Adona Nafarroako odol emaileen elkarteko presidentea

Juan Antonio Castro: «Odola emateko ohitura belaunaldiz belaunaldi transmititu da Nafarroan»

Nafarroako odol emaileen elkartea da Adona, eta Juan Antonio Castro da presidentea. 20.000 kide baino gehiago ditu, eta erronka bat: aurten 5.000 plasma emate lortzea.

Adona elkarteko presidente Juan Antonio Castro, Iruñeko odol bankuko gela batean, irailaren 19an, plasma ematen. IÑIGO URIZ / FOKU
Adona elkarteko presidente Juan Antonio Castro, Iruñeko odol bankuko gela batean, irailaren 19an, plasma ematen. IÑIGO URIZ / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2025eko irailaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ia ordubete du, odola ematera joan aurretik. Nafarroako odol emaileen elkartea da Adona, eta haren egoitza, etxe baten modukoa, Juan Antonio Castro presidentearentzat (Jerez de la Frontera, Espainia, 1960). Duela 30 urte baino gehiago eman zuen odola lehenengoz. Orain, kanpaina bat abiatu du «emaile fidelak» lortzeko: 5.000 plasma emate jaso nahi dituzte, urtea amaitu aurretik.

Zenbatean behin ematen duzu zuk odola?

Hilabetean behin emateko ohitura dut, plasma ematen baitut. Plasma da odolaren alde likidoa; aferesi prozesu baten bidez, odola ateratzen dizute, baina makina batetik pasatu eta gero, plasma bereizi, eta hori bertzerik ez dizute kentzen; gainerako osagaiak zure odol jariora itzultzen dira. Ondorioz, eman eta gero, azkarrago osatzen zara, eta maizago eman dezakezu. 48 ordu pasata, berriz emateko prest egon zaitezke.

Odola, beraz, gutxiagotan eman daiteke?

Bai. Hiru edo lau hilabetean behin, oro har. Kontua da odola ematean, haren alde solidoan dauden globulu gorriak, zuriak eta plaketak ere ematen dituzula, eta behar duzu denbora bat suspertzeko. Hilekoarekin dauden emakumeen kasuan, adibidez, ez da komeni globulu gorriak galtzea, baina plasma emateko arazorik ez dute, globulu gorriak ez dituztelako galtzen.

Eta zertarako erabiltzen da plasma?

Plasma, odola bezala, transfusioetarako erabiltzen da; baina ez horretarako bakarrik: plasma erabil daiteke, gainera, tratamenduetarako; plasmaren osagaiak botikak egiteko erabiltzen dituzte, adibidez, gaixo onkologikoei emateko. Plasma emateko anitzez ere muga gutxiago daude, eta, gainera, gauza gehiagotarako erabil daiteke.

«Nire errutinen parte bilakatu da hau; dagokidanean etortzen ez banaiz, zerbait falta dudala sumatzen dut»

Noiz hasi zinen zu odola ematen?

Duela 30 urte baino gehiago. Odol bankua eraikitzeko prozesua gertutik jarraitu nuen, garai hartan ospitaleko segurtasunean ari bainintzen lanean. Odola ematen zuten batzuk ezagutzen nituen, eta, azkenean, ni ere ematen hasteko urratsa egitera animatu nintzen. Gaurkoa [irailaren 19koa] odola edo plasma ematen dudan 237. aldia izanen da. Emaile fidela naiz! Egia erran, nire errutinen parte bilakatu da hau; dagokidanean etortzen ez banaiz, zerbait falta dudala sumatzen dut. Elkartean garbi dugu inportanteena emaileak direla.

Zer erran nahi duzu?

Bada behin edo bitan odola ematen duen jendea; hau da, behin edo bitan etorri, baina gero itzultzen ez dena. Eta ongi dago, baina behar dugun odol guztia izanen dugula bermatzeko, inportanteena da emaile fidelak lortzea; hau da, konpromiso bat hartu, eta behin edo bitan eman eta gero, itzuli egiten direnak. Elkartearen lana hori da, hain zuzen, behin eta berriz emateko konpromisoa hartuko duten emaileak lortzea.

Helburu horrekin abiatu duzue oraingo kanpaina?

Bai. Asmoa da aurten 5.000 plasma emate lortzea. Jendea erakarri nahi dugu, lehenengoz etorriko diren horiek emaile fidel bilakatzeko.

Zaila da?

Nafarroan, egia erran, zorte handia dugu, eta emaile fidel anitz gara. Hainbat herritan, ohitura da ospitalean artatu eta odola jaso duenaren ingurukoei eskatzea odola eman dezatela. Hemen halakorik ez da egiten. Nafarroan odola ematea ohitura kontu bat izan da, orain arte; odola emateko ohitura belaunaldiz belaunaldi transmititu da hemen. Hori gauza handia da. Egia da, halere, Nafarroan biztanleria nabarmen zahartu dela, eta egungo errealitate demografikoa ez dela duela hamarkada batzuetakoa. Jende gaztea gehiago mugitzen da, eta kanpotik ere jende anitz etorri da. Haietako anitzek ez dute odola emateko hemen dugun ohitura.

Jende gazteari kostatzen zaio konpromiso hori hartzea?

Urtero joaten gara unibertsitateetara; aurten ere laster joanen gara Iruñeko campusetara, informazioa ematera, eta garbi erran behar dut gazte anitzek egiten dutela, gu ezagutu eta gero, odola ematen hasteko urratsa. Sare sozialetan ere bagaude, jende gaztearengana ailegatzeko asmoz. Kontua da unibertsitatean ari diren gazte anitzek hemendik alde egiten dutela, ikasketa garaia amaituta. Baina hemen ez bada, har dezatela joaten diren tokian odola emateko ohitura. Hori ere ona da.

«Ibilgailua berritu dugu, eta aferesi prozesuaren bidez, plasma emateko aukera ere eskaintzen dugu herriz herri»

Eta noiz arte eman daiteke odola edo plasma?

Lehen bazen adin muga bat: 65 urte baino gehiago zutenek ezin zuten ematen segitu. Orain muga hori desagertu da. Egun, 70 urterekin eta gehiagorekin ere sasoiko egon gaitezke. Odol bankuak, noski, emaileen osasuna kontrolatzeko azterketak egiten ditu; sasoiko zauden bitartean, eman dezakezu.

Zuek Iruñean duzue egoitza nagusia, baina bertze hainbat hiritan eta herritan zaudete. Elkarteko kideek Iruñera etorri behar dute odola ematera?

Ez, aukera dago hainbat tokitan emateko. Odol bankuak Iruñean eta Tuteran ditu egoitza nagusiak; gu herrialdeko laurogei herri ingurutan gaude, eta furgoneta batekin joaten gara harat-honat, herri horietan ditugun kideek odola eman dezaten. Aurten, gainera, ibilgailua berritu ahal izan dugu, eta aferesi prozesuaren bidez, plasma emateko aukera ere eskaintzen dugu. Horrek anitz erraztu du lana, eta gora egin du nabarmen jasotako plasma kopuruak.

Aurten 5.000 plasma emate lortzea da erronka. Zer moduz doa kanpaina?

Ongi. Abuztuaren 31ra bitarte, aferesi bidezko 3.465 jaso genituen. Inportantea da odola eta plasma ematea. Eta erraza! Plasma emateko 45 minutu edo ordu bat behar duzu; gutxi da, plasma horren bidez lor daitekeen guztia kontuan hartuta. Denoi egiten digu mesede.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.