Hainbat urtez Euskal Herrian zein nazioartean ikasi eta lan egin ondoren, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak deitutako Erizaintzako Katedradunaren lehen plaza lortu du Cristina Garcia-Vivar (Donostia, 1977) NUPeko irakasleak. Nafarroako lehen katedraduna bilakatu da esparru horretan. Zorion agur asko jaso dituela kontatu du, baina «batez ere» emakume katedraduna izateagatik. Izan ere, Erizaintzan hogei katedradun inguru dira Espainiako Estatuaren esparrua aintzat hartuta, eta NUPeko irakasleak esan du «ia guztiak» gizonak direla, nahiz eta lanbidean emakumeak nabarmen gehiago izan. Garcia-Vivar irakaskuntzan aritu da azken 25 urteetan; besteak beste alor hauek ikertu ditu: minbizia dutenen iraupena, gaixotasun kronikoak eta familia zaintza, eta 132 argitalpen egin ditu.
Nafarroako Erizaintzako lehen katedradun izendatu zaituzte. Zer moduz zaude?
Emozionatuta eta harro honaino iritsi ahal izanaz. Harro, baina keinu garrantzitsu bat eginez gaur egun erizain asko katedradun izateko bidea egin duten guztiei. Nafarroako lehena izatea egokitu zait, baina ziur nago laster katedradun gehiago izango direla Erizaintzan.
Nafarroako osasun sistema aspalditik oso ondo baloratuta dagoela kontuan izanda, uste duzu berandu datorrela sari hau?
Uste dut garai egokian iritsi dela, lan oso nekezaren ondoren. Orain badira ikerketa taldeak, eta erizainak, osasun arloko beste profesional batzuekin batera, taldeetara batzen dira. Baina ni hasi nintzenean ez zegoen horrelako ezer Erizaintzan, diplomatura bat baitzen, eta ez genuen aukerarik ikerketan aritzeko. Nik atzerrira joan behar izan nuen, beti jakin bainuen nire Erizaintzako ikasketak gehiago garatu nahi nituela.
Izendapena jasotakoan, batez ere zure lankideak eskertu zenituen. Ahalegin kolektiboa bereziki nabarmena da zuen eremuan?
Argi eta garbi. Ikerketan, batek bakarrik ez du ezer egiten. Beharrezkoa da ikerketa taldeetan egotea, elkarrekin lan egitea, hainbat ikertzaile gauden proiektuak aurkeztea… Nik beti esaten dut: batasuna atal guztien batura baino gehiago da.
«Erizain asko dira espezialistak, baina gero ez dituzte kontratatzen espezialista moduan»
Batez ere Familia eta Komunitate Erizaintzan ematen dituzu eskolak, eta hori Erizaintzan eta Medikuntzan prestigio gutxien ematen zaion adarretako bat da. Hori aldatzeko borrokan ari zarete?
Erabat. Nik uste dut ezjakintasunagatik duela prestigio gutxi. Lehen arretan, herritarrengandik hurbil egiten da lan. Oso erakargarria da. Nik uste dut esparru horretan asko garatu zaitezkeela osasun arloko profesional gisa, bai mediku gisa eta bai erizain gisa, baina egia da oraintxe bertan erreforma bat behar duela. Izan ere, ez dago pizgarririk, lehen arretan askoz ere ikerketa gutxiago egiten da arreta espezializatuarekin alderatuta, ez dago hainbeste baliabide ekonomiko eta denbora… Baina nik izugarri gustuko dut esparru hori. Lan egiteko modu berriak eta egitura berriak ere sortzen ari dira.
Familia eta Komunitate Erizaintzarekin lotuta, garrantzitsua da erizainen espezializazioan aurrera egitea?
Guztiz. Beharrezkoa da. Oraintxe bertan egia da Familia eta Komunitate Erizaintza espezialitatea dugula. Nik beti esaten dut: baditugu erizainak Ferrari baten parekoak direnak, baina gero cuatrolatas batean ibiltzen gara. Erizain asko dira espezialistak, baina gero ez dituzte kontratatzen espezialista moduan. Ez dakit justifikazioa zein den. Politikariak egongo dira tartean, eta ez da nahikoa inbertitzen. Asko geratzen da oraindik, baina espero dut aurrera egitea.
«Pandemian gertatu zena kroniko bihurtzen da egitura on bat egon ezean eta profesionalei laguntza eman ezean»
Pandemiak erizainengan izan zuen eraginaren inguruko ikerketa bat egin zenuen. Zein da zuen egoera gaur egun?
Azterlan hori aitzindaria izan zen. Ospitaleetan erizainen osasun mentalean izandako eraginean oso zentratuta zegoen. Horrekin jakin genuen zer-nolako eragina izan zuen pandemiak zehazki Nafarroako erizainetan, eta testuinguru guztietan: ospitaleetan, zentro soziosanitarioetan eta lehen mailako arretan. Eta garai hartan emaitzak oso harrigarriak izan ziren, ohartu baikinen antsietate, depresio eta trauma osteko estres maila askoz handiagoak zituztela, eta, gainera, pandemiaren hainbat goralditan mantentzen zela hori. Elementu berri bat izan zen, lehenago gure testuinguruan entzun gabekoa: erizain askok lanbidea utzi nahi zuten edo ogibidea aldatu. Gaur egun, uste dut astindu batzuk falta direla, zerbait kronikoa baita. Pandemian gertatu zena kroniko bihurtzen da egitura on bat egon ezean eta profesionalei laguntza eman ezean, eta orain erizain asko erreta daude. Oraindik pandemiaren eragin hori nabaria da; baldintzak aldekoak izan balira agian zerbait hobetu ahal izango zen, baina askotan ez da horrelakorik gertatu, eta lan baldintzak ez dira hobetu.
Osasun Lege berrian lanean ari zarete. Zer egiteko izan dezakete erizainek?
Beste edozein profesionalek duen berdina. Erizainek ere eskubidea dugu aulki bat edukitzeko eta mahai baten inguruan esertzeko. Hori Bostongo kide batek esaten zuen. Eta egia da: kolektibo ugarienetako bat izanda, ez dakit nahita edo nahi gabe, askotan ez da erizainen ahotsa kontuan izaten. Ikuspegi bat ematen dute, ez handiagoa, ez txikiagoa. Beste ikuspegi bat, osasun langile guztiak gauden lege berri horretan. Espero dut ikuspegi hori kontuan gehiago hartzea; azken finean, lanbide eta diziplina bakoitzak bere begirada du, eta denon artean eraikitzen dugu.