RED BULL X-ALPS

Mattin Iñiguez: «Abenturan jarraitzen dugu»

Mont Blanceko bederatzigarren mugarrira bidean da euskal selekzioko parapentelaria, Red Bull X-Alps proban. Osteguna «egun aldrebesa» izan zuen, baina atzo lehia bizian ibili zen atzeko tropelean lehiakide dituenekin.

Iñiguez, Saint Moritzen (Suitza) lur hartzeko maniobran. SEBASTIAN MARKO / RED BULL
ramon olasagasti
2025eko ekainaren 21a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Asteazken arratsaldearen hondarrean Saint Moritz herrira (Suitza) heldu zen Mattin Iñiguez, Red Bull X-Alps proban, eta ostegunean, goizeko 7:15ean, handik abiatu zen euskal selekzioko parapentelaria. Eguna argitu orduko, Pitz Nair mendiaren tontorrera igo zen, 1.300 metro inguruko desnibela gaindituta. Zegamarra baino pixka bat lehenago aireratu zen Sebrand Warren holandarra gain beretik, eta haren atzetik hegaldatu zen Iñiguez, ipar-ekialdeko haizea lagun Disentiseko zazpigarren mugarrira bidean.

Hegan egiteko baldintza onak baina delikatuak izan zituzten ostegunean. Eta, halako batean, haizebeko eremu batean sartu zen Iñiguez, eta lurreratu beharrean izan zen. «Sartu behar ez nuen leku batean sartu naiz, eta, bailara oso haizetsu batetik ateratzea lortu badut ere, gero lurrera joan naiz. Berriro aireratzean, gainera, hegala gidatzeko harietako bat apurtu zait, eta alde batekin ezin nuen jiratu», jakinarazi zuen euskal selekzioko kideak egunaren amaieran. Elektronika ere bateriarik gabe geratu zitzaion, baina, arazoak arazo, azkenen ailegatu zen Disentisera.

 

Zazpigarren mugarrian sinatuta, ostegun arratsaldean aurrera jarraitzeko asmoa zuten, baina ipar haizeak hankaz gora jarri zien plangintza. «Irteteko baldintza txarrak zeuden, eta zalantza horretan denbora asko joan zitzaigun. Hegala konpontzen ere aritu ginen, eta irten nahi izan nuenerako iparrak oso indartsu jotzen zuen eta harrapatuta geratu ginen. Pena, arratsaldean beste lau ordu geratzen baitziren hegan egiteko», adierazi zuen. Osteguneko jardunaldi horretan penatuta zen Iñiguez, gehiago ezin izan zuelako aurreratu, baina lantalde osoaren adore bera erakutsi zuen amaieran: «abenturan jarraitzen dugu».

Eta ez da gutxi horretan jarraitzea. Istripuak, lesioak, kanporatzeak... arrazoi bat dela edo bestea dela, dagoeneko bost lagunek utzi dute Red Bull X-Alps, tartean Maxime Pinot munduko txapeldunak berak.

Lehia polita atzo

Ostegun iluntzean bertan, bibak bat egin zuten altueran, atzo goizean goiz goitik aireratzeko. Estimatu zuen Iñiguezek Aner Bueno eta Bittor Barqueroren laguntza kanpadenda eta bibakeko material guztia garraiatzen. Haiek iristerako, Iñiguez hoztua zen goian. Arroz azkar bat afaldu, eta zakura.

Atzo egunsentian, bibaketik beste 400 metro igo, eta goizean goiz aireratu zen Iñiguez. Pozik zen atzo zegamarra, bezperan erreka zulo batean hanka ur hotzetan eduki ondoren belauneko hantura jaitsi zitzaiolako eta minik gabe ibil zitekeelako.

Atzo lehia polita izan zen Mattin Iñiguezen, Sebrand Warren holandarraren eta Ondrej Prochazka txekiarraren artean. Beste biak askoz aurrerago ziren ostiral goizean, baina Nieseneko zortzigarren mugarrira bidean, bakoitzak bide batetik egin zuen hegan, eta nahiko parean heldu ziren Nieseneko turnpoint horretara, arratsalde hasieran. Ekaitzen artean ibili ziren atzo hegan.

Niesenen sinatu ondoren, beste biak azkarrago aireratu ziren, eta alde handi samarra aterata joan ziren, baina Iñiguezek, beste hegaldi on bat eginda, haien uberari jarraitu zion puska batean. Celine Lorenz alemaniarra ere –emakumezko partaide bakarra– atzera geratu zen atzo, eta gibeleko tropel horretako lehian sartu zen bera ere. Orain, Bei You txinatarra da azkena, eta, erretiratzen ez bada, bera izango da hurrengo kanporatua igandean.

Atzo, egunaren amaieran, jardunaldiaren laburpen hauxe helarazi zuen Iñiguezek BERRIAra: «Gaur hegaldi ona egin dugu, nahiko ondo egin dugu hegan eta atzo galdutako distantzia ia osoa berreskuratu dugu, nahiko gertu ditugu beste denak. Ekaitzak geldiarazi gaitu, ezin izan dugu aurrera jarraitu, baina leku onean gaude bihar [gaur] hegan irtetzeko. Ea ekaitza lehertu aurretik iristen garen Mont Blanceko ferrata bidera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.