Nagore Eslava
IRITZIA

Zalantza egitea

2026ko martxoaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Eta zuk, zer iritzi duzu honi buruz?». Galdera soil bat dirudi, baina hitzik gabe utzi ninduen. Ez naiz sartuko gaia azaltzera, baina edozein izan liteke; politika, kultura, nazioarteko gatazka bat edo sare sozialetan dabilen azken polemika. Kontua da galdera ez zetorrela ñabardura bila, posizio bila baizik: Zu non zaude? Zein aldetan?

Une horretan erantzun beharraren presioa agertzen da. Gertakariak berak berehalako epaia eskatuko balu bezala eta hura ematera behartuta egongo bazina bezala. Izan ere, denak eskatzen du jarrera bat; albiste bakoitzak iritzi bat ematea, eztabaida bakoitzak alde bat aukeratzea. Ez da izaten lekurik zalantzarako edo «hobeto pentsatu behar dut» esateko. Iritzia hausnarketa baino azkarrago heltzen da.

Isilik geratzea ez da aukera posiblea eta «ez dakit» esateak interes falta adierazten duela dirudi. Ziurgabetasuna ezjakintasunarekin nahasten da, eta iritzi osatuaren falta irizpiderik ez izatearen parekotzat jotzen da.

Akaso horregatik ematen dugu batzuetan iritzia guztiz pentsatu gabe, elkarrizketatik kanpo geratzearen beldurrez, anbiguotasunean geratzeak nolabaiteko zaurgarritasuna onartzea dakarrelako (eta ez gaude beti horretarako prest).

Ia dena erakutsi eta partekatzen den garaiotan, ez da nahikoa zerbait pentsatzea: esan egin behar da, adierazi, ikusgarri bihurtu. Isiltasunak, ordea, susmoa pizten du. Ez zaizu axola? Ez zaitu ukitzen? Ez zaude konprometituta?

Hala, iritzia ematen dugu kokatzeko, non gauden jakiteko. Geure buruaren eta besteen aurrean nor garen berresteko. Eta testuinguru horretan, konplexutasuna traba bilakatzen da, gai asko ezin baitira esaldi batean laburtu eta kontraesanak mahaigaineratzea beharrezkoa delako.

Agian keinurik zintzoena bat-bateko erantzunik ez dugula onartzea da. Gai konplexuek denbora merezi dutela ulertzea. Pentsatzea hitz egitea baino motelagoa dela

Iritzien jatorriari ere erreparatu beharko genioke. Izan ere, badira nolabait heredatzen diren jarduteko moduak. Aurretik entzundakoak eta ikasitakoak hartzen ditugu oinarri gisa; etxean, lagunartean, geure sentitzen ditugun inguruneetan edo miresten ditugun erreferenteengandik xurgatzen ditugun iritziak. «Nire taldeak hori badio, nik ere bai», «espazio ideologiko honek hori defendatzen badu, hor kokatzen naiz ni ere».

Batzuetan leialtasuna da. Beste batzuetan bat ez zatozela esatearen beldurra. Taldeak babesa ematen du eta desadostasuna adieraztea ez da erraza. Posizio bat hartzera bultzatzen gaituen presioa handia izan daiteke, oharkabean ere koka gaitezkeelako alde batean edo bestean. Orduan, zaila da ezberdintzea zenbat dagoen hor guretik, eta zenbat ingurukoen presiotik.

Agian keinurik zintzoena bat-bateko erantzunik ez dugula onartzea da. Gai konplexuek denbora merezi dutela ulertzea. Pentsatzea hitz egitea baino motelagoa dela. Iritzia aldatzea ez dela porrota eta zalantza egitea ez dela, inondik inora, axolagabekeriaren pareko.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA