Nafarroan nabarmen egin du gora auto istripuetan hildako herritarren kopuruak

Azken datuen arabera, 2025ean Nafarroan 38 pertsona zendu dira errepidean, ezbeharrak jazo ondorengo 24 orduetan. Nafarroako Gobernuko Trafiko Zerbitzuak kezka agertu du, eta gidariei arduraz eta arretaz jokatzeko eskatu.

Martxoan Fiteron gertatutako istripua. Bi kamioik elkar jo zuten, eta lau lagun zendu ziren. FORUZAINGOA
Martxoan Fiteron gertatutako istripua. Bi kamioik elkar jo zuten, eta lau lagun zendu ziren. FORUZAINGOA
edurne elizondo
Iruñea
2026ko urtarrilaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

2025a urte txarra izan da Nafarroako errepideetan: abenduaren 31ra bitarte, 38 lagun zendu ziren herrialdean —ezbeharrak jazo ondorengo 24 orduetan—, eta bertze 136 larri zauritu. Kopurua are handiagoa da istripua gertatu ondoko lehen 30 egunak kontuan hartuta: 47 pertsona zendu ziren iaz Nafarroako errepideetan. «Gorabehera handikoak izan dira azken bost urteak; aurten, egoerak okerrera egin du», erran du Jose Javier Boulandierrek, Nafarroako Gobernuko Barne Departamentuko Trafiko Zerbitzuko buruak.

Boulandierrek garbi erran du 2025eko datuek kezka piztu dietela gobernuko kideei. Alarmak goiz piztu ziren iaz, lehen hiruhilekoan hamabost pertsona hil baitziren auto istripuetan. 2024 osoan, 23 zendu ziren. Datu hotzek nekez islatu dezakete auto istripu batek zenbateko sufrimendua eragin dezakeen, eta horixe azpimarratu nahi izan du Trafiko Zerbitzuko zuzendariak, hain zuzen; gehitu du, halere, gidarien hutsek eragiten dituztela istripu gehienak, eta 2025ean gertatu direnak ere abiadura handiaren, alkoholaren eta bertze drogen kontsumoaren eta arreta galtzearen ondorio izan direla nagusiki.

Errepideetan hildako herritarrak hizpide hartuta, soslaia «zehatza» dela argitu du Boulandierrek. Istripua gertatu ondorengo lehen 24 orduetan zendutakoen artean, 28 gizonak ziren, eta hamar, emakumeak, hain zuzen. 45 eta 64 urte bitartekoak ziren gehienak, eta hildakoen %53 gidariak ziren. Istripu gehienak hiriarteko errepideetan izan ziren.

Boulandierrek berretsi du Nafarroako Gobernuaren helburua dela errepideetan inor ez hiltzea, baina gaineratu du gizarte osoari dagokiola «ahalegin handi bat» egitea. Gidariei eskatu die arduraz eta arretaz jokatzeko, eta oroitu «denen segurtasuna» dagoela jokoan. Nafarroako Gobernuak itun bat sinatu berri du Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioarekin, garraio seguruaren eta jasangarriaren alde, eta herritarrak eta erakundeak deitu ditu batzera.

Kamioien istripuak

Udalekin eta kontzejuekin ituna sinatuta «norabide bat» zehaztu nahi izan dutela kontatu du Jose Javier Boulandierrek; Nafarroako Gobernuak, halere, hainbat neurri abiarazi zituen iaz, errepideetan segurtasuna hobetu dadin. Batetik, errepideen egoerari eta segurtasunari buruzko ikerketa bat hasi zuten, eta, bertzetik, ibilgailuen abiadura kontrolatzeko radar gehiago jarri. Gainera, hainbat errepidetako seinaleak berritu edo egokitu zituzten. Neurrion bidez, Nafarroako Gobernuko Barne Departamentuak kamioiak kontrolatu nahi izan ditu, batez ere. Izan ere, kamioiak tartean izan dira iaz herrialdean gertatutako istripu anitzetan. Tradisna Nafarroako Garraiolarien Elkarteak horixe nabarmendu du, eta salatu garraiolari anitzen lan baldintzak eskasak direla, denbora luzez lan egin behar dutela, eta atseden hartzeko toki egokiak falta direla errepideetan. Garraiolarien atsedena eta erretiro duina bermatzeko «lan politika egokiak» eskatu dituzte.

Tradisnak erantsi du istripu gehienak kamioiek erabiltzen dituzten errepide nagusietan gertatu direla; bat egin du Jose Javier Boulandierrek, eta aipatu AP-15 errepidean nabarmen egin duela gora istripuen kopuruak. «Ustez, errepide segurua da, baina ezbehar anitz gertatu dira». Berretsi du egoera horrek kezka eragiten diela, eta Nafarroako Gobernuko Trafiko Zerbitzua Guardia Zibilarekin eta Foruzaingoarekin aztertzen ari dela zer egin.

Boulandierrek garbi du «elkarlanaren bidetik» egin behar dutela aurrera errepidea leku seguruagoa izan dadin. Erran du trafikoa kontrolatzeko neurriak behar direla, baina ez direla nahikoak. Hezkuntza «hagitz garrantzitsua» dela gehitu du, eta Nafarroako Gobernua ari dela ikastetxeekin lanean, segurtasunaren auzia «txikitatik» lantzeko asmoz. Administrazioen arteko elkarlana ere behar dela uste du Boulandierrek, eta errepideak zaindu behar direla. Kontuan hartu beharreko elementu guztien artean, halere, gidari ororen ardura nabarmendu nahi izan du. «Garbi izan behar dugu gidatzea ardura handi bat dela, eta jokoan daudela gure segurtasuna eta bertzeena. Gidarien konpromisorik gabe, prebentzioa hutsaren hurrengoa bertzerik ez da», azpimarratu du.

2019an, 19 pertsona zendu ziren Nafarroan auto istripuetan; pandemiaren urtean, 2020an, hogei izan ziren. 2025ean, berriz, 47. Kezkatuta dagoela berretsi du Boulandierrek, eta nabarmendu errepideetan gertatutako heriotzek «min handia» eragiten dutela. «Indar handiagoz ahalegindu behar dugu gure helburua lortzeko. Errepideetan ez dadila inor hil, hori da asmoa. Horretarako, denen laguntza behar dugu».

819

Zenbat auto istripu gertatu ziren iaz Nafarroan. 2025ean —azken datuen arabera—, zaurituak eragin zituzten 819 auto istripu gertatu ziren Nafarroako errepideetan.

16

Zenbat 

lagun zendu ziren 2023an errepidean. 2023an, 16 pertsona zendu ziren herrialdeko errepideetan gertatutako auto istripuetan. 2022ko datuekin alderatuta, nabarmen egin zuen behera kopuruak, 2022an 33 pertsona zendu baitziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.