Azken egunotan, hantabirus hitza agertzen hasi da komunikabideetako titularretan zein lagunarteko elkarrizketetan. Oraingoz, behintzat, ez dirudi gure egunerokoan eragin handirik izango duenik, baina nahikoa da hitza aipatzea gugan zerbait pizteko. Ez da alarma jakin bat sortzen, baizik eta antzeman daitekeen sentsazio bat; pandemiaren osteko oroitzapen bat, memoria kolektiboan oraindik ere gordea duguna.
Agian gakoa ez da birusa bera —gehienok hari buruz gutxi baitakigu—, baizik eta zenbait hitzen aurrean erantzuteko dugun modua. Hitz batzuk ez dira bakarrik iristen; irudiekin eta emozio metatuekin batera datoz. Pentsa une batez birusa, kasuak edo hedapena hitzetan. Nolabaiteko arrastoa utzi duten terminoak dira, entzute hutsarekin ere erreakzio ezberdinak sortzen dituztenak.
Hala, albiste osoa irakurri aurretik, informazioa kontrastatu edo testuingurua ulertu aurretik, emozionalki erreakzionatzen dugu. Sintomak bilatzen ditugu, albistea norbaiti bidaltzen diogu eta automatikoki pentsatzen dugu duela urte gutxi batzuk bizitako hartan. Ez nuke esango dramatismoa denik; memoria da. Batzuetan bizipenek arrazoiak baino lehenago hartzen dute lekua.
Sare sozialek are gehiago handitzen dute sentsazio hori. Albiste batek informazio izateari uzten dio eta berehalako elkarrizketa bihurtzen da. Dena azkar dabil: datuak, hipotesiak, txantxak, gehiegikeriak. Ez da denbora askorik behar albistea bera iritzi, irudi eta interpretazioen multzo bihurtzeko. Eta minutu gutxiren buruan agertzen dira bat-bateko adituak eta iragarpen katastrofikoak. Badirudi jada ez dakigula grisekin bizitzen; edo dena gutxiesten dugu, edo eszenatokirik okerrena irudikatzen dugu.
Horren guztiaren atzean, gainera, bada zerbait sakonagoa: hutsuneak onartzeko dugun zailtasuna. Kosta egiten zaigu oraindik ez dakigu esaldiarekin bizitzea; nahiago dugu informazioa itxita jaso, azaldua eta interpretatzeko prest. Hori gertatzen ez denean, ordea, guk betetzen dugu hutsunea, askotan gure uste, suposizio edo itxaropenetatik abiatuta.
Kosta egiten zaigu 'oraindik ez dakigu'Â esaldiarekin bizitzea; nahiago dugu informazioa itxita jaso, azaldua eta interpretatzeko prest
Horregatik, hantabirusarena bezalako berrien aurrean, oraindik azalpen zientifiko argirik ez dugunean, ez dugu soilik jasotzen ari garen informazioaren aurrean erreakzionatzen, falta den horri guk geuk ematen diogun esanahiak ere eragiten du. Azkarregi osatu nahi izaten dugu betetzear dagoen tarte hori.
Argi dago pisua duten hitzek ez gaituztela informaziora bakarrik eramaten, baizik eta aurretik bizitako guztira. Iraganeko irudiak eta beldurrak aktibatzen dituzte, eta horiekin osatzen dugu oraina; horiekin irakurtzen dugu aurrean dugun errealitatea. Beharbada horrelakoetan komeni da geure buruari galdetzea zer datorren gertatzen ari denetik, eta zer iraganeko mamuetatik.