Uxue Juarez
IRITZIA

Mutututa

2026ko otsailaren 20a
05:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehengo egoera: duela aste batzuk, S.-rekin sexu-harreman heteroez mintzatzen ari nintzela, emakumeak konplazienteegiak garela bota zuen S.-k. Gure plazer propioa gehiago bilatu beharko genukeela bestearena hainbeste kontuan eduki gabe. Askotan frogatu izan dela harreman homoerotikoetan gizonek plazerrarekiko duten jarrera bestelakoa dela: norberak bere plazerraren erritmoak markatuta funtzionatu ohi duela eta, bide batez, askeagoa dela. Eta askotan askatasun hori imitatzea interesgarria litzatekeela, probatzearren soilik, gure burua egoera horretan ikustearren. Askatasuna ala berekoikeria?, erantzun nahi izan nion, baina isilik gelditzea erabaki nuen. Duela ez asko ikasi dut ez naizela inor besteen praktikak epaitzeko eta, azken finean, S.-renak S.-ri dagozkio, eta ez niri. Aurreko pasartearen deskribapenarekin ez dut adierazi nahi denok berdin jokatzen dugunik, ezta dikotomia jakin bat asmatu nahi ere. 

Bigarren egoera: ahotsaren inguruan idatzi ondoren, urtarrilaren amaieran Zentralen bizitako pasarte labur bat ere aipatu nahiko nuke: Nina de Juan, Morganeko abeslaria, zuzenean entzun nuenekoa. Eszenatokiaren ezkerraldean eman zion kontzertuari hasiera. Abestiek aurrera egin ahala, publikoaren ahotsek lagunduta, oholtzaren erdigunerantz desplazatu zen eta bertan azaldu zigun mugimendu hori egitea zenbateraino kostatzen zaion, urteetan landu behar izan duen desplazamendu txiki hori pauso erraldoi bat izan dela berarentzat. Eta une horretan Ian Curtisekin, Joy Divisionen abeslariarekin, gogoratu nintzen: kontzertuetako estresak piztuta, epilepsia pasarteak izan ohi zituena. Ez da genero kontua soilik. Besteen begiradaren aurrean oldartu zein txikitu ohi gara, segun eta. Baina egia da, estatistikei arreta paratuta, artistak diren emakumeen artean beldur eszenikoa orokorragoa dela.

Gaurkoan gelako mutilek maskulinitate tailer bat daukate eta neskekin bildu naiz. Gaurkoan ozenki eta lasai asko mintzatu dira. Patxadaz

Hirugarren egoera: gelan nago, Barañaingo ikastetxe batean. Ikasleek 16 urte dituzte eta egunero egoera berbera bizi ohi dut: mutilek espazioa arazorik gabe betetzen dute (bai gelaren aurreko aurkezpenetan, bai maiz planteatzen ditugun eztabaidetan). Gaurkoan gelako mutilek maskulinitate tailer bat daukate eta neskekin bildu naiz. Gaurkoan ozenki eta lasai asko mintzatu dira. Patxadaz. Haien gorputza ez da blokeatuta ageri eta ez dute lotsarik sentitzen. Txikitatik ezagutzen dituzten mutilen aurrean egongo balira, isilduko lirateke. Egunero ikusten dudan egoera da. Horren inguruan aritu gara, baina egunero animatzen ditudan arren, ez dute besteen begiradak ezartzen dien muga hori gainditzen. Ez daude prest. Ez dira gai barrualdean estaltzen duten aberastasun guztia besteei helarazteko. Edo badira, baina bidean lagundu behar ditugu. Askotan ez dut modua topatzen, baina galderak egiten dizkiet eta animatzen ditut. Zaila da. Ez legoke batere gaizki, S.-k proposatzen zuen moduan, bai nerabe hauek zein nik neuk gure desioari, plazerrari eta gure ahotsari espazio zabal bat eskaintzea, paisaia aske eta basatia. Topatzen ez badugu, asmatu beharko dugu, ezta?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA