Iritsi dira lehen hegalariak Zell am See herriko helmugara (Austria). Amaitu da haientzat Red Bull X-Alps, eta bi izenburu jar dakizkioke aurtengo ekitaldi ikusgarriari: Aaron Durogati italiarrak irabazi duela, edota hamasei urtean lehen aldiz Christian Chrigel Maurer suitzarrak ez duela irabazterik lortu, orain arteko zortzi ekitaldietan bera izan baita garaile bakar eta nagusia.
Inoizko ikusgarriena izan da aurten aurreko hegalarien arteko lehia, oso bizia eta estua. Airez eta lurrez, orpoz orpo ibili dira Durogati bera, Lars Meerstetter suitzarra, Simon Oberrauner austriarra eta Chrigel Maurer suitzarra, orain bat aurretik, orain bestea. Durogati, birritan Munduko Kopako irabazle izandakoa, 2013tik zebilen proba irabazi nahian, nahi eta ezinean, baina azkenean gai izan da Maurer menderatzeko.
Atzo eguerdiko 13:00etan Durogati bera heldu zen lehena Lermoos-Tiroler Zugspitz Arenako 14. mugarrira, azken-aurrekora. Alabaina, handik segundo gutxira lurreratu ziren Maurer, Oberrauner eta Meerstetter. Ondoren, 1.000 metroko desnibela igo zuten laurek, eta Karwendel mendietan besteen aldean hautu desberdina egin zuen Durogatik: Innsbruckeko aireportuaren aire eremuaren iparraldetik hegan egitea hobetsi zuen, eta lerro zuzen bat marraztu zuen Zell am Seeko (Austria) helmugaraino. Beste hiru hegalariek, berriz, hegoaldetik hegan egitea erabaki zuten. Azken «mugimendu magiko horrek» eman zion garaipena Durogatiri bere esanetan, arratsalde erdirako 30 kilometroko aldea baitzuen aurkariekiko.
Hala, 20:01ean, pozez kabitu ezinik lurreratu zen Durogati Zell aintzira gaineko lurreratze eremutxo flotagarrian, helmugan. Erabat hunkiturik, hala esan zuen Durogatik: «Ezin dut hitzez adierazi nola sentitzen naizen. Azken hegaldia erokeria izan da». Lars Meerstetter izan zen bigarren, Simon Oberrauner hirugarren eta Christian Maurer laugarren —podiumetik kanpo geratu zen—. Maurerrek, txapeldun garaituak, hala aitortu zuen: «Aaron azkarregi zihoan».
Ulrich Grill lasterketaren sortzaileak eta antolatzaileak honela adierazi zuen: «Hau izan da Red Bull X-Alps probaren historiako finalik zirraragarriena! 2009tik lehen aldiz beste norbaitek irabazi du. Zorionak, Aaron Durogati, aurtengo ikuskizunagatik».
Iñiguez, ipar-ekialderantz, Les deux Alpsetik Ascona-Locanora bidean
Bien bitartean, Mattin Iñiguezek borroka betean jarraitzen du bere lehen partaidetzan. Oraintxe bertan, Les deux Alpseko 10. mugarritik Ascona-Locanoko 11. mugarrira bidean doa, eta 500 kilometro inguru geratzen zaizkio helmugarako. Euskal selekzioko hegalaria azken-aurreko lekuan dago oraintxe, Celine Lorenz alemaniarraren aurretik. Aurreko biak, Sebrand Warren holandarra eta Ondrej Prochazka txekiarra, dezente aldendu zaizkio.
Arazoak arazo, Iñiguezek bihotz-arima eusten dio abenturari, oso ekitaldi gogorra izaten ari baita: ekainaren 15ean Kirchbergetik (Austria) abiatu ziren 33 hegalarietatik bederatzik utzi egin behar izan dute, dela kaleratuak izan direlako, dela lesio edo istripuren bat izan dutelako, edo beste arrazoiren bat tarteko.
Larunbata oso ondo hasi zen: 9:00ak baino lehen aireratu zen Niesenetik eta aurretik zuen taldea harrapatu zuen, bezperan galdutako distantzia berreskuratuta. «Mont Blancera oso ondo ailegatu ginen, 14:00ak pasatxoan, baina ferrata bidea igo genuenerako haizea zakartu egin zen. Saiakera batzuk egin genituen; batean aireratzea lortu nuen, baina oso nahasi zebilen haizea, eta tolestu egin zitzaidan hegala. Ondorioz, oinez jarraitzea erabaki nuen». Arratsalde horretan, dezenteko abantaila atera zioten Warrenek eta Prochazkak.
Atzo, igandea, eguna oso ona zetorren, baina bezperan leku txarrean bukatu zuten aireratzeko. Hasieran, dezenteko aire eremu bat saihestu behar izan zuen hautatutako ibilbidean, baina eguzkiak horman ematen zuen eta ez zuen uzten eremu hori pasatzen. Ondorioz, lurrera joan zen Iñiguez. Eguerdira bitarte, 80 bat kilometro galdu zituzten besteekiko.

«Berez, kristoren eguna zegoen goian, baina hartutako lerroak ez zigun uzten sabairik hartzen, haizebetik joan behar genuelako. Bailarako haizeak harrapatuta, oso hegaldi gogorra izan da, oso teknikoa; haizearen kontra lau ordu eta erdi borrokan. Tarte horretan oso baxu ibili naiz hegan, haize denetan surfean Alpe d’Huezeraino, eta behin hara iritsita, lortu dut 3.500 metrora igotzea eta Les deux Alpeseko mugarrira iristea. Han sinatu, aireratu eta hortik aurrera bikain, haizea alde genuen eta. Altuera hartu dut, eta 25 eta 30 km/h-ko aldeko haizearekin mendebalderantz kilometrotxo batzuk aurreratu ahal izan ditugu», jakinarazi zuen Iñiguezek atzoko egunaren hondarrean.