Iazko azaroaren 1ean iragarri zuen BERRIAk Tolosaldeko Ultra Trail erronka jaiotzear zela. Konturatzerako joan dira hilabeteak: bihar izango da lasterketa. Tolosaldeko hainbat herri eta mendi lotuko ditu ultrak 77 kilometrotan. Iruratik abiatu eta Iruran bertan bukatu, 4.600 metroko goranzko desnibela gainditu beharko dute korrikalariek kilometro horietan. «Eskualdeari batasuna eta herri txikiei ikusgaitasuna ematea da probaren filosofia eta helburua; izan ere, zortzi herritatik eta 13 udal barrutitatik igarotzen da ibilbidea», azaldu du Alberto Rey antolakuntzako kideak. Horregatik, aurkezpenean nabarmendutako moduan, ultratxikien ultraerronka izan da probaren antolaketa bera ere.
Bihar 06:00etan abiatuko da lasterketa, Irurako plazan (Gipuzkoa), eta korrikalariek 21:00ak arte izango dute proba bukatzeko muga. Sari banaketa 19:30ean izango da, eta herriko ostatuak prestatutako afariarekin amaitu dute eguna. Eguneko kanpalekua edo ibilbidean zeharreko gune nagusia Alegia (Gipuzkoa) izango da. «Gainerako herriak bezala, Alegia ere buru-belarri aritu da lanean, eta datorren urtean handik abiatuko da lasterketa, asmoa baita urtero irteera eta helmuga hartuko dituen herria aldatzea», azaldu du Reyk.
Proba David Delgadoren oroimenezkoa izango da. Aspaldi Tolosaldean bizi den Alberto Rey almeriarraren entrenatzailea eta lagun mina zen Delgado, eta tarteka etortzen zen Tolosaldera, korrika egitera. «Inguru eder hau ezagututa, harrituta geratzen zen eskualdean nolatan ez geneukan ultrarik. Hala hasi ginen gaiari bueltaka», azaldu du Reyk. 2022ko otsailean, ordea, mendiko eskiekin Carros de Foc ibilbidea egiten ari zela, istripua izan eta hil egin zen Delgado. Hilabete batzuen buruan, haren omenez, «abentura ero honetan» sartzea erabaki zuten Reyk eta beste hainbat lagunek. Horrela sortu zen Ultra Trail Tolosaldea erronka (UTT erronka).
Guztira, 150 korrikalari lehiatuko dira bihar Tolosaldeko bide eta zidorretan, 100 ultran eta 50 erreleboetan. «Lehen aldia izateko, espero genuena gutxi gorabehera. Kontuan hartu behar dugu, gainera, Hernio inguru hori Babes Bereziko Eremua dela, eta 350 korrikalariren muga genuela berez», azaldu du Reyk. Euskal Herri osotik, Kataluniatik, Andaluziatik, Madrildik, Frantziatik, Italiatik... datoz lasterkariak. Gehienak gizonezkoak dira: 150 korrikalarietatik 22 baino ez dira emakumezkoak, eta gehienak erreleboetako proban lehiatuko dira.
«Eskualdeari batasuna eta herri txikiei ikusgaitasuna ematea da probaren filosofia eta helburua»
ALBERTO REY Antolakuntzako kidea
Antolatzaileek aurkezpenean jakinarazi zutenez, «ez da ultra oso teknikoa, korrika egitekoa da gehiago, baina oso-oso gorabeheratsua da, hankak txikitzen dituzten horietakoa; mendi batera igo, herri batera jaitsi... horrela etengabe». Profilak aho zorrotzeko zerraren trazua du, ez baitu batere atsedenik: Irura, Loatzo, Uzturre, Belabieta, Urdelar, San Lorentzo, Ipuliño, Berastegi, Elduain, Lagarte, Gaztelu, Lizartza, Muñobil, Altzo, Alegia, Iruntxur, Santutxu, Albiztur, Mendikute, Ubeltz, Herniozabal eta Irura.
Ultra distantziako Euskal Herriko Kopako laugarren eta azken proba izango da Tolosaldekoa. Gaurkoaren faltan, Ainara Arkarazo eta Jokin Garcia Garcia de Vicuña dira sailkapenaren buruan. «Egutegi horretan aritu diren korrikalari dezente datoz gurera ere, baina, oro har, aurten ez du jende askok izena eman Koparako, eta uste dut gehiago sustatu beharko litzatekeela», nabarmendu du Reyk.
Herri txikiei ikusgaitasuna emateaz gain, mendian ahalik eta inpaktu txikiena sortzea da lasterketaren beste helburuetako bat. Hori dela eta, Etiketa Berdea egitasmoarekin bat egin du Tolosaldea Ultra Trail erronkak. «Seinaleztapen biodegradagarria erabiliko dugu, plastikoa debekatuta dago, partaideen kopurua mugatua da...», azpimarratu du Reyk.
Ibilbidea igarotzen den lekuetako herriak auzolanean aritu dira lasterketa prestatzen, bideak garbitzen, anoa guneak atontzen, eta bihar ere hala ariko dira. «Herri bakoitzak bere inguruaren ardura hartu du. 30 anoa guneetatik zortzi herriak dira, eta, beraz, herri horietan guztietan bertako boluntarioak arduratuko dira beren inguruko puntuez. Oso eskertuta gaude».
Auzolan horri, herri txikien ikusgaitasunari, saretze horri, ingurumenarekiko begirune horri garrantzia ematen dio BERRIAk ere, eta, horregatik, hedabidea babesle izan da erronka honetan. Sarietako bat BERRIAk emango du bihar.