Sorgin ehizari buruzko ikerlaria

Koro Irazoki: «Zugarramurdiko ehiza ezagutzen dugu berehala argitaratu zutelako»

Koro Irazokik 16 urterekin irakurri zuen Zugarramurdiko sorgin ehizari buruzko lehen lana; podcast batean kontatu du orain bere herriko historia markatu duen pasarte hori.

Koro Irazoki, urriaren 16an, Iruñeko Yamaguchi parkean. IÑIGO URIZ / FOKU
Koro Irazoki, urriaren 16an, Iruñeko Yamaguchi parkean. IÑIGO URIZ / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2025eko urriaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pasioz mintzatu da Koro Irazoki (Zugarramurdi, 1962) Sorgin ehiza berrikusita podcastaren aurkezpenean. Iruñeko Yamaguchiko liburutegian egin dute, urriaren 16an. Irazokirena da podcastak jasotako ahotsetako bat; Angela Ruizek egin du gidoia, eta Lamia Produkzioak eta Bellota Films etxeek sustatu dute proiektua. Irazokik nabarmendu du Zugarramurdiko sorgin ehizari buruz oraindik badela zer ikasi.

Sorgin ehizari buruzko podcast bat; bada beharra gai horri buruz horrelako euskarrien bidez hitz egiteko?

Sorginen gaia boladan da, baina topikoak baino ez ditugu ezagutzen. Jakin beharko dugu egiazki zer gertatu zen, eta hori egiteko, egun liburuak ditugu. Liburuak ez dira boladan, ordea. Egokia iruditzen zait bertzelako euskarriak bilatzea; podcastak, gainera, arras dinamikoak dira, ahots anitz biltzen dituzte, musika tartekatzen dute... Laguntzen ahal dute sorginkeriaren gaia desmitifikatzen.

Zaila da mito horiek bazter uztea? Ikerketan sakondu beharra dago?

Nik uste dut anitz ikertu dela, baina gutxi batzuk dakigu ikerketa horrek erakutsitakoa. Gainerakoek topikoen mundu horretan segitzen dute: Disneyk irudikatutako sorgina baino ez da existitzen haientzat, emakume itsusi eta isatsduna.

«Sorgin ehizari buruzko liburuak anitzetan mardulak izaten dira, eta, akaso, erraztu beharko genuke irakurketa»

Zer tresna dago topiko horien kontra egiteko?

Informazioa da tresna nagusia. Kontua da informazio hori lortzeko ahalegin bat egin behar duzula, informazioa jaso duten liburuak irakurtzeko. Akaso, bertzelako bideak bilatu behar dira arlo horretan ere, eta komikien bidez zabaldu, adibidez. Horixe egin du Asisko Urmenetak, eta aukera on bat izan daitekeela uste dut. Podcastak ere lagunduko duela uste dut. Sorgin ehizari buruzko liburuak anitzetan mardulak izaten dira, eta, akaso, erraztu beharko genuke irakurketa. Toti Martinez de Lezearen lanak ere hor daude; akaso eleberri historikoak ere tresna bat izan daitezke informazio hori eskuratzeko.

Zugarramurdiko 1609-1610eko sorgin ehiza aztertu duzu zuk, batez ere.

Zugarramurdiko sorgin ehiza gertatu zen bazirelako batzuentzat traba ziren bertze batzuk. Zugarramurdi Urdazubiko monasterioaren menpe zen garai hartan, eta Urdazubiko abadeak herriaren kontrolari eusteko hasi zuen ehiza hura. Aurretik eta gero gertatu ziren bertze sorgin ehiza batzuk, berriz, pertsona jakin batzuen kontra egin zituzten: herrian gaizki ikusiak zirenak, arautik kanpo zirenak.

Aurizko sorgin ehiza aurretik gertatu zen, 1525ean, baina hura ez da hain ezaguna, ezta?

Ez, anitzez gutxiago ezagutzen dugu, ez zutelako dokumentatu. Auritzen gertatu zena jasotzen zuten agiriak Nafarroako Artxibo Nagusian zeuden, eta orain hasi dira informazio hori guztia ateratzen. Zugarramurdikoa ezagutzen dugu berehala argitaratu zutelako, Mongaston inprimatzaileak hasieratik publikatu zuelako gertatu zen guztia. Eta gero, ehun urte geroago, Leandro Fernandez de Moratin idazleak hartu zituen Mongastonen ohar guztiak eta berriz argitaratu zituen, baina umorea baliatuz eta ikuspuntu kritiko bat emanez Elizaren eta Inkisizioaren kontra. 1970-1980ko hamarkadan ere, Julio Caro Barojak eta Gustav Henningsenek eskura zuten dokumentazioa aprobetxatu zuten Zugarramurdiko ehizari berriz heltzeko. Gure herrian gertatu zena sorgin ehizaren ikur bilakatu da.

Zugarramurdin gertatu zenak zer ondorio izan zuen ondoko urteetan inguruan?

Frantziskotarrak aritu ziren pulpituetatik eta herriz herri sorginen kontrako mezuak zabaltzen, eta eragin zuten halako psikosi bat zabaltzea. Elizak berak dena isilpean gordetzea erabaki zuen arte. Eta isiltasun horrek iraun du orain arte. Laurehun urtez uste izan dugu gure aitzinekoak gaiztoak zirela.

Bada zor bat haiekin?

Bai, bada. Eta horretan ari gara, ikerketaren bidez zor hori kitatzen.

«Federiciri zor diogu sorgin ehizan gertatu guztia agerian utzi izana, bidegabekeria handi bat izan baitzen»

Feminismotik ere heldu zaio gaiari, sorginen inguruko mitoak bazter uzteko. Zer deritzozu egin den lanari?

Hagitz inportantea izan dela. Silvia Federicik egindako ekarpena nabarmentzekoa da, agerian utzi baitu Zugarramurdin eta bertze hainbat tokitan gertatu zena isilpean gorde izan dela; erakutsi digu Historia gizonen ikuspuntutik idatzi dutela, eta emakume anitzen istorioak bazter gelditu direla; hori aldatzeko garaia da. Etorri dira bertze hainbat emakume sorgin ehizaren izenean egin zutena ikertzera, eta konturatu gara sorgintzat hartutako emakumeei egindakoaz. Uste dut Federiciri zor diogula, neurri handi batean, hori guztia agerian utzi izana, bidegabekeria handi bat izan baitzen. Anitz ikertu da, eta oraindik bada zer ikasi.

Ikertzen segitzeko prest zara zu?

Zugarramurdin harrotzeko moduko zerbait izan da beti sorgina. Gertatu zen guztia jakin eta gero, are gehiago. 16 urte ingururekin, izebak sorgin ehizari buruzko liburu bat ekarri zidan, eta orduan ohartu nintzen garai hartan herritar anitzek izugarri sufritu zutela. Bada zer landu oraindik ere, eta gogoa ez dut falta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.