Urbasa-Andia Bizirik plataformak salatu du parke eoliko bat eraiki nahi dutela

Parkea Azantzan eta Sarbilen eraiki nahi dute, Goñerri eta Etxauri artean. Urbasa-Andia Bizirik taldeko kideek esan dute eremu hori biodibertsitate handikoa dela eta proiektuak kalte handia eragingo lukeela.

Azantzan eta Sarbilen eraiki nahi duten parke eolikoaren simulazioa. HITZA
Azantzan eta Sarbilen eraiki nahi duten parke eolikoaren simulazioa. HITZA
Ane Etxandi.
2025eko uztailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez da lehenengo aldia. Badira urte batzuk hainbat enpresak parke eoliko bat eraikitzeko asmoa dutela Goñerrin eta inguruetan; 2020tik, zehazki. Urbasa-Andia Bizirik plataforma urte horretan sortu zen, eta hartako kideek ondo ezagutzen dute auzia; izan ere, ordudanik askotan elkartu behar izan dute egoera salatzeko. Ekainaren 26an bildu ziren azken aldiz, proiektuaren berri emateko eta atsekabea erakusteko. Berrehun metroko zortzi haize errota eraiki nahi dituzte Azantzan eta Sarbilen; Goñerri eta Etxauri artean dago eremu hori. Plataformak ohartarazi du biodibertsitate handiko eremua dela, eta, beraz, proiektuak kalte handia eragingo liekeela ingurumenari eta biztanleriari. Sinadurak biltzeari ekin diote.

Urbasa-Andia Bizirik plataformak azaldu duenez, proiektua aurrera ateraz gero, askotariko kalteak izango lirateke. Lehenik, biodibertsitatearen galera handia izango litzateke Urbasa-Andiko parke naturala eta Etxauriko haitzak lotzen dituen korridore naturalean. Hegazti, anfibio, ugaztun eta narrasti espezie asko daude han, eta arrisku larrian egongo lirateke haize errotak jarriz gero.

Andiaren eremuko akuiferoa eta Artetako iturburua ere bertan daude. Iruñerria hornitzen duten ur iturri nagusietakoak dira, eta, proiektua gauzatzen bada, haiek kutsatzeko arriskua egongo da. Gainera, Amaya Izkue Urbasa-Andia Bizirik plataformako kideak esan du bertan dagoen harria oso erraz kaltetzen dela: «Harria zuloz betea dago, azpialdean akuiferoa baitago. Duela urte batzuk, Muniain inguruan, harria erori zen. Berez, ezer egin gabe, geruza bat erori zen». Hainbat lekutan lehergailuak jartzen hasi dira, haize errota bakoitzaren azpian hormigoizko plaka handiak jartzeko. «Harria ukitu gabe ere erortzen bada, auskalo zer eroriko den lehergailu horiek jarrita», deitoratu du Izkuek.

Lurren pribatizazioa

Plataformak salatu du proiektuaren ondorioz herri lurrak pribatizatuko liratekeela, interes pribatuen mesedetan, gainera. «Enpresa pribatu bat dago horren atzean. Atzerrikoa da, eta ez ditu gure herriak eta ingurunea ezagutzen. Enpresaren helburu bere negozioa zabaltzea da, baina guretzat ez dago onurarik, baizik eta kalteak bakarrik», esan du Izkuek.

Plataformako kidearen ustez, proiektuak eragin zuzena izanen du herrietako bizimoduan, eta bizi kalitatea okertuko du. «Urte luzez errotak egon diren lekuei begiratuz, ikusten da degradazio bat egoten dela. Lursailen prezioa jaitsi egiten da, jendeak ez baitu erroten ondoan bizi nahi. Kutsadura dago, pistak egitean mendia hondatzen dute... Basoz inguratuta zeuden eremuak basorik gabe gelditzen dira».

Ekainaren 26an egindako elkarretaratzean, eskaera batzuk egin zizkieten Nafarroako hainbat entitateri. Nafarroako Gobernuari exijitu zioten proiektua baztertzea. Urbasa-Andia Bizirik-ekoek adierazi zuten gobernuak «planifikazio energetiko publikoa eta demokratikoa» egin behar duela, lurralde osoaren parte hartzea izango lukeena. Hortaz, nabarmendu zuten ezin direla onartu soilik «interes espekulatiboei» erantzuten dieten proiektuak.

«Enpresak bost urte daramatza proiektuaren atzean, eta guri 30 egun baino ez dizkigute eman alegazioak aurkezteko»

AMAYA IZKUEUrbasa-Andia Bizirik plataformako kidea

Alde batetik, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuari eskatu zioten eremu eolikoaren proiektua ez onartzeko. Beste alde batetik, Industria Departamentuari galdegin zioten alegazioak aurkezteko epea luza zezala. «Enpresak bost urte daramatza proiektuaren atzean, eta guri 30 egun baino ez dizkigute eman alegazioak aurkezteko. Gainera, uda garaian eman digute horren berri, jendea kanpoan dagoenean eta erantzun bat ematea zailagoa denean», jakinarazi du Izkuek.

Urbasa-Andia Bizirik plataformaren agerraldia, ekainaren 26an, Lizarran. HITZA
Urbasa-Andia Bizirik plataformaren agerraldia, ekainaren 26an, Lizarran. HITZA

Proiektuaren aurkako ahalik eta alegazio gehien biltzeko lanean ari dira egunotan. Bi motatako alegazioak daude: herritarren alegazioa eta udalek egindako alegazio teknikoa. Lehenengoari dagokionez, edozeinek sina dezake, eta plataformak dokumentu bat sortu du horretarako. Bigarrena profesionalek eginiko alegazio bat da: biologoek eta geologoek eginikoa. Udalak eta Iruñerriko Mankomunitatea halako bat prestatzen ari dira, eta aurki aurkeztuko dute. Uztailaren 30ean itxiko dute alegazioak aurkezteko epea, eta Urbasa-Andia Bizirik plataformak 29an jarriko ditu bereak.

Parke eolikoarena ez da auzi berria. 2020an antzeko proiektu bati ekin zioten. Kresada zuen izena, eta asmoa zen eremu berean hamabi haize errota jartzea. Herritarren erantzunaren ondorioz, ez zuen aurrera egin. Baina, 2021ean, Aldana izeneko proiektu bat aurkeztu zuten Iturgoien eta Lezaun herrietarako.

Amaya Izkuek esan du hiru aldietan uda garaian eman dutela proiektuen berri. Tarte txikia eman diete alegazioak-eta prestatzeko, baina mugitzen ari dira, eta hainbat jarduera antolatu dituzte. Uztailaren 29an, alegazioak aurkeztearekin batera, elkarretaratze bat eginen dute Nafarroako Gobernuko Industria Departamentuaren aitzinean, 12:00etan. Horrez gain, mendi martxa bat antolatzen ari dira Goñerri eremua ezagutzeko. Izkuek aipatu du toki hori ez dela oso ezaguna baina oso «polita» dela. Oraindik zehazteko dute martxa noiz eginen duten, orain alegazioak biltzea baitute lehentasun.

Urbasa-Andia Bizirik plataformak irmo salatu ditu «jasangarri» gisa aurkeztu diren proiektu horiek: «Jasangarri etiketapean, ingurumena suntsitzen dute sarri, eta tokiko subiranotasuna galarazi». Adierazi du ezartzen ari diren energia ereduek eragina dutela landa bizitzan, eta geroa ere baldintzatuko dutela; horregatik, herritarrei eskatu die ikuspegi kritikoa izateko eta epe luzeko eraginari erreparatzeko. «Guk gozatu dugun hori gure bilobek ere gozatu ahal izan dezaten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.