Oroitzeko eguna ijito herriarentzat

Apirilaren 8an, Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna ospatu zuen ijito herriak Iruñean. Aurten, udalak aitortza egin die, Arga ibaiaren inguruan oroimenezko plaka bat jarrita.

Iruñeko Udalak ijito herriari jarritako oroimenezko plakaren inaugurazioa, apirilaren 8an, Arga ibaiko igarobidearen inguruan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iruñeko Udalak ijito herriari jarritako oroimenezko plakaren inaugurazioa, apirilaren 8an, Arga ibaiko igarobidearen inguruan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iruñea
2026ko apirilaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Apirilaren 8a gogoan izan beharreko eguna bilakatu da ijito herriarentzat duela hainbat urtetik hona; izan ere, egun horretan hasi zen 1971n lehen aldiz egin zuten Ijito Herriaren Nazioarteko Biltzarra, eta 1990ean, egun hori Ijito Herriaren Nazioarteko Egun izendatu zuten. Gaur egun, apirilaren 8a ospakizun eguna da ijito herriarentzat, eta munduko hainbat bazterretan kalera irteten dira hori ospatzeko. Iruñean ere horixe gertatu da aurten, eta egun hori dela-eta elkartu zirenen aurpegietan nabari zitekeen ez zela nolanahiko eguna. Aurten ere, apirilaren 8an ijito herriak egiten duen ibaiko zeremonia tradizionala egin dute, baina, horrez gain, eguna are bereziagoa egin duen ekitaldi bat egin dute: Iruñeko Udalak ijito herriari jarritako oroimenezko plaka baten inaugurazioa. Plaka horren bitartez, udalak aitortza egin dio ijito herriari, hark iaz Iberiar penintsulan betetako seiehun urteengatik eta Iruñean utzitako ondare historiko, kultural eta sozialagatik. 

Oroimenezko plaka Arga ibaiko igarobidearen inguruan kokatutako zutoin batean jarri du Iruñeko Udalak, eta aurtengo apirilaren 8an, zutoin horren inguruan elkartu zen ijito herriaren ospakizuna ikusi nahi zuen jendea. Egun eguzkitsua izan zen; ekitaldira hurbildu ziren hainbat pertsonek eguzkitako betaurrekoak prest zituzten, ekitaldiaren xehetasunik ez galtzeko. Izan ere, ekitaldia hasi aurretik, ospakizunerako egokituta zegoen Arga ibaiko igarobidearen ingurua: ijitoen banderak ikus zitezkeen, gortina gorri batek estaltzen zuen oroimenezko plaka, eta ospakizunerako jarritako bozgorailuetatik ijitoen musika entzun zitekeen. Besteak beste, Los Chavis musika taldearen Pueblo Gitano abestia entzun zen.

Ekitaldiarekin hasteko, jendaurrean agertu ziren Iruñeko Kultura zinegotzi Maider Beloki, beste zenbait ordezkari instituzional, ijito komunitateen erakundeetako zenbait ordezkari eta Nafarroako familia ijitoetako hainbat kide. Belokik hartu zuen hitza lehendabizi, eta nabarmendu zuen ijito herria Iruñeko historia kolektiboaren «funtsezko parte» dela. Hala ere, adierazi zuen eguna ez zela ospatzeko bakarrik: «Oraindik ere badira erronkak. Desberdintasunek, diskriminazioak eta estereotipoek ijito askori eragiten diete».

Hitzaldia eman ondoren, Belokik plaka inauguratu zuen Nafarroako familia ijitoetako zenbait ordezkarirekin batera. Plaka euskaraz, gazteleraz eta erromaniz idatzita dago.

Harrotasun handia

Txalo zaparrada handia entzun zen ekitaldian plaka inauguratu ostean, eta bertan zeuden hainbat ijitok plaka hori ikusteak eragin zien poza azaleratu zuten. «A ze harrotasun handia», esan zuen ekitaldia aurkezten ari zenak, Ricardo Hernandezek. Nafarroako ijitoen elkarteen Gaz Kalo federazioaren koordinatzailea da Hernandez, eta, esan zuenez, «beharrezkoa» zen aitortza hori egitea. «Ijito herriaren egoera konpontzeko, haren historia eta Nafarroari egin dizkion ekarpenak aitortu eta ezagutu behar dira», adierazi zuen Hernandezek. 

2003

IJITO HERRIAREN NAZIOARTEKO EGUNA NAFARROAN OSPATU ZEN LEHEN URTEA. 2003an, hainbat ijito erakundek Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna ospatu zuten lehen aldiz Nafarroan, Tuteran.

Dena den, Hernandez ez zen izan aitortza hori beharrezkotzat jo zuen bakarra; izan ere, plaka inauguratu zutenetako bat Julia Jimenez izan zen, eta jendaurrean adierazi zuen bazela garaia ijito herriari aitortza egiteko. «Hainbeste urteren ondoren, aitortu dute ijitoak existitzen garela», adierazi zuen emakumeak. Jimenezen senarra den Jose Antonio Hernandezek ere inauguratu zuen plaka, eta hark esan zuen ez zuela espero horrelako egun bat biziko zuenik: «Oso egun berezia da. Nik pentsatzen nuen inoiz ez zigutela egingo oroimenezko plaka bat».

Plaka inauguratu ostean, ijito komunitateen erakundeetako zenbait ordezkarik Nafarroako Ijito Erakundeen Manifestua irakurri zuten. Manifestu horretan, besteak beste, adierazi zuten inauguratutako plakak laguntzen duela ijito herriarekiko mendeetan izan den «ahanztura» konpontzen hasten. Manifestua irakurri ondoren, Silvia Jimenezek Gelem, gelem ijitoen ereserkia abestu zuen, eta, hori entzundakoan, ekitaldira bertaratutakoek txaloekin erantzun zuten.

Ibaiko zeremonia

Ekitaldiarekin amaitzeko, ibaiko zeremonia tradizionala egin zuten ijitoek. Ekitaldi hori ere musikarekin batera egin zuten; hain zuzen, Juan Peña El Lebrijano musikariaren Libres como el aire abestiarekin batera. Izan ere, apirilaren 8an egiten den ibaiko zeremonian lore hosto gorriak, zuriak eta horiak bota zituzten Arga ibaira, eta ijitoentzat loreak ibaira botatzeko ekintza askatasunaren eta mugak ez egotearen metafora da. Horren ostean, ekitaldia amaitzeko, kandelak piztu eta ibaiertzean utzi zituzten, horrela haien arbasoak eta naziek egindako holokaustoan hildako ijitoak gogoratzeko.

Apirilaren 8an egiten duten ibaiko zeremonia tradizionala egin zuten Arga ibaian. IDOIA ZABALETA / FOKU
Apirilaren 8an ijito herriak egiten duen ibaiko zeremonia tradizionala egin zuten Arga ibaian. IDOIA ZABALETA / FOKU

Dena den, egun hori ez da izango Nafarroako ijitoek apirilean izan duten azken ospakizuna; izan ere, 2007tik, apirilaren 27an Nafar Ijitoen Eguna ospatzen dute, 1435. urteko apirilaren 27an ijito herria lehen aldiz iritsi zelako Nafarroako lurretara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA