Tokiko artoa xehatzen segitzeko

Edorta A. Muruak eta Marc Badal Pijoanek Zubietan aurkeztuko dute bihar Baztango, Bortzirietako, Basaburu Txikiko eta Malerrekako artoari buruz egin duten lana, Tokiko Artoaren Egunean.

Artaburuak zintzilik, Zubietako etxe batean. MARIA AZKARATE
Artaburuak zintzilik, Zubietako etxe batean. MARIA AZKARATE
edurne elizondo
Zubieta
2026ko otsailaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Errotarrien soinuak markatzen du erritmoa, eta haren arabera dantza egiten dute irin bilakatutako arto pikorretatik ihes egindako partikulek, errota barruko objektu eta izkina orotan jalki arte. Edorta A. Muruaren arropetan ere ageri dira artaleak irin bilakatzeko prozesuaren aztarnak. Makila eskuan hartu, eta toberatik egurrezko kutxarainoko bidea egiten lagundu die hauts bihurtutako arto pikorrei. Sumatzen zaio trebezia, urteak baitira Zubietan errotazain ari dela. Lanak jakin-mina piztu dio, eta, Marc Badal Pijoanekin batera, Zubietako eta inguruko arto barietateak aztertzen aritu da azken hilabeteotan. Lan horren emaitza Zubietan aurkeztuko dute bihar, lehendabizikoz antolatu duten Tokiko Artoaren Egunean.

Nafarroako Hazien Elkartean bat egin zuten A. Muruak eta Badal Pijoanek, duela hainbat urte, aspaldikoa baitute biek tokiko hazien inguruko interesa. Artoari buruz egin duten lanerako Cederna Garalurren babesa izan dute, Bortzirietako, Malerrekako eta Bertizaranako elikadura dinamizatzaile Itsasne Mendiberri Jaurenaren bidez. Next Generation funtsetatik jasotako diru laguntza bat baliatu dute urtebetez Bortzirietako, Baztango, Malerrekako eta Basaburu Txikiko arto barietateak aztertzeko. Baserriz baserri aritu dira nekazariak elkarrizketatzen, eta, artoarekin batera, landare horren inguruko hiztegi bat, jakintza eta kultura jaso dituzte, uzta biltzeko garaian.

Lana ez da uztarekin batera amaitu, egileek lurra ongarritzen segitu nahi baitute: jasotako informazioa zabaltzen eta herritarren esku jartzen. Helburu horrekin prestatu dute biharko Tokiko Artoaren Eguna, Zubietan. Egindako lana aurkeztuko dute, nekazari gazteak xaxatzeko asmoz. Artoari balioa eman nahi diote, eta bide bat ireki. «Eskualdean bada tokiko produktuak kontsumitzeko interesa, baina ekoizpenak huts egiten du. Artoari balioa emanez, arlo horretan eragin nahi dugu», azaldu du Mendiberri Jaurenak.

Zubietako errota, kanpoko aldetik. IÑIGO URIZ / FOKU
Zubietako errota, kanpoko aldetik. IÑIGO URIZ / FOKU

Proiektuak Zubietako errota izan du ardatz. 1785. urtean eraiki zuten, eta, 1989an berritu zutenetik, museo ere bada. Zubietarrena da, etxe bakoitza baita errotaren zati baten jabe. Herritarrek udalaren esku utzi dute, eta hura arduratzen da kudeaketaz eta errotariak kontratatzeaz. Errotak martxan segitzen du, eta bere gisako bakarra da, gainera: nahi duenak artoa eraman dezake ehotzera. «Zerbitzu hori eskaintzen dugu. Errota pribatuak badira, baina gurea da aukera hori ematen duen bakarra», zehaztu du Edorta A. Muruak. Ordaintzeko bi modu daude: 0,40 euro pagatuz irin kilo bakoitzeko, edo arto kopuruaren parte bat errotan utzita. «Arto hori eho, eta kiloa bost euroan saltzen dugu errotan», erantsi du errotariak.

Taloak, boladan

Beñat Etxekolonea da etxeko artoa Zubietako errotara eramaten duten nekazarietako bat. Gazte bakarrenetakoa. «Errotara artoa ekartzen duten gehienak zaharrak dira, eta haiekin batera desagertuko dira ereiten dituzten tokiko artoak», nabarmendu du A. Muruak. Kezka horrek eraman du gauzak aldatzeko ahalegina egitera: «Jendeak erosten du irina; talogileak badira, eta herrietako jaietan saltzen dituzte. Balioa eman nahi diogu artoaren inguruko mundu horri, nekazari gazteentzat bide bat izan dadin».

«Afizioa badut, baina ez naiz nekazaritzatik bizi. Zaila da hori». Hoixe aitortu du Etxekoloneak. Etxean «beti» erein izan dute artoa, baina «zaharren kultura» ez dutela jaso aitortu du zubietarrak. «Zerbait sinbolikoa ere bada guretzat artoa ereitea, baina ez dugu egin haziari eutsi behar geniola pentsatuz. Etxean lau talo jateko, bertzerik ez», erran du. Gehitu du eskualdeko artoaren inguruan egindako lanak erakutsi diola badela kultura bat landare horren atzean, baina gaur egun taloa «folkloreko elementu bat» bilakatu dela, neurri handi batean. A. Muruak beldur bera du: «Taloak boladan daude, baina guk hori baino gehiago nahi dugu». Zubietako errota kontsumitzaileak eta ekoizleak lotzeko toki bihurtu nahi dute, eta handik sustatu artoaren aldeko apustua.

Beñat Etxekolonea nekazaria eta Edorta A. Murua errotazaina, Zubietako errotaren barruan. IÑIGO URIZ / FOKU
Beñat Etxekolonea nekazaria eta Edorta A. Murua errotazaina, Zubietako errotaren barruan. IÑIGO URIZ / FOKU

Artoari eta haren irinari balioa ematea izan da bide horretako lehendabiziko urratsa, baina proiektuari «segida» eman nahi diotela azpimarratu du Itsasne Mendiberri Jaurenak. Oroitu du helburu hartu duela «tokiko elikadura sistema indartzea» Baztan-Bidasoan eta inguruan, eta berretsi «handituz» joan dela herritarrek bertakoa kontsumitzeko duten interesa: «Gero eta kontzientzia handiagoa dugu jaten dugunari buruz, baina oraindik badira gainditu beharreko errezeloak», zehaztu du Cederna Garalurreko kideak.

«Aberastasun handia»

Marc Badal Pijoanek eta Edorta A. Muruak 26 arto barietate identifikatu dituzte Zubietan eta inguruko haranetan egindako lanaren bidez. Badal Pijoanek azpimarratu du «informazio gutxi» dagoela artoak egindako bideari buruz: «Badakigu XVII. mendean zabaldu zela Europan, baina ez dakigu nola. XIX. mendeko artoaz bada zerbait idatzia, baina aurretik gertatutakoaz deus gutxi dakigu. Noiz iritsi zen Baztanera? Ez dakigu, informazio asko galdu baita». Badal Pijoanek azaldu du XX. mendean arto barietate modernoak zabaltzen hasi zirela, eta gaur egun hazi hibridoak direla ereiten diren gehienak. «Horregatik dira inportanteak gure lanaren bidez identifikatu ditugun haziak, ez baitira XX. mendekoak, zaharragoak baitira».

Artaburuak saski batean. MARIA AZKARATE
Artaburuak saski batean. MARIA AZKARATE

Artoak Euskal Herrian izan duen indarra eta garrantzia nabarmendu du Badal Pijoanek: «Azken berrehun urteetako historia ezin da ulertu artorik gabe», erran du. «Etxez etxeko elkarrizketetan batek garbi erran zigun: ‘Artoan bizi gara’», gogoratu du, landare horrek izan duen pisuaren adierazle. Artoa «funtsezkoa» izan da, eta egoera horrek utzi du bertzelako arrastorik: «Hiztegian, kulturan... aberastasun handi bat dago haren inguruan», berretsi du Badal Pijoanek. Artoari buruzko lanak, hain zuzen, hari mutur batzuk utzi ditu zintzilik, bertze norbaitek haiei tira egiteko zain. «Bada zer ikertu oraindik». Biharko Tokiko Artoaren Egunak ere emanen du ikasten segitzeko aukera. Zubietan eginen dute, 09:00etan hasita. Antolatzaileek parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

EGITARAUa

 

Tokiko artoaren eguna, bihar

  • 09:00-11:00. Tokiko artoa ehotzeko saioa eginen dute; hainbat errotazainek parte hartuko dute. Zubietako errotan.
  • 11:00-13:30. Tokiko artoen erakusketa, tailerrak eta arto dastatzea. Zubietako plazan.
  • 13:30. Bazkaria: taloak eta sagardoa. Zubietako plazan.
  • 16:00. Tokiko artoen inguruko lanaren eta Euskal Herrian artoarekin lotutako hainbat proiekturen aurkezpena. Zubietako elkartean.

tokiko artoa

Marc Badalek, Edorta A. Muruak eta Itsasne Mendiberrik artoa gorde duen baserriaren edo etxearen izena erabili dute aurkitutako barietateak bereizteko. Hauek dira:

 

BAZTAN

  • Irungarai: Gartzaingoa, ehun urte baino gehiago ditu.
  • Uhaldea. Gartzaingoa, Beartzundik eramana duela zortzi urte inguru.
  • Santxotena. Iruritakoa, 30 urte baino gehiagokoa.
  • Iriartekoa. Lekarozkoa, ehun urte baino gehiagokoa.
  • Zaldizuriko borda. Orabidekoa, ehun urte baino gehiagokoa.
  • Gorritiko borda. Oronozkoa, Arretxea jauregitik eramana. Jauregira duela laurogei urte ailegatu zen, Narbartetik.
  • Ollaria. Zigakoa, ehun urte baino gehiagokoa.
  • Indertia. Zigakoa, Iruritatik eramana.

BORTZIRIAK ETA URDAZUBI

  • Galtzada. Arantzakoa, ehun urte baino gehiagokoa.
  • Senberro. Arantzakoa, ehun urte baino gehiagokoa.
  • Behekoetxea. Etxalarkoa, ehun urte baino gehiagokoa.
  • Irigoiena. Igantzikoa, ehun urte baino gehiagokoa.
  • Errotaldea. Lesakakoa, ehun urte baino gehiagokoa.
  • Olaburua. Urdazubikoa, ehun urte baino gehiagokoa.

MALERREKA ETA BASABURU TXIKIA

  • Ikusmendi. Urdazubikoa, ehun urte baino gehiagokoa.
  • Eratsun. Eratsungoa.
  • Iturraldea. Labaiengoa.
  • Jurdanea. Saldiaskoa, ehun urte baino gehiagokoa.
  • Garazenea. Urrozkoa, ehun urte baino gehiagokoa.
  • Migelteneko borda. Urrozkoa, Elgorriagatik eramana.
  • Antesea. Zubietakoa, berrogei urte ingurukoa.
  • Aurkidiko borda. Zubietakoa, ehun urte baino gehiagokoa.
  • Domintxenea. Zubietakoa, ehun urte baino gehiagokoa.
  • Olaseneango borda. Zubietakoa, ehun urte baino gehiagokoa.
  • Penta. Zubietakoa, 90 urte ingurukoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.