Mendia. Oscar Cadiach i Puig. Alpinista

«14 zortzimilakoak igotakoan, bide berri bat zabaltzen saiatuko naiz»

Gasherbrum I, Broad Peak eta Kanchenjunga mendiak igotzea falta zaio Oscar Cadiach alpinista kataluniarrari 14 zortzimilakoak osatzeko; 7.000 eta 8.000 metroko bi mendi lotu nahi ditu proiektua biribiltzeko.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
2013ko martxoaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kataluniako alpinista indartsuenetariko bat da Oscar Cadiach (Bartzelona, 1952). Urte asko daramatza Himalayara espedizioak egiten, eta gaur egun, Himalayan Challenge 14+1 proiektuan dago murgilduta, buru-belarri. Donostian egon da egun batzuetan, K2 eta Everest mendietara egindako espedizioetan bizi izandakoa Euskal Herriko mendizaleei azaltzeko asmoz. Astearte eta asteazkenean Kutxa Andia aretoan eman zituen hitzaldietan, Felipe Uriarte lagunak egin zituen aurkezpenak. Cadiach alpinista nekaezina dela esan zuen Uriarte pasaitarrak, eta momentu zailenetan zentzuzko erabakiak hartzeko duen gaitasuna azpimarratu zuen.

Beste alpinistek egin ohi dituzten hitzaldi edo proiekzioekin alderatua, desberdinak dira zuk aurkezten dituzunak. Zer trasmititzen saiatzen zara?

Niri betidanik gustatu izan zait irudiaren eta argazkilaritzaren mundua; orduan, izan ditudan abenturen errealitatea ahalik eta modu argienean trasmititzen saiatzen naiz. Nik bertatik bertara bizi eta sentitutakoa ikusleek bizi eta senti dezaten ahalegintzen naiz, pantailaren bidez. Horretaz gain, oso garrantzitsua iruditzen zait nire abenturen oinarri izan diren pasarte historikoak azaltzea; horregatik egiten dut Himalayako alpinsimoaren historiako sinopsi txiki bat.

Everesten kasuan, sei aldiz izan dut igotzeko aukera, eta bi aurpegietatik oxigenorik gabe igotzen lehena izan nintzenez, mendiaren historia menderatzen dudala uste dut.

Himalayan Challenge 14+1 proiektuan zaude murgilduta gaur egun. Zer da abentura hori? Zein da helburua? Nola sortu zen ideia?

Alpinista izanik, beti duzu gailur garaienetara igotzeko nahia edo ametsa. Everest da zortzimilako mendietan garaiena, eta alpinista orok igo nahi dituen mendietako bat. Hori igo aurretik, ordea, beste zortzimilako batzuk egin nituen nik. Nire azken helburua Everesten bide berri bat zabaltzea da, betidanik izan dudan ametsa baita. Horretarako, ordea, diru laguntzak eta babesleak lortzea ezinbestekoa da, eta nire ametsa betetzeko egin behar dudan espedizioa oso garestia da. Horiek hala, iaz Annapurna, Daulaghiri eta K2 mendietara igotzea lortu nuen, eta 14 zortzimilakoak igotzen lehen kataluniarra izateko aukera handiena duen mendizalea naiz gaur egun. Egoeraz jabetuta, Himalayan Challenge 14+1 abenturan murgiltzeko aukera ikusi dut, eta 14 zortzimilakoak igotakoan, nire azken helburuari helduko diot, hau da, Everesteko bide berria zabaltzen saiatuko naiz.

Azken urtean igotako hiru zortzimilakoekin 11 igo dituzu jada. Proiektua osatzeko, hiru falta zaizkizu. Argi daukazu abentura biribilduko duzula edo beti daude zalantzak?

Zalantzak beti dauzkazu. Zalantzak, baina, ez dira neure buruarekikoak, horrelako abentura batek inguruan dauzkan gauza guztien ingurukoak baizik. Atzo, esaterako, nirekin Gasherbrum Iera etorri behar zuten kideek planeko aldaketa baten berri eman zidaten, eta, oraingoz, bakarrik gelditu naiz espedizio horretarako. Noski, ez naiz bakarrik joango. Beste espedizio batekin elkartu beharko dut, horrek dakarren guztiarekin.

Erabakita al dauzkazu falta zaizkizun zortzimilakoetara egingo dituzun espedizioen egunak? Guztietara bide arruntetik igotzeko asmoa daukazu?

Kanchenjungara joango naiz lehenik, martxoaren 14an, eta Broad Peak eta Gasherbrum Iera ondoren, baina oraindik ez daki zehazki zein egunetan. Printzipioz, bide arruntetatik igotzeko asmoa dut, baina ez dut beste asmorik baztertzen. Behin 14 zortzimilakoak igotakoan ekingo diot bide berri bat zabaltzeko asmoari; hori da azken helburua eta garrantzitsuena.

Hitzaldian, altuera handietara egokitzeko duzun gaitasunari egin diozu erreferentzia. Gaitasun hori genetikoa dela iruditzen zaizu, edo entrenamenduaren emaitza?

Eragina bi gauzek dutela esango nuke. Egin ditudan zortzimilakoetan nahiko gustura sentitu naiz, eta, printzipioz, iruditzen zait garaierarengatik ez nukeela huts egin behar. Espedizio askotan parte hartu dut, eta esperientziak erakutsi dit gaitasuna dudala altuerara egokitzeko. Noski, beti dago helburua ez betetzeko arriskua, askotan neure esku ez dauden arrazoiengatik izaten den arren.

60 urte dauzkazu. Prestatuta dauzkazun espedizioak azken aukera modura ikusten dituzu edo oraindik urte askotarako indarra duzula uste duzu?

2014a jarri diot neure buruari horrelako espedizioetan aritzeko azken urtea. Ez litzaidake gustatuko 70 urterekin maila honetako abenturetan ibiltzea. Oraindik aukerak badaudela iruditzen zait, baina ez nuke nahi abentura hau 2014tik aurrera luzatu. Beste mota bateko abenturak egin nahi nituzke.

Gehien markatu zaituen mendietako bat K2 da. Zer esan nahi du mendi horrek zuretzat?

Duela 35 urte K2 izeneko negozio bat sortu nuen. Mendien mendia da niretzat K2, piramide perfektua da, edonori mendi bat marrazteko eskatuz gero irudikatzen duena. 1988an izan nuen lehenengoz saiatzeko aukera; espedizio handi bat joan ginen, eta hiru hilabete izan ginen bertan. Azkenean, neumoniak jota itzuli behar izan nuen. 1990ean, berriro joateko baimenak lortu nituen, baina, arazo ekonomikoak zirela medio, ezin izan genuen espedizioa burutu. Hala ere, Himalayara joan nintzen eta Broad Peakeko beste gailur batetik K2 mendiaren Magic Line bidea ikuskatu nuen. Orduz geroztik, bide hori egiteko nahia sartu zitzaidan barru barruraino. Hamar urte beranduago, 2000. urtean, igotzen saiatzeko baimenak lortu eta 2002an abiatu ginen, Magic Line bidetik igotzen saiatzeko asmoz. Altuerara egokitzeko Gasherbrum Iera joatea erabaki genuen, eta bertan ginela, K2an zeuden espedizioak baldintza txarrengatik lanak bertan behera utzi zituztela jakin genuen; orduan, guk ere bertan behera utzi genuen igotzeko ekinaldia.

Hurrengo espedizioa izan zen benetan markatu zintuena.

2004an itzuli nintzen berriro ere Manuel de la Matta, Jordi Corominas eta Jordi Tossasekin batera. 8.300 metroko garaierara iritsi ginen orduan De la Matta, Corominas eta hirurok, baina, oraindik ez dakit zergatik, beherako bidea hartzea erabaki nuen orduan. Ordubetera, De la Mattak ere beherako bidea hartu zuen eta Corominas gailurrera igo eta beste aldetik beherako bidea hartu zuen. De la Matta eta ni Negrotto lepora iritsi ginenean, De la Matta ez zegoen ondo eta lehen kanpalekuan egin genuen lo. Hurrengo egunean, nire besoetan hil zen De la Matta, peritonitisak jota. 30 urtetan beti itzuli nintzen espedizioko kideekin etxera, ordura arte. Asko kostatu zitzaidan gertakari hori barneratzea. Azkenean, iaz lortu nuen gailurrera igotzea.

Iaz egindako hiru zortzimilakoen ondoren, inoiz baino indartsuago sentitzen al zara?

Ez, urteek ez dute barkatzen. Zortea nire aldeko egon da azkenurtean, eta oso maila onean nagoela uste dut. Triatloiak egiteko prestatzen ari ziren lagun batzuekin entrenatu nintzen, eta emaitzak primerakoak izan direla uste dut.

K2ra igo ostean,Broad Peak-era igotzeko asmoa atzera bota zenuen. Zergatik?

Lagun batzuk nituen bertan igotzeko asmoz, baina bertan behera utzi zuten ahalegina. Erabaki hori hartu ez balute, ziur asko joango nintzen. Hala ere, ez dakit erabaki egokiena izango zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.