Uxue Juarez
IRITZIA

Txof!

2026ko uztailaren 10a
05:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako herri txiki bateko errepidea gurutzatu, eta bainatzeko putzu eder eta isila dago ibaian. Pinudia zeharkatu behar da haraino iristeko, eta bertakoek leku sekretu bat dela diote. Haien konfiantza irabazi dut azken hilabeteotan, eta hitzik gabeko itun moduko bat sinatu egin dugu: haiek inguruko ibilbide ederrenak zeintzuk diren azalduko didate eta sastrakek ezkutatzen dituzten oasi txikiak non kokatzen diren esango didate, baina trukean ezingo dut leku horien kokapenik argitaratu eremua turismoaren atzaparretatik babesteko.

Honela, atzo, menditik itzultzean, arropak erantzi eta uretan murgildu nintzen putzua hamaika aingirazorrirekin partekatuz (txikitan zapatariak deitzen nituenak eta beldurra ematen zidatenak, baina orain zapatari hitza idaztean, Zapatero eta bere bitxi guztiak datozkit burura eta ez dut nahi Zapatero eta putzuak eta nire gorputza espazio berean elkartu, badaezpada ere, nahiz eta fikzioa beti fikzioa den, baina nork daki mix horretatik zer-nolako Nesseko piztia ager daitekeen hor aurrean, natura erdian, oin puntak ur azala mozten duen une berean).

Ur hotzak bere labana ñimiñoekin zurrundu egin zizkidan besoak eta ziztu bizian atera nintzen belarretan lehortzeko. Belarra, ur tantak, eguzkia eta txitxarrak. Besterik ez. Neure baitako buruhauste guztiak goizean besarkatu ninduen pagadian zintzilik utzi nituenez (pagadi gizajoa!), hutsik nengoen, ohiko pentsamendu obsesiboetatik at. Ekaitzetik salbu. Biluzik eta jaio berria, lurrean etzan nintzen eta zerura eta arbolei begira gelditu nintzen tarte luze batez. Sakelakorik gabe, erlojurik ez. Ez nuen txoko ezezagun eta berri horren bideorik grabatu, ez nuen argazkirik atera ez esperientzia edo bizipen hura sare sozialetan partekatzeko inongo beharrik sentitu. Estaldurarik gabe, presarik gabe eta jendetzarik gabe mendian ibiltzea zein gure bizilekutik gertu dagoen ibaian murgiltzea da atseden hartzeko modurik soilenetako eta benetakoenetako bat.

Ekaitzetik salbu. Biluzik eta jaio berria, lurrean etzan nintzen eta zerura eta arbolei begira gelditu nintzen tarte luze batez

Eta, hain zuzen ere, horregatik, luxu bihurtzen ari da. Mendi huts edo putzu txiki batek badu zerbait bereziki baliotsua; edonorentzat zabalik dago eta ez du inork bere egiten. Azpiegitura handirik gabe eta makina bat bisitari hartzeko prestatutako ibilbiderik gabe, eskura dugu. Nahikoa da oinez hastea. Hainbeste maite dudan Azahara Alonso idazlearen hitzetan, gaur egungo turismoak gure eguneroko bizitzako logika bera errepikatzen du: aisialdian ere dena aprobetxatu behar balitz bezala bizi ohi dugu: leku gehiago bisitatu, kilometro gehiago egin, argazki gehiago bildu. Paseoa jada egin beharrekoen zerrenda bihurtzen da, eta natura bera ere esperientziak kontsumitzeko lasterketa horren parte bihurtzen dugu. Leku xumeek berez badute beren zentzua, inorekin partekatu beharra eduki gabe. Hona hemen nire moralinaz beteriko zutabea. Hitzok gehi baso bainuaren truke, 500 euro. Irtetean ordain dezakezue, milesker.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA