Hemen da berriro ere Euskal Herriko Pirinioetako mendiko eskiko proba nagusia: Bandres-Karolo Memoriala. Larunbat honetan izango da Antxon Bandres eta Carlos Imirizaldu Karolo mendiko eskiatzaileen oroimenez egiten den proba, Belagua inguruko mendietan. Euskal Herriko banakako txapelketa izango da aurten ere Memoriala, baita Euskal Herriko Kopako bigarren proba ere, aurreko urtarrilaren 24an Candanchun jokatu zen Causiat Extrem lasterketaren ondoren.
Aurten ere 200 eskiatzaile ariko dira lehian Lakhura mendiaren inguruetan. Ohi bezala, bi ibilbide izango dira: A ibilbidea, 16-18 km eta 1600-1800 metroko desnibelekoa gutxi gorabehera; eta B ibilbidea, 10-11 km eta 1000-1200 metro arteko desnibelekoa. Mendiaren eta elur baldintzen arabera, eta betiere partaideen segurtasuna zorrotz bermatzeko, probaren eguna gerturatu ahala zehaztuko dituzte ibilbideak antolatzaileek. Ostiral gaueko informazio saioan emango dituzte xehetasun guztiak, Izabako zineman, 19:00etan. Nolakoa izan daitekeen zantzua hartzeko, probaren webgunean daude orain artean egindakoak eta haien ibilbideak.
Goi mailako eskiatzaileen artean, aurten ikustekoa izango da Nahia Quincoces bizkaitarraren, Claudia Gutierrez asturiarraren eta Uxue Loizu nafarraren arteko lehia. Quincoces bigarren izan zen iaz, eta La Belle Etoile proba entzutetsuan parte hartu ostean dator, Marta Ribarekin bikotea osatuta. Gutierrez, berriz, Causiat Extrem proban gailendu zen, eta Uxue Loizu bigarren izan zen Candanchuko proba berean.

Gizonezkoetan, denboraldi ikusgarria osatzen ari dira Ander de Miguel eta Asier Labairu. Bi nafarrak izango dira hautagai nagusietakoak Memoriala irabazteko eta Euskal Herriko txapela janzteko, eta haiekin lehian ariko dira, besteak beste, Asier Alonso, Jon Ander Aranburu eta Loic Thevin.
Faboritoak eta lehia gorabehera, urtea joan eta urtea etorri probari leial zaizkion eskiatzaile asko eta asko Erronkarin elkartuko dira asteburuan; izan ere, Bandres-Karolo Memoriala mendiko eskiko proba huts bat baino zerbait gehiago da; topagune bat da, kirola eta lagunartea uztartzen dituen festa oso bat. Erronkariko hiriburuan biltzen dira urtero Euskal Herri osoko kirol honen zaleak, baita kanpoko beste hainbat eskiatzaile ere, eta giro ikaragarria sortzen da. Horrek egiten du berezi eta handi proba.
Arratsaldeko ekitaldia Izabako zineman
Goizeko lasterketaren ondoren, arratsaldean Izabako zineman jarraituko du egitarauak. Zineman bertan egingo da sari banaketa ekitaldia. Eta, ondoren, eguneko unerik berezienetako bat etorriko da: Bandres-Karolo saria. Beren denboran mendiko eskia sustatzeko lan egin duten pertsonei eta elkarteei aitortza egiten zaie sari horren bitartez. Aurten, Feliu Izard kataluniarrari emango zaio ohore hori.

Feliu Izard mendiko eskiaren zale amorratua da aspaldiko hamarkada hauetan, eta beti egon da kirol horri estu lotua. 1946an jaio zen, eta 12 urterekin jada mendian zebilen eskiatzen. Lehiaketetan ere nazioarteko epaile izan da, Pierra Menta lasterketa mitikoari oso loturik hainbat urtez. Lehiaketako egutegi eta sailkapenetako protagonista, mendiko eskiko GKEtzat hartzen dute askok. Ezagutzen dutenek, ordea, ondo dakite mendiko eskiaren aitabitxia dela.
Zinemako ekitaldia amaitzeko, Unai Jauregibeitiak zuzendu eta Digytal ekoiztetxeak ekoitzitako Tras la huella noruega dokumentala proiektatuko da. Joan den mendearen hasieran norvegiarren eskutik eskia Euskal Herrira iritsi zenetik gaurdaino kirol horren bilakaera erakusten du Jauregibeitiaren lanak. Dokumentala Bilboko Mendi Film jaialdian estreinatu zuten abenduan, eta Izabakoa izango da lehen emanaldietako bat. Behin zinemakoak bukatuta, bertso-poteoa izango da, eta jaiak Izabako kaleetan izango du jarraipena.
EGITARAUA
Otsailak 6, ostirala:
• 17:00 – 21:00 Dortsalen banaketa. (Izabako zinema).
• 19:00 Larunbateko probari buruzko hitzaldia. (Izabako zinema).
Otsailak 7, larunbata:
• 09:30 Probaren irteera. (Ordutegia ostiraleko informazio saioan zehaztuko da).
• 13:00 Antolakuntzak eskainitako otordu txikia.
• 17:30 – 19:30 Emanaldia Izabako zineman:
“TRAS LA HUELLA NORUEGA“ Zuzendaria: Unai Jauregibeitia Arias.
Bandres-Karolo sariaren banaketa. (Izabako zineman)
Bandres-Karolo 2026ko irabazleen sari banaketa. (Izabako zineman)
Ondoren, bertso-poteoa.