman zieten—, eta zerbait ondo egiten ari ziren seinale «polit bat» izan zela hori. Boladarik gogorrenaren inguruan ere hitz egin du Beteluk: «Diru laguntzak jaitsi ondoren, murrizketak izan ziren: langile gutxiago, irratia etenda… Erabaki horiek hartzea ez zen erraza izan». 

«Herriz herri joaten ginen kolaboratzaileen idazkiak jasotzera, eta 'Guaixe'-ren aleei pegatinak jartzen genizkien, gero postetxera eramateko»

MAIDER BETELU Guaixeko kazetaria

Etorkizuneko erronka nagusiak hizpide hartuta, Antonek lau aipatu ditu: aurrerantzean ere digitalizazioan eta multimedian sakontzea, gazteak erakartzea, Sakanara bizitzera iritsi berri direnak komunitatera erakartzea, eta Sakanako euskarazko proiektu komunikatiboaren jasangarritasun ekonomikoa eta independentzia bermatzea. «Uste dut gure komunitatea zaintzea eta elikatzea dela funtsezkoena erronka horiei guztiei aurre egiteko», gehitu du.

Antonek nabarmendu duenez, ziur daude astekaria «bizia, dinamikoa eta ezinbestekoa» izango dela etorkizunean ere. «Guaixe-ren arima ez dago euskarri bakar bati lotuta: Sakanako komunitateari eta euskarari lotuta dago», adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA