Muskilek ekarriko dute inauteria

Iruña Taldeak muskilen besta ospatuko du bihar Iruñean, lehen aldiz. Ijito elkarteek egindako kritikak aintzat hartu, eta kaldereroak antolatzeari utzi dio, gogoeta prozesu baten ondorioz.

Iruña Taldeko kideek aurten lehen aldiz eginen duten muskilen bestarako prestatu dituzten maskaretako batzuk. IRUÑA TALDEA
Iruña Taldeko kideek aurten lehen aldiz eginen duten muskilen bestarako prestatu dituzten maskaretako batzuk. IRUÑA TALDEA
edurne elizondo
Iruñea
2026ko otsailaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela sei urte egindako mahai inguru batek jarri zuen Iruña Taldeak orain egin duen urratsaren lehen hazia; Iruñeko Kondestablearen jauregian egin zuten mahai inguru hura, Kaldereroak: Iruñeko blackface? izenburupean. Egun hartan, Nafarroako ijitoen elkarteen Gaz Kalo federazioko Ricardo Hernandezek garbi erran zuen ijitoak ez direla eroso sentitzen kaldereroen bestarekin, eta ez dutela parte hartzen, ez dutelako bere sentitzen. Gogoeta eskatu zien jai hori antolatzen dutenei, eta berehala jaso zuen lehen erantzuna: Iruña Taldeko hainbat kide egon ziren Kondestablearenean, eta hausnartuko zutela hitzeman zuten. Hala egin dute, eta aurten, lehen aldiz, muskilen besta ospatuko dute inauteria iragartzeko, kaldereroen ordez. Bihar eginen dute, Iruñeko Alde Zaharrean.

Iruña Taldeko kideek antolatutako kaldereroen bestako animalien dantza, 2016. urtean, Iruñeko Alde Zaharrean. IRUÑA TALDEA
Iruña Taldeko kideek antolatutako kaldereroen bestako animalien dantza, 2016. urtean, Iruñeko Alde Zaharrean. IRUÑA TALDEA

Besta garaia da inauteria, baina arrazakeria betikotzen duten estereotipoak sendotzekoa ere izan daiteke, bertzeen kulturak mozorro bilakatzen direnean. Hori gertatzeko arriskuaz ohartarazi du mugimendu antirrazistak azken urteotan, eta ijito elkarteek, zehazki, kaldereroen bestan jarri dute fokua. «Jendeak gogoeta egin dezala bertzerik ez dugu nahi», berretsi du Hernandezek.

«Prozesuaren hasiera»

«Iazko kaldereroak ospatu eta gero erabaki genuen azkenak izanen zirela». Horixe kontatu du Iruña Taldeko kide Ane Zelaia Ruiz de Eginok. Ilazki Bidador Sararekin eta bertze taldekide batzuekin aritu da inauterietako besta eraldatzeko lanean, azken hilabeteotan. «Taldean argi genuen zerbait egin behar genuela, baina zaila izan da urratsa egitea, ez baikenuen garbi zer norabide hartu», erantsi du Bidador Sarak.

Hark nabarmendu du orain besta berritzeko emandako pausoa «prozesuaren hasiera» bertzerik ez dela, eta gogoeta egiten jarraitu nahi dutela, ahal dela ijito elkarteekin eta mugimendu antirrazistako kideekin elkarlanean. «Besta guk antolatzen dugu eta gu gaude botere harreman horretan zapaltzailearen tokian. Beraz, guri dagokigu gure pribilegioez gogoeta egitea, eta guri dagokigu lehen urratsa egitea», zehaztu du.

«Hori da kontua: gauzak hausnartuz antolatzea. Kaldereroak besta huts bat badira, 
ez dira gure besta»

RICARDO HERNANDEZ Gaz Kalo federazioko kidea

Gaz Kaloko Ricardo Hernandezek eskertu egin du Iruña Taldeko kideek bidea hasi izana: «Ezin izan dugu orain arte haiekin elkartu, baina pozten gaitu hausnarketa prozesu bat martxan jarri izana. Hori da kontua: gauzak hausnartuz antolatzea. Kaldereroak besta huts bat badira, ez dira gure besta; ez badute balio ijitoon historiari eta ondareari balioa emateko, ez dugu parte hartuko», azpimarratu du.

Iruña Taldeko kideen hautua izan da besta erabat aldatzea eta ijito herriarekin lotutako elementuak erabiltzeari uztea. Beste jai bat sortu dute, nolabait, inauteria iragartzeko, eta, aldi berean, denak eroso sentitzeko. Muskilak izena jarri diote; Bidadorrek eta Zelaiak kontatu dute XIX. mendeko Juan Bautista Agirre idazlearen testu batean aurkitu dutela hitza, eta lorea atera aurretik dagoen kimua dela muskila.

Iruña Taldeko kideek 11:30ean hasiko dute biharko besta, animalien dantza eginda. Muskilen kalejira 18:30ean abiatuko dute, San Lorenzo karrikatik. Maskara bilakatu dute taldekideek muskilen ezaugarri berezi. Gauez Margarito eta bere hartzak taldearen kontzertua eginen dute, Bullizio peñan.

Beran eta Lizarran

Kaldereroen besta Donostiatik ailegatu zen Nafarroako hainbat herritara. Iruñean ez ezik, Beran eta Lizarran ere ospatzen dute, bertzeak bertze. Beran, hain zuzen, 1927koa da herrian kaldereroen inguruan duten argazkirik zaharrena. 36ko gerrak etenaldi bat ekarri zuen, baina jaia ez zen erabat galdu. 1950eko hamarkadan, behintzat, ospatu omen zuten, eta 1980tik, ia urtero antolatu dute. Egun, besta herritar guztien artean prestatzeko deia egiten du udalak. Aurtengoa bihar eginen dute. «Ez dugu inolako gogoetarik egin», onartu du Lupe Mendigutxia Berako Udaleko zinegotziak; ijito elkarteek egindako kritikaren berriak «ezustean» harrapatu duela gehitu du. «Ez dugu hausnarketarik egin. Ez naiz paratu horretan; ez dut beharrik ikusi», berretsi du.

Berako kaldereroen besta, 1980. urtean. LUPE MENDIGUTXIAK UTZIA
Berako kaldereroen besta, 1980. urtean. LUPE MENDIGUTXIAK UTZIA

«Beratik ez gaitu inork deitu», zehaztu du Gaz Kaloko Ricardo Hernandezek. Lizarran, berriz, 2020. urtean Iruñean antolatutako mahai inguruaren antzekoa antolatu zuten handik urtebetera. «Iruñean baino jende gutxiago elkartu zen», oroitu du. Auzigaia mahai gainean jarri izanak, gainera, ez du ondorio nabarmenik izan: gaur ospatuko dituzte kaldereroak, Francisco Beruete Lizarrako Dantzari Elkarteak antolatuta. «Hemen ez da eztabaidarik sortu. Egun bateko besta bat da, ez da aparteko bertze konturik», erran du elkarteko kide Puy Iglesiasek. Gogoetarik ere ez dute egin. Hernandezek berretsi du kaldereroen gisako besten auzian gakoa ez dela jaiaren asmoa, eragin ditzakeen ondorioak baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.