Su eta ke arteko egunen memoria

San Martin Unxeko Udalak 'El día que ardieron paisajes' dokumentalean jaso ditu 2022ko ekaineko suteari buruzko oroitzapenak. Garrek herria inguratu zuten, eta lurren %95 kiskali.

San Martin Unx, 2022ko ekainean, sute handi bateko keak inguratuta. ANDONI LUBAKI / FOKU
San Martin Unx, 2022ko ekainean, sute handi bateko keak inguratuta. ANDONI LUBAKI / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2026ko uztailaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Bost minutu, eta bagoaz». 2022ko ekainaren 19ko goizaldean errandako hitzak oroitu ditu San Martin Unxeko alkate Francisco Javier Leozek. Herria suak inguratuta zegoen, eta alkatea eta hamabost suhiltzaile inguru plazan elkartu ziren. «Amore eman genuen. Ezin genion suteari aurre egin. Alde egin bertze aukerarik ez genuen». Alkateak 112ra deitu zuen, azken aldiz, eta hegazkinen laguntza eskatu. «Elkarrizketa gogorra izan zen, tentsio handikoa. Erran zidaten hegazkinak ezin zirela etorri. ‘Bost minutu, eta bagoaz’, berretsi nien suhiltzaileei, eta bakar batek ere ez zidan kontra egin». Denbora amaitu baino lehen, baina, alkatearen telefonoak jo zuen. «Hegazkinak badoaz». Ailegatu ziren, eta zerutik bota zuten urari esker, suhiltzaileak lanera itzuli ahal izan ziren. Sua ez zen herrian sartu. San Martin Unx salbatu zuten.

Alkateak «hunkituta» oroitu ditu duela lau urtekoak, eta ez da bakarra. Egunotako suteen irudiek «barrua nahastu» diotela aitortu du Isabel Valenciak, eta nekez eusten ahal diela malkoei. Valenciak negar egin du, halaber, San Martin Unxeko Udalak eskatuta Flat etxeak egindako El día que ardieron paisajes (Paisaiak erre ziren eguna) dokumentala ikusi duen bi aldietan. Udalak 2022ko sutearen memoria jaso nahi izan du, zer gertatu zen ez ahazteko, eta herria arriskuan izan zenean bizilagunek elkarri lagundu ziotela oroitzeko. «Komunitatea sendotu genuen egun haietan», nabarmendu du Valenciak.

San Martin Unx inguruko basoak, kiskalita, 2022ko ekainaren 18an piztutako suak. ANDONI LUBAKI / FOKU hartu eta gero.
San Martin Unx inguruko basoak, 2022ko ekainaren 18an piztutako suak kiskalita. ANDONI LUBAKI / FOKU

Batasun hori islatzen du Flat etxekoen dokumentalak. Augusto Cressattik zuzendu du, Ruben Garciarekin batera. San Martin Unxeko bizilagunak elkarrizketatu dituzte, eta, haien hitzak eta sutearen eguneko eta ondoko irudiak nahastuz, gertatu zenaren kontakizun kronologikoa ondu. «Guretzat erronka handia izan da lan hau egitea; sutearen memoria jaso nahi izan dugu, eta San Martin Unxeko herritarrak lagundu duela lau urtekoak eragindako zauria sendatzen. Dokumentalak kolektiboaren indarra islatzen du», nabarmendu du Cressattik.

Besta eguna herrian

2022ko ekainaren 18an besta giroa izan zen San Martin Unxen. Ardo gorriaren inguruko jardunaldien azkena egin zuten, eta bizilagunak herriko plazan elkartu ziren ilunabarrean, elkarrekin afaltzeko. «Uxuen sua zela erran zuen norbaitek, eta orduan hasi ginen urduritzen», kontatu du Valenciak. Egun osoko poza kezka eta beldur bilakatu zen gauak aurrera egin ahala; are, bizilagunek herria hustu eta Tafallara joan behar izan zuten.

Mari Cruz Blanco Muruzabal Madrilen zegoen ekaineko asteburu hartan. «Musika jaialdi batera joan nintzen lagunekin. Mezuak jasotzen hasi nintzen; hasieran ez nintzen anitzik kezkatu, baina herritik ailegatzen ziren berriak gero eta txarragoak ziren. Biharamunean itzuli nintzen, baina Tafallara joan behar izan nuen zuzenean», gogoratu du.

San Martin Unxeko bizilagun batzuk, Tafallako kiroldegian, herria hustu eta gero. IDOIA ZABALETA / FOKU
San Martin Unxeko bizilagun batzuk, Tafallako kiroldegian, herria hustu eta gero. IDOIA ZABALETA / FOKU

Herrira itzultzeko baimena eman baino lehen sartu zen Blanco San Martin Unxen, amak etxean utzitako botiken bila joan behar izan baitzuen. Ordurako bazekiten etxeak salbu zirela, baina sutearen arrastoek «hitzik gabe» utzi zuten Blanco: «Dena zegoen errautsez beteta; herri inguruko lur guztiak kiskalita zeuden. Hurrengo egunetan erabateko isiltasuna izan zen: txori bakar bat ere ez zen entzuten».

Suak utzitako «isiltasun erabatekoa» gogoan iltzatua dute San Martin Unxeko bizilagunek. Valencia sirenez eta elizako ezkilen hotsaz oroitzen da batez ere. Zahar etxea eta herria husten lagundu zuen, alaba eta katua Tafallara bidean jarri eta gero. «Senarra [Francisco Javier Leoz alkatea] eta semea San Martin Unxen gelditu ziren gau osoan, suaren kontra lanean».

Herria husteko agindua jaso baino lehen erabaki zuen Leozek zahar etxeko egoiliarrak San Martin Unxetik atera behar zituztela. «Egoitzako zuzendaria berehala hasi zen telefono deiak egiten, eta tokia lortu zuen 35 egoiliarrentzat», azaldu du alkateak. Lodosan hartu zituzten, zehazki. Herriko jendeak lagundu zuen egoiliar guztiak ohetik altxatzen, eta autoz atera zituzten San Martin Unxetik.

Herria hustea izan zen hurrengo urratsa. «Hagitz gogorra izan zen». Horixe azpimarratu du Valenciak: San Martin Unxetik ateratzen azkenetakoa izan zen. «Herria hustu eta handik bi ordura-edo atera nintzen. Etxeko atea ixtea eta herritik ateratzea hagitz gogorra izan zen. Tafallan hartu gintuzten, eta han elkartasun handia sumatu nuen. Hagitz polita izan zen herritarron arteko babes hura».

'El día que ardieron paisajes' dokumentalaren aurkezpena, San Martin Unxen. SAN MARTIN UNXEKO UDALA
'El día que ardieron paisajes' dokumentalaren aurkezpena, San Martin Unxen. SAN MARTIN UNXEKO UDALA

Iñigo Mendezek ere jendearen berotasuna du gogoan. Valencia bezala, lan eta lan eman zuen sutearen gaua, herria husten laguntzen. «Ukrainako familia bat bizi zen herrian; autoz eraman nituen Tafallako kiroldegira. Gerratik ihesi etorri ziren San Martin Unxera, eta hemen ere korrika alde egin behar izan zuten, suaren ondorioz».

Mendezek dokumentalean parte hartu du, hark egina baita El corzo izenburuko abesti nagusia. Bada, hain zuzen, Mikel Abetek kantu hori hartu du oinarri dokumentalaren soinu banda osatzeko. Mendezek «kontent» hartu du herriko memoria abesti bilakatzeko lana. Bacaneseko taldekideekin batera aritu da, eta herriko hiru neskak ere parte hartu dute: Aroa Amadok, Maria Villanuevak eta Malak El Bourakik. Djembedunak taldeko kideak arduratu dira hitzak perkusioz laguntzeaz.

Kea mahatsetan

Suak bizpahiru egunez hartu zituen San Martin Unxeko inguruak, eta herriko lurren %95 kiskali. Garrak itzali eta gero, errautsez betea gelditu zen paisaia. «Mahastiak baino ez ziren salbatu; mahastien berde biziak atentzioa ematen zuen herriko paisaia beltzaren erdian», erran du Francisco Javier Leoz alkateak.

2022an bildutako mahatsa, hain zuzen, urte hartako sute handiaren lekuko bilakatu da: mahats horrekin egindako ardoa memoria bizia da, herria ia erre zuen suteak eragindako kearen eta errautsen memoria bizia. «Gure ardo gorria ezaguna da inguruko landareen usain gozoa jasotzen duelako; 2022ko mahatsen uztak sutearen erre eta ke usaina gorde du betirako», zehaztu du Leozek. Ardo hori, noski, ezin izan dute saldu, baina hainbat familiak etxean gorde dute, gertatu zenaren oroigarri.

Lau urte joan dira suak San Martin Unx inguratu zuenetik. Etxerik ez zen erre, baina garrek alkatearen familiaren biltegi bat harrapatu eta kiskali zuten. «Nekazariak gara, eta barruan genituen makina guztiak ere galdu genituen», esplikatu du Leozek. Bizilagunen elkartasuna eskertu du, eta, batez ere, suak etxea erre ez izana.

San Martin Unxeko paisaia, Tomas Sobrino margolari baztandarrak 2000. urtean margotutako lan batean. TOMAS SOBRINO
San Martin Unxeko paisaia, Tomas Sobrino margolari baztandarrak 2000. urtean margotutako lan batean. TOMAS SOBRINO

Naturak bere lana egin du, eta, pixkanaka, San Martin Unxeko paisaia hasi da berezko koloreekin janzten, arropa ilunak bazter uzten. «Zauria, baina, hor dago. Herritarrok dolu moduko bat pasatzen ari gara», berretsi du Isabel Valenciak. Herrira itzultzeko baimena jaso zutenean, etxera jo zuen Valenciak. «Terrazako loreontziak urtuta zeuden».

Sutea gogoratu duenean, hunkitu da, eta kezka agertu du azken egunotan han eta hemen piztu diren suen inguruan. Izan ere, San Martin Unxen eta inguruko herrietan duela lau urte gertatu zena ezin da ulertu egungo klima aldaketako jokalekua kontuan hartu gabe. El día que ardieron paisajes dokumentaleko zuzendariek ere horixe nabarmendu nahi izan dute. «Klima aldaketa hemen dugu, eta arduraz jokatu behar dugu, egokitu», erran du Cressattik. Iñigo Mendezek ere auzi hori nabarmendu nahi izan du, eta klima aldaketaren ondorioez ohartarazi. «San Martin Unxen gertatu zenak balio dezala gizartea arduraz jokatzera deitzeko».

Mezu hori zabaldu nahi du San Martin Unxeko Udalak. Francisco Javier Leozek 2022ko sutearen eguneko irudi bat du buruan iltzatua: «Soro erre baten aurrean zegoen nekazari batengana joan nintzen. Bat-batean, arratoi bat agertu zen gure aurrean. Hura ere, sutetik ihesi. Guri begiratu zigun, hura zer zen ulertuko ez balu bezala. Aurrera segitu zuen. Ur pixka bat ere ez genion eman».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA