Memoria elkarteak, pozik baina legea noiz aplikatuko duten zain

xabier martin
2023ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Frankismoaren biktimen erreparazioaren aldeko inoizko legerik osoena da Eusko Legebiltzarrak onartu duena, memoria historikoaren alde aritzen diren euskal elkarteen arabera. Krimen frankisten aurkako euskal plataformako bozeramaile Josu Ibargutxik BERRIAri esan dio Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legea ez dela «ezeren bukaera, hasiera baizik», legea praktikan nola aplikatzen den ikusi nahi baitute haren ondorioak hobeto neurtzeko. Izan ere, Ibargutxik ez du ezkutatu «autonomikoa» dela legea, eta frankismoaren biktimen «oztopo handiena» Espainiako justizian datzala.

Dena den, Ibargutxik legearen «bertute nabarmenak» aipatu ditu, eta desobiratzeekin lotutako DNA bankua, ikerketa lana, biktimen erroldak, hezkuntza arloko kontakizunak eta legeak jasotzen dituen beste neurri batzuk azpimarratu. Gogoratu du, gainera, plataforman bildutako elkarteen bultzadaz atera dela legea aurrera, eta nabarmendu legeak babes handia izan duela Eusko Legebiltzarrean. «Borondate politikoarekin dauka lotura egin den urrats nagusiak, ganberako alderdi nagusi guztiek babestu baitute, ordezkarien %90 inguruk».

Edonola ere, «garaipen handia» da frankismoaren biktimen «duintasunaren alde» lanean ari diren elkarteentzat, «lege sendo bat» onartu delako. Baina Ibargutxik ez du baztertu «agian» aurrerago gehiago sendotu beharko dela; gogoratu du legeak jasotakoari jarraituz euskal erakundeek aholkularitza eta babesa eman beharko dutela, biktimak justiziaren aurrean babestuagoak egon daitezen. «Biktimek indar handiagoa izango dugu Espainiako justiziaren aurrean, duintasuna lortzeko eskatzen dugunean», esan du.

Beste fase bat zabaldu da orain, gaineratu duenez. Luze gabe Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo direla gogoratu du, eta, testuinguru horretan, plataformak ez du nahi legearen aplikazioa atzeratzerik. «Legea gaurtik dago indarrean, eta gaurtik aplikatzen dela ikusi nahi dugu». Aplikazio horren arabera, «helmuga» era batekoa edo bestekoa izango da, Ibargutxik jakinarazi duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.